McKenzie Warken 'Alderantzira zamalka' argitaratu du Katakrakek

Bere bizi esperientzia oinarri hartuta, sexuari eta identitate transei buruz hausnartzen du Warkek liburuan, eta ardatz bat du nagusi: penetrazioa. Egile horrexen 'Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza' lana bezala, Danele Sarriugartek euskaratu du.

Hedoi Etxarte eta Danele Sarriugarte, 'Alderantzira zamalka' liburua eskuan dutela, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Hedoi Etxarte eta Danele Sarriugarte, 'Alderantzira zamalka' liburua eskuan dutela, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Odile Bourguignon Goñi
Donostia
2026ko apirilaren 16a
18:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Gauza mordo bat hartu behar da kontuan larru-jotzerako egoera optimoa sortzeko». Hala dio McKenzie Wark idazle australiarrak Alderantzira zamalka liburuan, eta bere bizipenetatik abiatuko da irakurleari horri buruzko argibideak emateko. Transa da Wark: 2017an hasi zuen trantsizioa, eta idaztearekin alderatu izan du bizitako prozesua; edizioarekin. Gauza guztien gainetik idazletzat dauka bere burua, eta, dioenez, horixe da bere generoa ere. 2020an kaleratu zuen Reverse Cowgirl liburu autoteorikoatituluak sexu jarrera bati egiten dio erreferentzia—, eta euskaraz plazaratu berri du Katakrakek. Danele Sarriugartek itzuli du, eta Hedoi Etxartek editatu. Ardatz nagusi bat du liburuak: penetrazioa.

«Ez nuen identitate ziur batetik hitz egin nahi, nor naizen jakingo banu bezala. Subjektu bat edo identitate bat izatearen ideia zer ezegonkorra den islatzen da liburuan». Halaxe azaldu zion Warkek berak Sarriugarteri, 2023an, Argia aldizkarirako egindako elkarrizketa batean. Transa izateko ezohiko modu bati buruz dihardu liburuak; hain zuzen ere, agerian uzten baitu, gizarteak espero duenetik kanpo, egon badaudela gizon-emakume dikotomiarekin bat egiten ez duten identitate berriak. Hitzak jartzeaz gain, Warkek gorputza jartzen du hori azaltzeko.

«Gaztaroan dildoa gora eta dildoa behera ariko da, speeda hartuta larrutan egiteari buruz, heroinarekin larrutan egiteari buruz... Eta, bat-batean, ezkonduta, haurraren zain egongo da, hura karatetik noiz aterako»

DANELE SARRIUGARTE Itzultzailea

Liburua bi atal nagusitan dago bereizia: Orfeo mintzo eta Euridize mintzo. Biak daude pasarte laburrez osatuta, baina lehen atala nabarmen luzeagoa da. Warkek haurtzaroan bizitako gertaera batek ematen dio hasiera: ama hil zitzaion 6 urte zituela. Gertakizun horretatik abiatuta, egilearen bizi ibilbideari segituko dio liburuak, baina nerabe eta gazte zeneko garaietan sakonduko du gehien, eta, besteak beste, giro komunistei lotutako bizipenak kontatuko ditu. «Betiere, berak generoarekin eta, gero, sexualitatearen duen harremana dago presente», azaldu du Sarriugartek. Nerabezarotik helduarora pasatzeko, «salto bat» egingo du istorioak, eta barrez kokatu du itzultzaileak: «Gaztaroan dildoa gora eta dildoa behera ariko da, speeda hartuta larrutan egiteari buruz, heroinarekin larrutan egiteari buruz... eta, bat-batean, ezkonduta, haurraren zain egongo da, hura karatetik noiz aterako». Azken kapituluetan kontatzen du Warkek bere helduaroa; baita bere trantsizioa ere.

Bizia eta teoria

«Oso narratiboa da», argitu du itzultzaileak, «baina, aldi berean, narrazio hori hausnarketekin txirikordatua dago. Hortaz, konta dezake larrutan egin duela norbaitekin, eta, gero, horren gaineko analisia egin». Analisiak tarteko, Etxartek dioenez, «erraz» irakurtzen den liburua da; haren ustetan, «queer pentsamenduan murgiltzeko» edo «marxismo ez-dogmatiko bati buruz irakurtzeko» gogoz dagoen irakurleari gustatuko zaio, besteak beste. Halere, batzuentzat bereziki interesgarria izan daitekeela ere iritzi dio Etxartek: zehazki, «heteroaraua praktikatzen» duen jendearentzat. Zergatik? Bada, liburuak sexuaren gainean hausnartzen duelako. «Irudipena daukat bizitza zentzurik heteroenean eta konbentzionalenean bizitzen duen jendeak ez duela bere burua gogoeta hauen aurrean jartzen, nahiz eta beren sexu praktiketan etengabe egon liburuan planteatzen diren praktikak».

«Bizitza zentzurik heteroenean bizitzen duen jendeak ez du bere burua gogoeta hauen aurrean jartzen, nahiz eta beren sexu praktiketan etengabe egon liburuan planteatzen diren praktikak»

HEDOI ETXARTE Editorea

Bere bizipenak kontatzeaz gainera, bestelako egileen aipuez osatzen ditu Warkek liburuko kapituluak. Horregatik, autoreak antologia moduko bat egiten duela nabarmendu du editoreak: «Bizitzan gertatu zaizkion kontuen gainean pentsatuz, bere buruari buruz hausnartzen du, baina bere bizitzan irakurri duen horrek ere eragin handia du. Bere kontu intimoez ari denean ere, ezinbestean, pentsalarien aipuak ekartzen ditu». Esaterako, Guy Debord idazle eta zinemagilearen aipuak edo Sianne Ngai kritiko literarioaren ideiak daude, hala, testuan.

Wark euskaratzen den bigarren aldia da: duela bi urte argitaratu zuen Katakrakek Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza liburu epistolarra. Hura ere Sarriugartek itzuli zuen, eta Jokin Azpiazuk egin zuen hitzostea. Gaur egun irakaslea da Wark: Komunikabide eta Kultur Ikasketak lantzen ditu New Yorkeko The New School unibertsitatean. Bere liburuetan, kultura digitalari buruz, kapitalismoari buruz, teknologiari buruz eta generoari buruz teorizatu du. Bi dozena liburu baino gehiago argitaratu ditu, hauexek ezagunenak: A Hacker Manifesto (2004), Gamer Theory (2007) eta Capital Is Dead: Is This Something Worse? (2019). Horrez gain, Internazional Situazionistari buruz ere ikertu du, eta, egun, horren gaineko aditu handienetako bat da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA