Manolo Kabezabolok emango dio hasiera Gernika-Lumoko Lekuek jaialdiari

Bihartik igandera bitarte, musikak, solasaldiek eta kaleko ekitaldiek beteko dute Gernika-Lumo. Bertan izango dira, besteak beste, Olaia Inziarte eta Nando Cruz kazetaria. 'Microfestivales y otros escenarios posibles' liburua aurkeztuko du bigarrenak.

Olaia Inziarte, iazko ekainean, Hernanin. JON URBE / FOKU
Olaia Inziarte, iazko ekainean, Hernanin. JON URBE / FOKU
Odile Bourguignon Goñi
2026ko martxoaren 24a
16:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Belarrietan betazalik ez izena du Gernika-Lumoko (Bizkaia) Lekuek jaialdiaren hamalaugarren edizioak, eta Manuel Mendez Lozano Manolo Kabezabolo— artista punk zaragozarraren dokumentalak emango dio hasiera bihar, Lizeo antzokian. Si todavia te kedan dientes es ke no estuviste ahí; halaxe izena du dokumentalak, eta, zuzendariak dioenez, helburua Manolo Kabezaboloren atzean dagoen horretan sakontzea izan da, «artista madarikatuaren» estereotipoetan erortzea saihestuta. 19:00etan proiektatuko dute, eta kontzertu akustikoa emango du gero musikariak. Dokumentalarekin hasi, eta domekara bitarte, musika, solasaldiak, tailerrak eta beste izango dira; bertan ariko dira, besteak beste, Olaia Inziarte, Mourn, Janus Lester, Guadalupe Plata eta Xiberoots taldeak. Festibalaren webgune ofizialean eskuragarri daude bai kontzertu solteetarako sarrerak, baita bonu bereziak ere.

Rocka, punka, reggaea, psikodelia, elektronika eta fusio garaikideak entzun ahal izango dira Gernika-Lumoko hamaika txokotan; izan ere, kontzertuak areto bakarrean bildu beharrean, han eta hemen arituko dira taldeak. Esaterako, Barrrk eta Caballo Muerte taldeak ariko dira Kult Parnasoan, barikuan. Malagar batek, bilbotar batek, laudioar batek eta orozkoar batek osatzen dute Barrrk taldea; post-punka lantzen dute, baina nabari zaie britainiar pop-rockaren eragina. Bestalde, Caballo Muertek post-punka, noise-punka eta dance-punka nahasten ditu. Baina ez dira bestelako estiloak faltako: Xiberoots talde mauletarrak reggaea plazaratuko du DJ Rudelari eta King Jelly taldeekin batera, zapatuan, Astran.

 

Pop estiloa Katiuskak taldearen eskutik etorriko da. Hirukote batek osatzen du taldea: Kortak, Garazik eta Txinik (baxua, teklatua eta bateria). Haien lehen kontzertua izango da Lekuek jaialdian egingo dutena, eta Janus Lester beratarra ere arituko da, barikuan, Astran. Bestalde, Gernika-Lumoko Iparragirre rock elkarteak hiru talde jasoko ditu bere oholtzan: Guadalupe Plata, Nestter Donuts eta Aposapo talde bermeotarra.

Musikaz harago

Publiko zabalarentzat osatutako egitaraua bihar jarriko dute martxan, baina musika kontzertuetarako ez ezik, gogoetarako tartea ere egingo dute antolatzaileek. Zapatuan Nando Cruz musika kazetariak Microfestivales y otros escenarios posibles liburua aurkeztuko du. Makrojaialdiei buruz idatzi zuen 2023an argitaratutako bere lehen liburuan —Macrofestivales. El agujero negro de la música— eta auzitan jarri zuen arlo ekonomiko eta sozialean makrojaialdiek duten eragina. Aldiz, azken liburuan bestelako jaialdiei buruz idatzi du; hain zuzen, Lekuek jaialdiaren antzera, autogestioan oinarritutakoei buruz. Aurkezpenean Koldo Otamendi Kojo izango du alboan; Iparragirre aretoan izango da, 12:30ean, eta Saguxarrek kontzertua emango du ondoren.

Baina aretoak betetzeaz gain, Gernika-Lumoko kaleak ere hartuko ditu jaialdiak. Astrak botako du txupinazoa eguenean, Pasileku plazan, 18:55ean, eta Segundo Olaeta banda sinfonikoa arduratuko da plaza girotzeaz. Tailerrak, swing dantza saio bat, kalejirak eta bestelako jarduerak ere izango dira datozen bost egunetan. Disko eta arte azokak beteko du domekan Pasileku plaza.

EGITARAUA

Martxoak 25:

 

Manolo Cabezaboloren dokumentala eta kontzertua. Lizeo antzokian, 19:00etan.

Martxoak 26:

 

Mourn. Iparragirre aretoan, 21:00etan.

 

Martxoak 27:

 

Astra txiki tailerra. Pasileku plazan, 17:30ean.

 

Gitarra tailerra. Astran, 18:30ean.

 

Gotzon Hermosillaren hitzaldia eta pintxada. Zarata Records, 19:00etan.

 

Olaia Inziarte. Lizeoan, 20:00etan.

 

Lua Matheus & Rodrigo Mota. Neguetxean, 20:00etan.

 

Vuelve Ferralla. Aterpe tabernan, 20:00etan.

 

DJ Latigo. Legoie tabernan, 20:00etan.

 

Barrrk eta Caballo Muerte. Kult Parnasoan, 21:00etan.

 

DJ Irrintzi. Irrintzi tabernan, 21:00etan.

 

Konpost. Zeppelin tabernan, 22:00etan.

 

Katiuskak, Janus Lester eta DJ Pelma & Luis. Astran, 22:30ean.

 

Martxoak 28:

 

Microfestivales liburu aurkezpena eta Saguxarren kontzertua. Iparragirren, 12:30ean.

 

Swing dantza taldea. San Juan Ibarratik hasita, 13:00etan.

 

Broken Brothers Brass Band. Haizea tabernatik hasita, 13:00etan.

 

Skanderani. Alai tabernan, 16:00etan.

 

Libera, Ttakun Kontrakultura eta Makabra kolektiboen ekitaldia eta DJ Tranpas. Liberan, 17:00etan.

 

Akeer. Gaztetxean, 18:00etan.

 

Kolpeka. Ipar tabernan, 19:00etan.

 

Aposapo, Nestter Donuts eta Guadalupe Plata. Iparragirren, 20:00etan.

 

DJ Rudelari, Xiberoots eta King Jelly. Astran, 22:30ean.

 

Martxoak 29:

 

Disko eta arte azoka. Pasileku plazan, 12:00etan.

 

T.A.P. Arrano elkartean, 13:00etan.

 

Taghufi. Pasileku plazan, 14:00etan.

 

Gaizka Insunza. Aterpen, 16:00etan.

 

Campamento Rumano, Sistema de Entretenimiento eta DJ Lekuok. Kult Parnasoan, 18:00etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!