Manex Agirrek jantzi du txapela

Arabako Bertsolari txapelketa irabazi du Aramaiokoak, eta hamasei puntu atera dizkio bigarrenari, Asier OtamendiriSaio polita egin dute sei finalistek Gasteizko Principal Antzokian

Edurne Begiristain.
Gasteiz
2011ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Aramaioarrak lortu du, azkenean. Arabako Bertsolari Txapelketen edizio guztietan finalista izandakoak, Manex Agirrek, jantzi du aurtengo txapela. Finalera heldu ziren sei bertsolariek txapela janzteko aukera zuten, baina faboritoen artean zegoen Manex Agirre bera, eta baita Oihane Perea eta Asier Otamendi ere, finalaurrekoetan bildutako puntuazioaren arabera. Azkenean,2008 eta 2009. urteetako bi irabazleak bigarren eta hirugarren sailkatu ziren. Bertsolari guztiek egin zuten saio dotorea, baina Agirrek eraman zuen Gasteizko Principal Antzokian egindako txalpelketaren sari nagusia.

Otamendi eta Agirre aritu ziren lehian azkeneko fasean, baina azkenean puntu gutxien aldearekin garaitu zen Aramaiokoa.Biek ala biek, hala ere, puntuazioan alde handia atera zieten gainerakoei: duela bi urteko irabazlea, Oihane Perea (joan den urtean ez zen txapelketa ospatu) hirugarren sailkatu zen,eta haren atzetik, laugarren Ander Solozabal gasteiztarra. Iñaki Viñasprerentzat bosgarren lekua, eta Zigor Enbeitarentzat, berriz, seigarrena. Aurkezle lanetan ibili zen Lierni Altunak irabazlearen izena esan zuenean, sinetsi ezinik zegoen Agirre. Alboan eserita zuen Pereak estubesarkatu zuen, eta txalo zaparrada artean zoriondu zuten bildutako ikusleek.

Arabako bertsolaritza sasoiko dagoela erakutsi zuten, atzo, beste behin ere, bertsozaleek. Lepo bete zen Gasteizko Principal Antzokia arratsaldeko 17:30etatik aurrera hasitako final zirraragarrian. Antolatzaileen arabera, 650 lagunek jarraitu zuten finala. Entzuleek bero hartu zituzten bertsolariak oholtzaratu orduko, eta txaloz eta animoz eskertu zituzten bertsolarien eginahalak. Bertsolari gazteenek jaso zituzten entzuleen animorik beroenak. Harmailetan Agirre, Viñaspre eta Solozabalen aldeko pankartak eskegi zituzten, eta txaranga baten doinuak ere girotu egin zuen antzokia

Umorea nagusi

Urtegia eraikiko duten herri bereko herritar biren arteko solasaldia, Japonian urte askoan bizi izandako euskaldunen itzulera, ileapaindegira astean bosgarren aldiz joandako bezeroa eta langilearen arteko elkarrizketa,edota lana dela etaordenagailua ohera eramateagatik bikotearen arteko haserrea. Askotariko gaiak izan zituzten lehendabiziko fasean, eta ederki moldatu ziren guztietan, urduritasunakatsak ere tateko. Hala ere, umorea izan zen nagusi saio guztian.

Zortziko handian, Perea eta Agirre, Japonian urte luzez bizi ondoren Euskal Herrira ekarriko dituen hegazkinean sartu berri diren euskaldunak dira. Fukushimako zentral nuklearraren hondamendia hizpide hartuta, Garoñako zentralaz aritu ziren biak ala biak.

Oihane Perea

Mundu guztia nuklearrik ez

esan nahian teorian

baina benetan ez ote gaude

han ta hemen minorian

hegazkinean igoko gara

ta beharbada glorian

ta herri oso bat utziko dugu

desagertzeko zorian!

Zortziko txikian, Agirrek etaOtamendik jendearen barreak eragin zituzten informatika irakaslearen eta ordenagailua lehen aldiz pizten duen65 urteko ikaslearen arteko solasaldiarekin. Honela kantatu zuen Otamendik.

Asier Otamendi

Nere windowsa dugu

windows bat aparta

dagoeneko eman dit

neri nahiko lata

baina hotza sentitu

dut nik e galanta

hemen lehio gehiegi

ireki dira ta!

Hamarreko txikian, algarak eta txalo zaparradak lortu zituztenSolozabalek eta Agirrek ere, bikoteak lana dela eta ordenagailua berriro ohera eraman duela hizpide izan zutenean.

Ander Solozabal

Bera gaueko errege

oheko barbaro

eta ni beti bere

nahi denen esklabo

baina CPUa erre

ta nahiko arraro

egia esan manex

oraintxe da klaro

sagua klikatzeaz

nazkatuta nago!

Banakako lanetan, bertso hunkigarriak bota zituzten denek. Perearenak lortu zuen txalorik beroenaj, errezidentziara aitonaren gauzak jasotzera joan den unea deskribatu zuenean.

Oihane Perea

Errezidentzira sartzeak

sortzen didan hotzikara

horrelaxe jo dut oraintxe

heriotzaren aldaba

zure ohe hutsa ikusi dut

hemen bertatik bertara

eta negarrez amildu naiz

ume txikien erara

amona joan zen ta gero

apurka itzali zara

eta bizitzen jarraitzeko

barruko indarra behar da

Bertso saio bikainaren ostean, Agirrek eta Otamendik eskuratu zuten azken faserako txartela. Kartzelako lanean,goizean ispilura begiratzean burua desberdin ikusi dutela azaldu zuten. Otamendik Fukushima izan zuen aipagai.

Asier Otamendi

Fukushimara bialdu ninduten

beste askoren modura

nahiz hasieran egin duda

erreaktoreak itzali beharra

zegoen gure eskura (ber)

hamaika egun lanean jardun

ta aldatu zait itxura

bizitzarekiko guda

martziano itxura hartzen ari naiz

halere ez dit ardura

duintasunakin beiratuko dut

berriz ere ispilura.

Agirre, berriz, 62 urte bete berri dituen gizonaren aurpegia izan zuen ahotan.

Manex Agirre

Nahiz eta tinta beltza isuri

nire ile apurrerako

adinak inoiz ez du barkatzen

jadanik egin dut planto

bizi indarra daukat oraindik

hori onartu beharko

soluzio bat topatu behar

ez sentitzeko hain txarto

ispilu hori mila zatitan

hautsita gelditu bapo

nire burua nahi dudan legez

ikusi nahi dudalako!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.