Idazle erromantikoa edo idazle errealista, Jane Austen bietako zein zen gehiago, horri buruzko kontsentsu garbirik ez da erdietsi gaur egun oraindik ere. Haren obra literarioa ezkontzen eta ezkondu aurrekoen orbitan gertatzen zirenen eta ez zirenen bueltan josi zuela ezin uka, ordea. Baina besterik da horrek erromantizismoaren eta muturreko errealismoaren arteko ekuazioa ebazten ote duen. Bi pertsonaren arteko maitasunaren berrespen gisa bainoago, saihestu ezinezko patu gisara aurkeztu baitzuen ezkontza Austenek bere nobeletan. Batez ere nabarmenduta emakumeek hori izaten zutela, kasurik gehienetan, bizitzeko adina diru eta posizio sozial on bat erdiesteko bide bakarra. Dena dela, gizon ezkongaien eta andre ezkongabeen arteko erakarmen dudatiei, tentsioei eta harreman interesatuei —eta sarri desorekatuei— buruz aritzea ez zen, jakina, zorizko burutaldi bat izan idazlearentzat: bizi zuen garaiaz idazten zuen, nahiz eta horretarako fikzioa eta sarkasmoa baliatu. Eta Austenen idaztankeraren ironia karga handiaren froga da, hain zuzen, Harrotasuna eta aurrejuzguak haren obra sonatuenaren lehenbiziko esaldia. Ezkontzei buruzkoa hori ere. «Mundu zabalean aho batez onartutako egia da fortuna handiaren jabe den gizon ezkongai batek emaztearen bila ibili behar duela». Literatura ingelesaren esaldi ezagunenetarikotzat hartua da hori, noiz-eta idazlea jaio zenetik 250 urte beteko diren honetan ere. 1775eko abenduaren 16an jaio zen Jane Austen, eta haren obraren eta figuraren transzendentziak bizi-bizirik segitzen du oraindik.
Urteurren borobilak berriz ekarri du Austenen obra lehenbiziko lerrora. Horren erakusle dira, besteak beste, hari buruz aurten argitaratutako zenbait argitalpen: hala nola Devoney Looser ikerlariaren Wild for Austen: A Rebellious, Subversive, and Untamed Jane liburua. Idazle ingelesaren alderdi iraultzaile eta «subertsiboena» azaleratu asmo du lanak, izenburuak iragarri gisan. Izaera hori ere aitortua baitzaio Austeni, eta horregatik ere bada maitatua gaur egun, inoiz eznahiren bat edo beste ere eragin duen arren.
Ingelesezko literaturan mugarri dira Austenen eleberriak, baina, idazleak jaso duen aitortzari dagokionez, ahaztu ezinezkoa da datu hau: bizialdian argitaratzen zituen lanetan, Austenek ez zuen bere sinadurarik jartzen, eta litekeena da horrek ikusteko zuzena edukitzea gizartean, oro har, eta literatur sisteman, zehazki, emakumeei aitortzen zitzaien sinesgarritasun apalarekin. Edonola ere, Austenen kasuak badu beste berezitasun bat ere, «By a Lady» zioen ohar bat erantsi baitzion plazaratu zuen estreinako nobelan —Sense and Sensibility (1811)—, izen-abizenik azaleratu ez, baina autorearen sexua hasieratik agerian utzi nahiko balu bezala.
Anonimotasunari eusteko asmoz, Austenek ez zuen sinadurarik eransten bizialdian argitaratutako eleberrietan. Estreinako nobelan, ohar bat baizik ez zuen gehitu: «'By a Lady'»
Geroztik argitaratutakoetan, beste baliabide bat erabilita eutsi zion anonimotasunari: «By the author of Sense and Sensibility» zehaztapena eman zuen bigarren nobelaren hasieran. Eta, ordutik aitzinera, lan gehiago plazaratu zituen abiada berean puztu zuen autoretzari loturiko zerrenda hori ere. Ez luzaroan, ordea. Austenen sei eleberri luze daude osoki argitaratuta guztira, baina idazlea haietako lauren argitalpenaren lekuko baizik ez zen izan bizialdian. 1817an zendu zen, 41 urterekin, eta, heriotzaren ondotik, haren anaia Henry Thomas Austenek argitaratu zituen arrebak idatzita baina gordeta zituen beste bi eleberriak. Eta, horiek bai, idazlearen izen-abizenekin plazaratu zituzten. Egiletzari buruzko susmo ugari zegoen ordurako, baina horrek ezinbestean ekarri zuen baieztapena.
Irakurle zelako, idazle
Hauek dira Austenen sei nobela luzeak, argitara atera ziren dataren arabera ordenatuak: Sense and Sensibility (1811), Pride and Prejudice (1813), Mansfield Park (1814), Emma (1816), Northanger Abbey (1818) eta Persuasion (1818). Horiez gain, ezagun da haren Lady Susan eleberri epistolarra ere, zeina 1871n eman zuten argitara.
Euskaraz, bi lan leitu dakizkioke Austeni. Batetik, Pride and Prejudice eleberriaren euskarazko itzulpen Harrotasuna eta aurrejuzguak: Ana Isabel Moralesek eman zuen, 1996an eta Ibaizabal argitaletxearekin estreinakoz, eta 2013an eta Elkarrekin bigarrenez, edizio gaurkotu eta zuzendu batean. Bestalde, Moralesek berak Austenek bukatu gabe utzitako The Watson eleberria ere ekarri zuen euskarara 2015ean: Watsondarrak (Denonartean).
Hampshireko Steventon herrian jaio zen idazlea, Ingalaterran. Txiki-txikitatik izan zen irakurzalea —batik bat gurasoek transmititu zioten afizio hori—, eta ikasteko aukera ere izan zuen, familiaren maila sozioekonomikoari esker. Henry Fielding eta Samuel Richardson idazleen liburuak irakurri zituen gazte-gaztetan, eta haien zenbait lanen oihartzunak antzeman dituzte batzuek Austenen obra literarioan, preseski.
Hainbat eskolatan ikasi zuen, Cassandra ahizparekin batera —zortzi anai-arreba ziren guztira; guztiak gizonak, Jane eta Cassandra salbu—. Orobat, seguruenera, gizonen bizimoldeen kontrastean, garai hartan emakumeei inposatzen zitzaizkien mugek ikustekoa dute Jane Austen idazketan hain gazte trebatu izanarekin. Erdi mailako giro georgiar kultuan, emakumeek luze egon behar izaten zuten etxezuloan sartuta, askotariko debekuen ondorioz, eta horrek ezinbestean hurbiltzen zituen liburuetara, mugak muga.
Orekariak, funtsean
Batez ere jostetarako ekin zion literatura idazteari. Dibertitzeko eta familia entretenitzeko asmoz sortu zituen, besteak beste, nobela labur batzuk, antzezlanak eta fikziozko gutun ugari. Gainera, jakina da ahizpa Cassandrak eginiko marrazkiekin osatu ohi zituela idazkiak. Eta esanguratsua da detaile hori, hain zuzen ere Cassandrak marraztu zueneko zirriborro bat baita mendez mende Jane Austen fisikoki nolakoa zen imajinatzen lagundu duen pista bakarrenetarikoa. James Edward Austen-Leigh ilobak 1871n argitaratutako A Memoir of Jane Austen liburuaren argitalpenak zabaldu zuen irudia lau haizeetara, jatorrizko zirriborro horren interpretazio bat egin baitzuten haren azalerako.
Ezkontzen aipamenak eta haiei loturiko korapiloak gizarteari kritika egiteko aitzakiatzat hartu zituen Austenek neurri handi batean, kontraesanak azaleratzeko. Ironiaz egin zuen hori, emakumeen ikuspegia lehenetsiz betiere
Ezkontzaren gaia atergabe ekarri zuen literatur lanetara Austenek, baina bera ezkongabe hil zen azkenerako. Eta paradoxikoa irudi lezake, baina, egiazki, koherentzia antzeman liteke horretan bertan. Izan ere, ezkontzen aipamenak eta haiei loturiko korapiloak aitzakia izan baitzituen orduko gizarteari kritika egiteko, batik bat parodiaz eta ironiaz jantzirik, eta emakumeen ikuspegia lehenetsiz betiere.
Gizartearen «kontraesanak» nahi izan zituen bistaratu. Tesi hori nabarmendu zuen Ana Isabel Moralesek Harrotasuna eta aurrejuzguak liburuaren —1996ko bertsioaren— hitzaurrean. «Ezkontzaren gaia erabiliz, Austenek bere gizartearen kontraesan nagusi baten aurrean jartzen gintuen: alde batetik, onartua eta estimatua izateko estatusa eduki behar zen, eta, bestetik, ezkontzak —nola ez— maitasunagatik egin behar ziren, Ama Eliza Santuak eta literaturak agintzen zuten bezala. Arazoa zen burua (edo poltsikoa) eta bihotza (edo gogoa) gutxitan etortzen zirela bat».
Eta, hain zuzen, arrazoiaren eta sentimenduen artean erabakitzera behartuak izandako orekariz josi zuen bere obra idazleak.