Marjane Satrapi hil da, 'Persepolis' komikiaren egilea

Iranen sortu zen, baina batik bat Frantzian garatu zuen ibilbidea. Irudigilea eta zinemagilea izan zen, eta haren obra nagusia euskaraz ere irakurgai dago.

Marjane Satrapi, 2024an, Oviedon (Espainia). PACO PAREDES / EFE
Marjane Satrapi, 2024an, Oviedon (Espainia). PACO PAREDES / EFE
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
2026ko ekainaren 4a
11:56
Entzun 00:00:00 00:00:00

Persepolis komikiaren sortzaile izateagatik egin zen ezagun Marjane Satrapi irudigile eta zinemagilea (Raxt, Iran, 1969 - Paris, 2026). Oihartzun handia izan zuen zuri-beltzezko irudiz osatutako komiki autobiografiko hark, eta, hainbat hizkuntzatara itzultzeaz gainera, zinemarako ere egokitu zuten lana. Satrapi gaur hil da, 56 urte zituela, Frantzian, haren gertukoek jakinarazi dutenez.  

2000. urtean hasi zen Satrapi Persepolis idazten, eta lan erreferentzialtzat daukate askok. Irango Iraultza du hizpide, eta lehen pertsonan kontatu zuen, bere begietatik, hura bizi izan baitzuen artean haurra eta gaztea zela. Artistaren lan ezaguna hainbat hizkuntzatara itzuli dute; besteak beste, euskarara. Irene Arrarats BERRIAko euskara taldeko arduradunak euskaratu zuen lana, eta duela bi urte kaleratu zuten Elkar eta Reservoir Books argitaletxeek. Arraratsek orduan adierazi zuen «orri bakoitzean perlak» dituela liburuak, eta narratzeko modua goraipatu zion Satrapiri: «Xalo eta tolesik gabe kontatzen ditu gauzak. Bere burua biluzten du, ez du edertzen, ez du idealizatzen, eta begiak zabalik begiratzen du kanpora ere».

irakurri gehiago

Lau liburuki idatzi zituen Satrapik Persepolis multzoan. Edizio berrituak, baina, bakarrera ekarri zituen, eta Arrarats hain justu ale berrituan oinarritu da. Lehen zatian, bere haurtzaroaz mintzo da artista: askea hasieran, mugatua gero. Izan ere, zapia jartzera behartu zuten, eta horren ondorio guztiak jasan zituen. Bigarren atalean, berriz, Iranen eta Iraken arteko gerra da testuingurua, eta, besteak beste, torturaren, galeraren, maila guztietako bortizkeriaren, heriotzaren eta bonbardaketen lekuko da. Hirugarrenean, Vienako egonaldia kontatzen du, 14 urterekin hara bidali baitzuten gurasoek. Nerabeek izan ohi dituzten arazoak islatzen ditu bertan, bai eta erbestean bizitzeak dakarren guztia ere. Azken zatian, berriz, askatasunaren eta eskubide zibilen galera azalduko du.

2007an, zinemara eraman zuen lana Satrapik, animaziozko film bat egin baitzuen; Vincent Paronnaudekin batera zuzendu zuen, eta epaimahaiaren aitortza jaso zuen Cannesko zinema jaialdian, baita Oscar sarietarako izendapena lortu ere.

Horietaz gain, beste hainbat lan ere egin zituen, Broderies (2003) eta Poulet aux prunes (2004), besteak beste. Satrapiren beraren bizipenak daude oinarrian bi obretan. Lehenengoan, Irango emakumeen errealitatea azaleratu zuen, tearen orduan, bere amaren, amonaren, izeben eta lehengusuen arteko elkarrizketa baten bidez. Bigarrena, berriz, 1958an girotuta dago, eta Nasser Ali Khan da protagonista. Haren bizitzako azken zortzi egunak kontatu zituen.

Ahots aldarrikatzailea

Familia burges progresista batean jaio zen Satrapi. 10 urte zituela piztu zen iraultza Iranen, eta handik gutxira hasi ziren Iranen eta Iraken arteko gerraren lehen txinpartak ere. Hortaz, alaba babeste aldera, gurasoek Vienara bidali zuten, 14 urte besterik ez zuela. Handik Teheranera itzuli zen, Arte Ederrak ikastera, baina segituan mugitu zen Frantziara; han egin ditu hil arteko urte guztiak.

Zinemagilea, margolaria eta komikigilea izan zen, eta giza eskubideen eta emakumeen aldeko borrokan ahotsik garrantzitsuenetako bat ere izan zen harena. Aipatutako lanez gain, Femme, Vie, Liberté komikia ere (2023) egin zuen, beste hainbat artistarekin batera. Mahsa Amini gaztearen kasua dago oinarrian, 2022koa: hijaba oker jantzita zeraman 22 urteko gazteak, eta Poliziak torturatu eta erail egin zuen, Teheranen. Hilketa hori mugarri bat izan zen, eta inspirazio iturri Satrapirentzat, azaldu zuenez: «Mahsa Amini betiko izango da askatasunaren aldeko borrokaren ikur nagusia». Komikiaren azalean emakumeak gizonen alboan agertzen dira, belorik gabe; izan ere, ilustratzaileak adierazi nahi zuen mugimendua gizonek ere babesten zutela, «emakumeen eskubideak gizartearen eskubideak baitira». 

Femme, Vie, Liberté komikian soilik ez, Satrapiren beste hainbat lanetan ere beloa protagonista da, eta argi zuen elementu hark zer adierazi nahi zuen: «Emakumearen sumisioaren sinboloa da beloa, eta zera esan nahi du: 'Objektu sexual bat naiz, eta burua estali beharra daukat; bestela, gizonak erekzio bat izango du'. 6 urterekin janzten dute zapia lehen aldiz, adin horrekin jada gizona kitzikatu baitezakezu». Horregatik, zapia kentzearen alde egiten zuen, eta garrantzitsua zen harentzat gainontzeko emakumeek ere hala egitea.

Iritziak iritzi, Frantzian igaro zituen urteetan beste errealitate bat ikusi zuen sortzaileak: emakume musulmanen artean ugaritu egin da zapiaren erabilera, eta horri kontra egiten diote herritar askok, errepublikaren balioei irain egiten diela argudiatuz. Hori guztia zela eta, Satrapik argi zuen: «Gorroto dut beloa, baina nik gorroto dudana baino garrantzitsuagoak dira giza eskubideak, eta eskubideak dio jendeak nahi duen erlijioa praktikatu dezakeela, bai eta nahi bezala jantzi ere. Hortaz, borrokatu egingo naiz emakume horiek beloa eramateko eskubidea izan dezaten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA