Marwa Arsaniosek emakumeen erresistentzia komunitarioa bistaratu du Artium museoan

Lurraren jabetzari, erabilerari eta zaintzari buruzko hausnarketa estetiko eta politikoa egin du artistak 'Lurrak ez du jaberik izango' erakusketan. Emakumeek egitura patriarkalei aurre egiteko abiatutako antolaketa eta autodefentsa moduak azaleratu ditu.

Marwa Arsanios artista Artiumeko erakusketan. RAUL BOGAJO / FOKU
Marwa Arsanios artista Artiumeko erakusketan. RAUL BOGAJO / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2025eko azaroaren 7a
15:01
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lurrak ez du jaberik izango. Esaldi sinple bezain erradikal hori da Marwa Arsanios artistak (Washington, AEB, 1978) Gasteizko Artium museoan ikusgai jarri duen erakusketaren abiapuntua eta izenburua. Emakumeek osatutako mundu osoko komunitateen esperientziak ardatz hartuta, lurraren jabetzari, erabilerari eta zaintzari buruzko hausnarketa estetiko eta politiko sakona egin du bilduman. Arsaniosek Euskal Herrian egin duen bakarkako lehen erakusketa da, eta apirilaren 12ra arte egongo da ikusgai. Agustin Perez Rubio aritu da komisario lanetan.

Erakusketaren muina Who Is Afraid of Ideology? ikus-entzunezko saila da. Kurdistanen (Irakeko eta Siriako aldeetan), Kolonbian eta Libanon lurra nola ustiatzen eta berreskuratzen ari diren ikertu du artistak, eta emakumeek egitura patriarkalei aurre egiteko martxan jarritako antolaketa eta autodefentsarako moduak bistarazi ditu. Emaitza museoaren A1 aretoan ikus daiteke: erretratu kolektibo bat da, non ikuspegi ekologikoak, feministak, indigenak eta dekolonialak bat egiten duten praktika berriei itxura emateko. «Lan guztiak Arsaniosen konpromiso politiko eta sozialak zeharkatuta daude», Rubiok azpimarratu duenez.

Arsaniosentzat, lurra ez da baliabide ekonomiko bat, ezta jabetza pribatuaren objektu bat ere, «harreman sare baten parte» bat baizik. Horrela, haren lanek usership edo erabiltzeko eskubidea proposatzen dute ownership edo jabetzaren ordez: «Lurra jabetzan eduki ordez, harekin bizitzea eta elkar zaintzea proposatzen du».

Bideo instalazioak eta artisautza

Bost kapituluk osatutako instalazio multzo bat ikus daiteke Artiumen. Bideo instalazioek ez diote ordena kronologiko bati jarraitzen, baina pieza guztiak elkar lotuta daude sormen prozesuetan egindako marrazkien, ehunezko eskulturen, brodatuen eta kartelen bitartez. Izan ere, Arsaniosentzat, ehungintza eta artisautza ez dira lan apaingarriak, baizik eta «erresistentzia eta zaintza praktikak».

Mugimenduaren, pasabidearen eta lurraren erabileraren inguruko pentsamendu berri batera eraman nahi du Arsaniosek ikuslea. Hala, Irakeko Kurdistango eskualde menditsuan lanean ari den Emakume Kurduen Mugimenduaren eguneroko esperientziak ikus daitezke Who is Afraid of Ideology bideo instalazioaren lehen zatian, eta Siriako Kurdistango Jinwar herrian emakumeek sortutako komunitate baten ohiturak, berriz, bigarrenean. Pijao de Tolimako (Kolonbia) hazi-zaindariek izan dituzten esperientzia traumatikoen eta erresistentzia estrategien zikloa biltzen du hirugarren atalak, Micro Resistencias izenekoak. Reverse Shot laugarren piezak, berriz, artistak eta herritar talde batek laborantzako lur bat erkidegoarentzat berreskuratu zuteneko ekintza erakusten du. 

Marwa Arsaniosen erakusketa
Right of Passage bideo instalazioaren irudi bat. MARWA ARSANIOS

Zikloa osatzen duen bosgarren eta, oraingoz, azken kapitulua da Right of Passage; Artium museoarekin eta Sandretto Re Rebaundengo eta Joan Miro fundazioekin elkarlanean ondutako bideo instalazioa da. Animaliek sail pribatuak zeharkatzeko eskubidea izatearen gaineko azterketa bat da, indarkeria kolonialaren estrategiatik begiratuta. Artistak animalien mugimenduen eta ez-jabetzearen ideiaren inguruko narrazio bisuala sortu du, irudi dokumentalak, animazioa eta soinu paisaia esperimentalak konbinatuta.

Proiektua abiatu zuenean, Gazaren inbasioa eta Libano hegoaldeko bonbardaketak hasi ziren, eta Arsaniosek «birpentsatu» egin behar izan zuen proiektua. Kokapenak ez ezik, salatu nahi zuen gaia ere aldatu zuen: animalien eskubideak zeuden tokian, «animalizazioa eta deshumanizazioa» jarri zituen erdigunean. Horretarako, fikziozko pertsonaia bat sortu zuen: giza arratoi bat. «Fikzioak ate bat zabal dezake beste zerbaitetara, irtenbide bat izan daiteke, eta bestelako etorkizun bat irudikatzeko aukera eman dezake bizi garen mundu genozida ez bezalako mundu bat pentsatzeko».

BERTSO SAIO BAT ERAKUSKETAREN BUELTAN

Artiumek erakusketaren inguruko hainbat jarduera antolatu ditu biharko. Alde batetik, 12:00etan bertsio saio bat egingo dute Plaza aretoan, Consonni argitaletxearekin elkarlanean. Saioa Zirriborroak eta gero argitalpenean oinarrituko da, etorkizun utopikoei eta alternatiba sozialei buruz hausnartuz; besteak beste, Katixa Agirre, Harkaitz Cano eta Belen Gopeguiren kontakizun laburrak oinarri. Uxue Alberdi, Unai Iturriaga eta Sustrai Colina bertsolariek parte hartuko dute saioan. 

Bestetik, 19:00etan, Marwa Arsaniosek hitzaldi bat emango du Donostian, Euskadiko Arkitektura Institutuan, Mugak arkitekturako biurtekoaren esparruan. Who is Afraid of Ideology? proiektuaren bidez ezagututako lurraren komunalizazio estrategiak izango ditu hizpide.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.