Aspaldian joan ziren garaietako une eta gune batean (1985ean, Cannesen) Robert Altman handiak Sam Shepardek idatzi eta (Kim Basingerren konpainian) antzeztutako Fool for Love filma aurkeztu zuen mukuru zen areto batean.
XX. mendeko azken aldi haietan bideoak zinema akabatuko zuela ematen zuen, eta bideoklubak genituen gero pantailaren erregeak izango ziren askoren sehaska, inkubagailu eta eskola. Adi eta erne ziren ekoiztetxeak, jakin bazekitelako esku artean zituzten pelikulek ibilaldi luzeagoa izango zutela VHS edo BETA zintetan, zinema saloietan baino.
Arazo bat zegoen, baina. Orain bezala, zure etxe ondoko areto korriente bateko pantailaren neurriak eta zure etxe barrukoenak ez ziren berdinak. Eta ez bakarrik neurriak; formatua ere ez. Ezta ikuslearen jarrera ere. Modu berri horietara egokitzea ezinbestekoa zen. Moldatu ala hil. Besterik ez zegoen.
Sam eta Kim aldean zituela, Mash, Nashville eta Kansas City bezalako maisulanen autoreak zera aitortu zuen, hor geunden hamaika sor eta lor utzita, Fool for Love lan noblea antzerkitik zeluloidera pasatzerakoan bideoak ezarritako baldintzak kontuan hartu zituela berak; planoak, konposizioa, muntaketa erabakitzerakoan beti izan zituen buruan etxeko telebistaren eta magnetoskopioaren tamaina.
Garbizaleak ginen gazte aro hartan gutako batzuk, eta ezin onartu. Guretzat Altmanek traizioa egin zion zinemari. Are, traizioa egin eta… aitortu.
Denboraren, Bizitzaren eta Eskarmentuen poderioz, zikindu zaigu (eskerrak) gure garbikeria hura, eta, egia esatearren, zinema kontuetan lerro gorri ia guztiei eman diegu ameto. Zeluloidea lapurtu ziguten aspaldian, esaterako, eta, 70, 35, 16 edo 8 milimetroekiko beti amodioan eta nostalgian, digitalera ohitu gara, malko asko isuri gabe.
Alta, noizean behin alegrantziak besarkatzen gaitu. Adibide garbia jarriko dizuet: parekorik, igualik, berdinik ez duen Kathryn Bigelowek (oraintxe omendu dute Donostiako Tabakaleran, ausart batzuen irudiko Blade Runner bera baino askoz hobea den Strange Days berea programatuz) A House of Dynamite thriller nuklearra eman zuen ezagutzera Venezian. Netflix plataformak ekoitzia da lana, etabai Blue Steal, Near Dark, Detroit, Point Break, Zero Dark Thirty, The Hurt Locker lanen egile primerakoak, bai haren zale/adoratzaile amorratuak garenok bagenekien egun gutxi emango zuela pelikulak aretoetan; segituan pasatuko zen, erremediorik gabe, gure etxeetako egongeletara. Izan ere, hor duzue, plataforman, aukeran. Botoia sakatu edo urrutiko aginteari eman, eta listo.

Hori guztia jakinda ere, Kathryn Bigelow ez da makurtu egungo gailu, aplikazio edo ikusteko moduen aurrean. Pelikula irudikatu, konposatu, editatu eta osatu du benetako zinema pieza balitz bezala. Gero gerokoak, baina berak zinema egiteko duen modu nerbioso, bizkor eta basari eutsi dio, fier. Ez gaude hemen inor epaitzeko, baina harro gaude Kathrynen ausardiaz, egon badaude-eta beste maisu berdingabeak horren balent jokatu ez dutenak. Muga askoz gaindi dagoen bat aipatzeagatik: Martin Scorsese.
Onartu zituen The Irishman eta The Killers of the Flower Moon-en egileak ikusteko era berriek exijitutako baldintza guztiak, behin baino gehiagotan eman baitiote plataformek dirua… bere proiektuak aurrera atera ahal izateko. Dirua eta zabaltzeko gunea. Ez, ez dugu inolaz ere Martin jujatuko. Bai, ordea, Kathrynen alabantzetan jarraitu.
Estatu Batuetako Pentagonoa 'A House of Dynamite'-k kontatzen duenaren kontra agertu da amorru osoz. Ez omen zaio gustatu Bigelowek eta Noah Openheimer gidoigileak kontatzen dutena
Estatu Batuetako Pentagonoa A House of Dynamite-k kontatzen duenaren kontra agertu da amorru osoz. Ez omen zaio gustatu Bigelowek eta Noah Openheimer gidoigileak kontatzen dutena. Hau ez da Stanley Kubricken Dr. Strangelove, or How I Learned to Stop Worrying and Love the Bomb esne beltzez bustitako komedia ozpindu egundoko hura. Aldatu dira, zaizkigu, ditugu, dizkigute garaiak, eta egun bonba nuklearra zeinek jaurti duen ere ez dakigu. Egun, nahiz eta, antza potentzia handiek bonba hori deuseztatzeko bitartekoak eduki, inork ez du asmatzen Chicago aldera doan misila geldiarazten….
Ez, ez zaio gustatu Pentagonoari. Pozten gara. Guri bai. Ez bakarrik planteamendua. Baita narrazioa ere. Hamazortzi minutu barru Chicago hiria suntsituko da. Ez, ez da film apokaliptikoa. Segurtasun handiko gela eta aretoetan gaude, inora eramaten ez gaituzten erabakiak hartzen (edo), planeta osoa islatzen duten pantailetara begira…. Betikoa dirudiela? Baliteke, baina ez ahaztu agintean nor dagoen… Kathryn Bigelow andre txit gorena, zeinak denbora(k), konposizioa, narrazioa menderatzen baititu. Pelikula plataforman dago, bai, baina datorren asteartean, hilaren 25ean, pantaila handian emango du, Errenterian, Ozzinema izeneko elkarte kortsarioak.