«Gauzak izan ziren bezalakoak izan ziren, baina egia da beste era batekoak izan zitezkeela... nola imajinatzen duzu? Nola kontatuko zenuke bost hamarkada geroago?». Galdera horiei tiraka, Martxoak 3 elkarteak literatura lehiaketa antolatu du, 1976ko Martxoak 3. M3moria lerroak izenburupean. Izan ere, datorren urtean 50 urte beteko dira Polizia Armatua Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan batzarra egiten ari ziren langileen aurka oldartu eta bost lagun hil eta ehundik gora zauritu zituenetik, eta urteurren borobil hori oroitzeko antolatu dute literatura lehiaketa.
Helburua da martxoaren 3ko sarraskia eta haren testuingurua literatura sorkuntzatik herritarrei hurbiltzea, eta kontakizun literarioaren bidez herritarren parte hartzea sustatzea. «Imajinatzea boterea da; beste mundu posible batzuk irudikatzeko gaitasuna galtzen badugu, nekez aldatuko dugu bizi duguna», azpimarratu dute antolatzaileek.
Euskarazko eta gaztelerazko idatziak aurkeztu ahalko dira lehiaketara. Kontakizunek bost eta hamar orrialde bitartekoak izan beharko dute, eta gehienez bi lan aurkeztu ahalko dira, hizkuntza bakoitzeko bat. 16 urtetik gorako edonork parte hartu ahal izango du, eta lan guztiek originalak eta argitaratu gabeak izan behar dute.
Bi epaimahai izango dira: euskaraz aurkeztutako lanen epaimahaia Katixa Agirrek, Iban Zalduak eta Aitor Oñatek osatuko dute, eta gaztelerazkoa, Bernardo Atxagak, Amparo Lasherasek eta Juan Ibarrondok. Mila euroko saria jasoko dute kategoria bakoitzeko irabazleek, eta saritutako lanez gain, epaimahaiak beste bi lan aukeratuko ditu ―bi euskaraz eta bi gazteleraz―. Horrela, baloraziorik onena jasotzen duten sei testuak liburu batean argitaratuko dituzte, zenbait idazlek idatzitako kontakizunekin batera. Lanak 2026ko urtarrilaren 31ra arte aurkeztu ahalko dira.