Maskaradekin, hirugarren zubia

Atharratze-Sorholüze eta Aloze-Ziboze-Onizegaineko bizizaleek paratu dituzte aurtengo maskaradak

ALLANDE SOKARROS ATHARRATZE / ALOZE
2008ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Bi zubik elkarri lotzen dituzte Ühaitzandia erreka nagusiaren bi aldeetan alboz albo kokatuak dauden Atharratze-Sorholüze eta Aloze-Ziboze-Onizegaineko udalerriak. Bi udalerritan bildutako bost herri hauek, baina, hirugarren zubi bat izango dute hemendik aurrera, Zuberoan zehar ibiliko diren aurtengo maskaradak elkarrekin paratu baitituzte. Atharratze-Sorholüzek eta inguruko herri batzuek maskaradak agertu zituzten azkenik 2000. urtean. Alozek, bere aldetik, 1970eko hamarkadan azken aldian eman zituen.

Guztira 30 bat gazte ariko dira maskarada hauetako gorrietan zein beltzerian. Kargu handienak jokatuko dituztenak aipatzearren, Ddiddue Arhantzet atharraztarra izango da Kabana handia eta sortzez Gamere-Zihigakoa den Mathieu Tauzin, aldiz, buhame jauna. Bi pertsonaia hauek dituzte jendaurrean perediküak aldarrikatzen, egia esan zuberotarrek soilik ulertzeko modukoak direnak. Pitxu beltzeriako broma egile nagusia jokatuko duenak izen ezaguna darama, Onizegainean bizi den Niko Etxart kantariaren seme Txomin Etxarti tokatu baitzaio kargu hau.



NIKO ETXART AZKEN KANTORE EGILE. Alabaina, Niko Etxartek berak ere esku-hartzerik izango du maskarada hauetan, arratsaldeko agerrialdiaren amaieran ematen den azken kantorea berak baitu hitzez eta doinuz beztitu. Jaunaren ezpata zorrozten eta maskaradetako ikusgarri zatien artean bertsoak abesten dituzten xorrotxak berriz mutiko-neska bikote bat izango dira, hots Alozeko Aña Bidalun eta Xabi Intzagarai. Maule-Lextarrek iaz eman zituen maskaradetan xorrotxak bi neska izatea gutxitan gertatu bada, neska-mutil bikotea egotea ia inoiz izan denik ez da entzuterik baina.

Xorrotxak hizpide ditugula beti ere, hauen bertso eta abestien doinuak Vincent Godemenen belarrifinaren emaitza badira,hitzak, berriz, Domino Haztoiren eskutik datozkigu. Azken honek ditu, halaber, kantariak eskolatu, dantzarien trebatze lanetan jardun duelarik, aldiz, Joimo Arhantzetek. Xorrotxak aipatzean ere, Jauna ezin saihestu, kargu honetan dotore ariko delarik Jean-Philippe Pribat. Anderea, haatik, ez du aldi oro berdina izango... Maylis Errezaret eta Maddi Bidalun aldizkatuko baitira kargu horretan.



ZUBEROAN ZEHAR, 15 JELKALDI. Maskaradazaleek aukera nahikoa izango dute Zuberoako ihauteria bereziaren agerraldirik ikusteko aurten. Izan ere, herrien gonbitari erantzunda, 15 jelkaldi egingo dituzte Atharratze eta Alozeko maskaradek, zehazki, bederatzi Pettarrean edo Arbailletan eta sei Basabürüan. Ateraldi hauek hasiko dituzte urtarrila honen 13an eta amaituko apirilaren 27an.

Lehendabiziko jelkaldiak ohiturari eutsiko dio, zeren eta maskaraden egile den herrietatik batean-Atharratze-Sorholüzen- gertatuko baita, etzi zortzi, urtarrilaren 13an. Azken agerraldia, baina, ohizkanpokoa izango da, ez baita Aloze-Ziboze-Onizegainen egingo, bai ordea Santa Grazin. Honek ez du garrantzi soberarik, zeren, aspaldi baita maskaraden beste ohitura bat ez dela betetzen, hau da, ihauteria garaian soilik egitea.

Betikoa da, aldiz, maskaradenjokaldi bat. Goizean, 10.00etatik hasita, Barrikada hausteak egiten dira. Maskaradei harrera egiten dieten herri bateko horrenbeste lekutan maskaradakariek dantza-jauziak behar dituzte eman, oztopo hau gainditzeko baimena lortzearren. Gaur egun, barrikada hauek dira edariak eta kauserak zein bestelako pastelak jarrita dauden mahain batzuk. Lehenago, ordea, benetako barrikadak egiten ziren eta honetatik dator izen honen esanahia.

Ordubete eta erdi, bi ordu inguru irauten duen maskaraden agerraldi nagusia bera, aldiz, arratsaldeko 15:30-16:00etatik harat egin ohi da, kanpoaldean eta herriko plazan. Maskaradak ondo ezagutzen ez dituzten askok ez dute hasieran ulertzen zergatik hutsik geratzen diren sarritan aitzinaldeko jarlekuak. Kauteren eta buhamen aldrebeskeriak ikusi eta gero ohartzen dira ordea zertarako...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.