Memoria duten istantak

Eulalia Abaitua argazkilariari buruzko ikuskizun bat estreinatuko du Loraldiak gaur, Arriaga antzokian: 'Mira hadi. Eulalia Abaitua, andre-begietan'. Argazkiak, hitzak eta musika uztartuko ditu saioak

Eulalia Abaituak Arratia eskualdean egindako argazki bat. EULALIA ABAITUA / BILBOKO EUSKAL MUSEOA.
Inigo Astiz
2022ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
«Gure memoriaren zati bat berreskuratu dugu haren argazkiekin». Ane Pikaza aktoreak esaldi horrekin laburbildu du Eulalia Abaitua euskal argazkilaritzaren aitzindari izandakoak egindako ekarpena. Haren lana izango du ardatz Mira hadi. Eulalia Abaitua, andre-begietan izeneko ikuskizunak, eta, hain zuzen, Pikazak egingo ditu narratzaile lanak bertan, hura gogoratu eta goresteko. Abaituaren beraren argazkiak izango dira horretarako lehengai nagusia saioan. Loraldiak ekoitzi du emanaldia, eta gaur estreinatuko dute, Bilboko Arriaga antzokian. Pikaza ez ezik, Maite Larburu ere izango da oholtza gainean, emanaldirako propio sortutako zuzeneko musika eskaintzen. Patxo Telleriak idatzi du testua, eta Getari Etxegarai izan da zuzendaria.

Euskal Herriko argazkigintzaren historian ezinbestekoa da Abaitua. Aitzindari bat. Bilbon jaio zen, 1853. urtean, eta Liverpool (Erresuma Batua) eta Londres artean pasatu zuen gaztaroa. Han ezagutu zuen argazkigintza, han erosi bere lehen kamera, eta, Euskal Herrira bueltatzean, bertako hamaika txoko, herri ohitura eta herritar erretratatu zituen, harik eta 1943an hil zen arte, Begoña auzoko bere jauregian. Etxegaraik aitortu duenez, ordea, antzezlanaren proiektuaren berri izatearekin batera izan zuen lehenengoz Abaituaren berri. «Hasieran lotsa pixka bat eman zidan», onartu du, «baina gero konturatu nintzen jende askori ere gertatzen zaiola, eta, benetan, oso jende gutxik ezagutzen duela Eulalia». Berehala jo zuen haren obra gordetzen duen Bilboko Euskal Museora, irakurri zituen hari buruzko liburuak, eta txundituta geratu zen. «Sekulakoa da utzi zigun ondarea».

Familia oso aberatseko alaba izanik, Etxegaraik dioenez, argazkilaritzarako zuen zaletasuna gorabehera, bizitza «oso erosoa» izan zuen. Nahita ere ezin abenturarik eszenaratu, beraz. Eta hori izan da ikuskizuna sortzeko izan dituzten erronketako bat.

Telleriak sortutako testua izan du horretarako abiapuntu Etxegaraik hasieratik, eta, beraz, Pikazaren kontakizuna, Larbururen musika eta Abaituaren irudiak uztartzea izan da haren lan nagusia, eszenografia «indartsu» batek lagunduta. «Hor eman behar zitzaion indarra».

Argazkiez «desintoxikatu»

Umore puntu batez lagunduta heltzen da Abaituaren aurkezpena emanaldian, Etxegaraik kontatu duenez. «Gaur egun, edozeinek egin dezake argazki bat, denok dugulako telefono bat eskura. Kalkulatuta dago egunean zenbat argazki ateratzen diren ere, eta zorakeria hutsa da kopurua. Horregatik, argazkiez desintoxikatzea proposatzen du antzezlaneko narratzaileak, eta nola Argazkilari Anonimoen Elkartea ez den existitzen, bada, erabakitzen du argazki gehiagorik ez egitea, eta, une horretatik aurrera, kontatzeko zerbait bakarrik duten argazkiak ikustea». Historiako lehen argazkia aurkezten dute orduan, historiako lehen emakumezko argazkilaria ondoren, eta, hala, pixkanaka-pixkanaka heltzen dira Abaituarengana: «Euskal Herriko lehen emakumezko argazkilaria».

Eta, hortik aurrera, atalez atal antolatu dituzte emanaldian erakutsiko diren haren argazkiak. Bere lorategietan atera zituenekin hasi, eta munduko hamaika txokotan atera zituenetara heltzeko: baserriko andreak, Ibaizabal ertzekoak, emakume langileak, Arratiako biztanleei ateratakoak...

Hartara, pisu handia izango dute argazkiek ere emanaldian, eta Alphax artistak eguneratutako ikus-entzunezkoetan ikusi ahalko dira batzuk. Betitxe Saituak egindakoak dira emanaldirako arropak, Arantza Floresen ardura izan da argiztapena, eta Leire Orbek egin ditu zuzendari laguntzailearen lanak.

«Oso lan globala da», azaldu du Pikazak ere. Hitzek, musikak eta proiekzioek, denek egiten dute kontakizunaren alde. «Elementu horietakoren bat galduz gero, emanaldia ez litzateke den bezalakoa izango».

Argazkigintzaren hastapen haietan argazki bakoitzak zuen garrantzia nabarmendu du aktoreak. «Erabat desberdina da argazki bat egitea nola bizi zuten orduan eta nola bizi dugun gaur egun. Orain, egunean 2.000 argazki egiteko gai gara, eta gehienak ez ditugu sekula berriz begiratuko. Hor geratzen dira telefonoan. Sasoi hartan, erabat bestelakoa zen: han agertzen zen argazkilari bat herrira, argazki bat ateratzen zizun, eta argazki hori zen seguruenik bizitza osoan izango zenituen bakarretako bat, zeure burua kanpotik ikusi ahal izateko, eta zure familiaren memorian geratzeko modu bat. Horregatik, ikusten dituzun aurpegiak bestelakoak dira. Euren burua nola aurkeztu nahi zuten erakusten dute».

Pasioa eta beharra

Pikazak ez du ukatu Abaituaren erosotasun ekonomikoa, baina argazkilari izateko egindako esfortzua eta lana ere kontuan hartzekoak direla dio. «Diruduna zenez, eta arazorik izan ez zuenez, ematen du argazkiena entretenimendu hutsa zela, baina hori baino gehiago izan zen: teknika bat ikasi behar da, hobetu, eta hor egon behar duzu gero ere, argazkiak errebelatzen, nahasketa kimikoak egiten... Pasio bat dago hor atzean. Bazuen kontatu zuena kontatzeko behar bat».

Lehenago ere hainbat euskal figura historiko berreskuratu izan ditu Loraldiak. Lehen jaialdian, Anton Abadia izan zuten gogoan, esaterako, eta oroitu dituzte Joan Sebastian Elkano eta Jose Mari Iparragirre ere. Guztiak izan dira aktore talde txiki batek taularatu ahal izateko moduko piezak, biran eramateko ere ekoitzi dituztelako. Hori dute buruan orain ere Abaituari buruzko lanarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.