Musika

'Master of Puppets': berrogei urtez txotxongilo hariei lotuta

Martxoan, berrogei urte bete dira Metallica taldeak ‘Master of Puppets’ diskoa argitaratu zuenetik. Mugarri izan zen lan hori, taldearen eboluzioan eta metal musikaren bilakaeran.

Metallica, 1986. urtean. Ezkerretik eskuinera, Lars Ulrich, James Hetfield, Kirk Hammett eta Cliff Burton. BERRIA
Metallica, 1986. urtean. Ezkerretik eskuinera, Lars Ulrich, James Hetfield, Kirk Hammett eta Cliff Burton. BERRIA
Ion Orzaiz.
2026ko martxoaren 29a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Marmol zuriko dozenaka gurutze, ortzi muga gorrixkaraino hedatzen den zelai batean. Kanoien bazkatarako erabili dituzten soldaduen hilarriak ilara luzetan ordenatuak, neutroak eta inpertsonalak, aspaldi inork moztu gabeko belarren artean. Hari finekin lotuta daude gurutzeak; eta zeruan, bi esku, hariei tiraka. Txotxongilolariaren eskuak dira, hil ostean ere soldaduen bizitzak maneiatzen, txotxongiloak balira bezala.

Sortu zenetik berrogei urtera, aktualitate erabatekoa du Master of Puppets diskoaren azal ikonikoak, Metallicaren hirugarren lan horren izaera atenporalaren erakusle. Martxoan egin ditu urteak askorentzat metalaren katedral handiena —edo handienetako bat— denak, eta efemerideak balio izan du frogatzeko, batetik, maisulan horrek ez duela freskotasunik galdu; eta, bestetik, azal hura inspiratu zuen egoera geopolitikoa ez dela askorik aldatu.

Metallicaren ikuspegitik, mugarria izan zen Master of Puppets. Mugarria eboluzio musikalaren bidean, baina baita taldearen onespenari eta arrakasta komertzialari dagokionez ere. Hirugarren diskoa argitaratuta, gauzak zeharo aldatu ziren Kalifornian sortutako laukotearentzat.

Master of Puppets diskoa
Master of Puppets diskoaren azala.

Musikalki, Master of Puppets aldi berean da thrash metalaren fintzea eta haren ukazioa. Ordura arte, inork ez zuen generoa landu halako maisutasunez, eta, bidean, idatzi gabeko zenbait arau arrakalatu eta harresi bat baino gehiago birrindu zituen taldeak. 80ko hamarkadaren lehen urteetan, hardcore-punkaren eta europar kutsuko heavy metalaren arteko kume bastarta zen thrash metal estiloa, bi genero horiek baino are bizkorragoa eta zikinagoa. Slayer, Exodus eta Venom taldeen garai hartako lanak dira horren erakusgarri garbienak, eta baita Metallicaren beraren Kill’em All debuteko diskoa ere (1983).

Eboluzioa iparrorratz

Thrash generoaren traje estua, baina, txiki geratu zitzaion berehala San Frantziskoko laukoteari: Ride The Lightning bigarren diskoan (1984) hasiak ziren azaleratzen gitarra akustikoak, abesti konplexuagoak eta epikotasunerako joera nabarmen bat, baina benetako jauzi kualitatiboa Master of Puppets-ekin heldu zen. Hirugarren lan horretan, Metallicak erakutsi zuen posible zela thrash metalaren koktel garratzari dotorezia, birtuosismoa eta melodikotasuna eranstea, abiadurari eta indarrari uko egin gabe.

'Master of Puppets'-en, Metallicak erakutsi zuen posible zela thrash metalaren koktel garratzari dotorezia, birtuosismoa eta melodikotasuna eranstea, abiadurari eta indarrari uko egin gabe

Horren adibide dira, besteak beste, diskoari izenburua ematen dion kantua —zortzi minutu eta erdiko pieza epikoa, pasarte melodikoz eta tempo aldaketaz josia—; The Thing That Should Not Be mastodontikoa —oinarria duena H.P. Lovecraften The Shadow Over Innsmouth ipuinean—; eta, batez ere, Orion instrumentala, zeinean Cliff Burton baxu jotzaileak mahai gainean jarri baitzuen bere birtuosismo handia, agerian utziz bere kolore paleta zabal eta askotarikoa. Izan ere, orduko punk eta metal talde gogorrenetatik bezainbeste edan zuen Burtonek Thin Lizzyren eta Creedence Clearwater Revivalen melodietatik eta J.S. Bachen preludio, fuga eta sonatetatik.

Izatez, Burtonen estiloa beste ezein diskotan baino ageriago dago Master of Puppets-en, eta, azkenerako, haren epitafioa ere izan zen: 1986ko irailaren 27an, diskoa argitaratu eta sei hilabete eskasera, trafiko istripu batean hil zen baxu jotzaile gaztea. Damage Inc. munduko biraren Europako zatia hasi berritan zen Metallica; bezperan, kontzertua emana zuten Stockholmen, eta hurrengoa Kopenhagen ematekoak ziren, baina ez ziren haraino iritsi. Taldearen autobusak errepideko izotzean irrist egin zuen, eta buelta emanda geratu zen bide erdian. Han bertan hil zen Cliff Burton, 27 urterekin.

