Donostiako Piratak jai herrikoien aldeko eguna prestatzen ari dira, eta egutegia prestatzeko lanetan murgilduta egon arren, Manu Chao Zurriolako hondartzan ariko dela aurreratu dute. Webgunean argitaratutako mezu baten bitartez eman dute albistearen berri.
"Elkartasuna ardatz" izango duen jai egun "ahaztezina" antolatuko dutela baieztatu dute Piratek. "Erronka handia" dela diote, eta herritarren laguntza eskatu dute: "Ehunka pertsonaren bolondres lana beharko dugu. Gure helburua ez da ekonomikoa izango: dirua beharrean, erdigunean pertsonak jarriko dituen bizi eredu bat aldarrikatuko dugu".
Donostiako Udalari eta Juan Karlos Izagirre alkateari eskerrak eman dizkie Piratek: "Ekimen hau esku artean genuela lehen aldiz bildu ginenetik, erraztasun guztiak eta behar dugun laguntza eskaini dizkigute. Azpimarratu nahi dugu, eredugarria iruditzen zaigula Donostiako Udalak hartutako jarrera jai herrikoien aldeko mugimenduarekiko". Horrez gain, Fermin Muguruzari eta Manu Chaori berari ere eskerrak eman dizkiete.
[youtube]https://www.youtube.com/watch?v=aWgbPiRjoW8[/youtube]