Ezezez, Putas Amak eta DJ Feten taldeek kontzertua eman ondotik amaitu da Debako (Gipuzkoa) Animadeba jaialdiaren hemezortzigarren aldia. Maria Trigoren It Shouldn't Rain Tomorrow filma izan da garaile nagusia; epaimahaiak bereziki goraipatu du «pintzelkada sotil finez» eta «soinu zein irudi bidezko elementu minimoekin» bizitzaren azken etapan barneratu izana. Hau ere nabarmendu du epaimahaiak: «Arrastoa desagertu gabe uzten duten marrazki trazuek eguneroko ekintza bakoitzaren azken agurra iradokitzen dute». Libe Amas Moreno izan da gaualdiko garaileetako beste bat, haren Ikasle prekario baten amets frustratuak filmak euskarazko lan onenaren BERRIA saria eskuratu baitu. Zinemagilearen jarduteko modu «autentiko eta freskoa» nabarmendu ditu epaimahaiak.
Nan Tung Lin-en The Peel nagusitu da Zuzendari Berriak sailean. «Argumentuaren originaltasunagatik» eta «eguneroko esperientzia bat eraldatzeko duen gaitasunagatik» eman diote garaikurra, besteak beste. Grafismoak eta soinu bereziek «astinaldi emozional bat» ematen dutela ere nabarmendu dute.
Bestalde, Vinnie Ann Boseren Sulaimani filmak jaso du gidoirik onenaren saria. Epaimahaiak bereziki txalotu du «identitatearen eta integrazioaren arteko tentsioa» agerian jarri izana migrazioak sortzen dituen gatazken barruan.
Holy Heavêness filmak jaso du aipamen berezia: «Aita-haurtxo zaharraren metaforaren bidez erakutsitako samurtasun izugarriak hunkitu egin gaitu eta gupida piztu digu». Filmaren «gordintasun errealista» ere goraipatu du epaimahaiak. Calleen Koh-ren My Wonderful Life filmak ere eskuratu du aipamen berezi bat, eta haren «umore garratz eta korrosiboa» aipatu ditu epaimahaiak. Gidoiaren arloko aipamen berezia, berriz, Anna Solanas eta Marci Ribaren Mater Benefacta filmarentzat izan da.