Kontrola, leitmotiva

Master of Puppets ez da disko kontzeptual bat, baina badu lanari osotasun tematikoa eta izaera propioa ematen dion hari eroale fin bat: pertsonen gaineko kontrol itogarria eta mendekotasun horretatik askatzeko grina. Master of Puppets abestiak islatzen du hobekien kontzeptu hori. Zabalduen dagoen interpretazioaren arabera, droga mendekotasunari buruzko kantua da: pertsona batek nola galdu dezakeen autonomia osoa substantzien eraginez, txotxongilo bihurtzeraino. Abestiaren zenbait pasartek bat egiten dute irakurketa horrekin: «Take me, you will see/ More is all you need /Dedicated to/ how I’m killing you (Har nazazu, ikusiko duzu/ Gehiago, horixe da behar duzuna/ Nola hiltzen zaitudan/ horretara emana zaude)».

Edonola ere, James Hetfieldek berak behin baino gehiagotan esan du abestiak, oro har, kontrola eta manipulazioa dituela hizpide, eta drogen mendekotasunaz harago ere uler daitekeela: «Albuma prestatzen ari ginela, apur bat aspertuta nengoen burua astintzeari buruz soilik idazteaz», aitortu zuen Hetfield gitarrista eta abeslariak 2018an, taldearen webgunean argitaratutako elkarrizketa batean. «Ikuskera zabaldu nahi nuen, musikari dagokionez, baina hitzen alorrean ere bai. Eta Master of Puppets horren adibide da: islatu nahi nuen nola manipulatzen gaituzten egunero, ez soilik drogek, baita beste gauza askok ere. Abesti batek aukera ematen badizu askotariko interpretazioak eta gogoetak egiteko, abesti ona den seinale».

Zentzu batean zein bestean, kontrolaren ideia behin baino gehiagotan agertzen da disko osoan, leitmotiv lauso baten antzera: hala nola instituzio psikiatriko batean giltzapetuta dauden pazienteen gaineko kontrola Welcome Home (Sanitarium) malenkoniatsuan —zeinak oinarrian baitu Milos Formanek 1975ean zuzendutako One Flew Over The Cuckoo’s Nest pelikula—; kontrol militarra eta soldaduen manipulazioa Disposable Heroes gogorrean; eta erlijio antolatuaren mendekotasuna, Leper Messiah sardonikoan —«Send me money, send me green/ heaven you will meet/ make a contribution/ and you’ll get a better seat (Bidali niri dirua, bidali sosak/ zerua ezagutuko duzu/ egin kontribuzio bat/ eserleku hobea izanen duzu)»—.

Euskal Herrirainoko hariak

Metallicak ordura arteko bira handiena egin zuen Master of Puppets jendaurrean aurkezteko. Gero eta handiagoa zen taldearen arrakasta, eta horrek ekoizle eta promotore handien arreta erakarri zuen. 1986 hartan, Ozzy Osbournek berak San Frantziskoko laukotea gonbidatu zuen bere kontzertuak zabaltzeko lehen talde gisa. Metallicarentzat, amaitua zen tabernetan eta areto txikietan jotzeko garaia.

Euskal Herrira ere ailegatu zen Master of Puppets-en itzal luzea, heavy metalaren eta rock gogorraren zaleak ugari baitziren ordurako, hiriburuetan batez ere. Metalzale horiek, baina, bi urtez itxaron behar izan zuten Metallica zuzenean ikusi ahal izateko. Burtonen heriotzak kolpetik eten zuen diskoaren aurkezpeneko bira, eta 1987an, laukotea Europara itzuli zenean, ez zen Euskal Herritik igaro.

1988. urteko irailaren 17an eman zuten lehen kontzertua Euskal Herrian. Iruñeko Zezen plazan izan zen, Monsters of Rock festibalaren barruan

1988. urteko irailaren 17an eman zuten lehen kontzertua Euskal Herrian. Iruñeko Zezen plazan izan zen, Monsters of Rock festibalaren barruan, Iron Maiden, Helloween eta Anthraxekin batera. Ordurako, Metallicak bazuen baxu jotzaile berria —Flotsam & Jetsam taldetik fitxatutako Jason Newsted—, eta lan berri bat zekarten besapean: ...And Justice for All (Elektra records, 1988). Hala ere, Iruñeko kontzertua ez zen izan disko horren aurkezpen hutsa: jakinda lehen aldia zutela Euskal Herrian —eta ikusmin handia zegoela Metallica zuzenean ikusteko—, San Frantziskokoek aukera baliatu zuten taldea bera jendaurrean aurkezteko, eta kantu ezagunenak jo zituzten, zezen plazan pilatutako 14.000 zaleen gozagarri.

Ordutik, Master of Puppets-en abestiak behin baino gehiagotan aditu ahal izan dira Euskal Herriko agertokietan, besteak beste, Anoetako belodromoan 1992an eta 1996an. Alta, behin bakarrik jo dute disko osoa hasi eta buka: Bilbon izan zen, BBK Live festibalean, 2007ko ekainean. Metallicaren hirugarren diskoak hogei urte beteak zituen, eta taldeak kontzertu sorta berezia egin zuen aitzakia horrekin: albumaren abesti guztiak ordenan eskaini zituzten, Battery-ren sarrera akustikotik hasita, Damage Inc. basatiaren azken notaraino. Ordutik, talde estatubatuarrak ez du berriz jo diskoa bere osoan. Berrogei urteren bueltan, badute aitzakia txotxongilo maisuaren hariak berriz mugitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA