MEMORIAREN URPETIK ATERATAKO ARTELANAK

Xehetasunak lausotu dizkie gehienei denboraren joanak, baina Artozkin 2003. urtean egin zen 'Artezki' erakusketa gogoan dute bertan parte hartu zuten artistek. Han betiko geratuko zirelakoan eman zituzten obrak, elkartasunez. Horietako batzuk berriki agertu dira; beste batzuk, ez.

Koldo Arnanzen lana Artozkin, 2003an; galduta dago. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
2023ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Behera botatzear ziren herri zahar batean. Hari zutik eutsi nahi zioten lagunek antolatua. Herriaren patu bera jasango zutelakoan, artistek elkartasunez emandako artelanez osatua. Argindarra etenda zuen XIII. mendeko eliza batean. Itxiera datarik gabea. Ezohikoa zen egoera, eta, ezinbestean, ohiz kanpokoa izan zen Artozkin (Nafarroa) duela hogei urte ikusgai egon zen erakusketa ere.

Herria Itoizko urtegitik defendatzeko antolatu zen erakusketa hura, 2003an, Artezki izenburupean. Gero, makinek etxeak suntsitu, eta galdu egin zen artelanen arrastoa. Berriki, ordea, horietako batzuk «modu anonimoan» helarazi dizkietela jakinarazi dute Itoitzekiko Solidarioek, eta Iruñean izan dira ikusgai —aurki Agoitzen jarriko dituzte—.

Horrek oroipenak bizitu dizkie bertan izan ziren artistei. Gehiago edo gutxiago, gehienek zuten gogoan erakusketa. Baina bihurriak dira oroitzapenak; bizipen batzuk segituan geratzen dira ahanzturan, eta bizi-bizi eusten die memoriak beste batzuei. Denbora igaro ahala, gainera, dena doa lanbrotzen, lausotzen, eta akorduan zen hura hala izan zen ere ez da ziur jakiten. Hogei urte ez dira alferrik pasatu, eta lainopean bezala gogoratzen dute erakusketa hura sortzaile gehienek.

Parte hartu zuten artistetako bat izan zen Dora Salazar (Altsasu, Nafarroa, 1963), baina erakusketa lausotuta ageri zaio memorian: «Nahi nuke, baina ez dut ia deus ere gogoratzen. Horrenbeste urte pasatu dira ordutik, eta hainbeste gauzatan aritu izan gara bitartean!», aitortu du, irri artean.

Argazki galeria:Artozkin galdutako obretatik hamalau

Bizirik dirauten oroitzapenak josiz saiatu dira artistak oroitzeko ariketa egiten, eta argi izpi txikiak ere agertu zaizkie tarteka lanbropetik. Baita Salazarri ere. Gonbita nondik nora heldu zitzaion ez du gogoan, baina bai antolatzaileekin izandako harremana ona izan zela. Haien arabera, bi margolan eman zituen artistak, elkartasunez, Artozkin betiko geratuko zirelakoan, Itoizko urtegiaren uren pean. Ez dira agertu, eta Salazarrek ere ez du ongi oroitzen nolakoak ziren. «Pentsatzen dut obra grafikoa izango zela, baina jada ez naiz ongi akordatzen. Edonola ere, guk kausa haren alde eman genituen artelanak, musu truk». Ez zen Artozkin izan, baina prentsan orduan argitaratutako argazkien oroitzapena badu. Bere obra nolakoa zen argazki haien bidez baino ezin da jakin orain.

Artozkiko etxeak defendatzeko asmoz Artezki martxan jarri zutenek artista ugariren atea jo zuten elkartasun bila. Eta topatu zuten. Hainbat sortzailerekin hitz egin zuten erakusketa prestatzen ari zirenek, baita haien lanak jaso ere. Baina ezin denengana iritsi. Komunikabide batzuek ere zabaldu zuten deia, eta hala izan zuen egitasmoaren berri Joseba Lekuona Iabenek (Iruñea, 1972). «Prentsan irakurri nuen Euskal Herri osoari egindako deialdi bat, herria erresistentzia gune bilakatzeko, eta pieza bat osatu nuen Artozkirako espresuki, mezu bat zabaltzeko».

Bitan pentsatu gabe, bere obra sortu, eta Artozkira joan zen hura eramatera, aitak lagunduta. «Inportantea izan zen niretzat, hura izan zelako nire lehenbiziko eskultura eta nire lehenbiziko erakusketa, eta, noski, beste motibo batzuengatik». Ofizioz hargina, ordutik aurrera hasi zen harriz eskulturak eta bestelako arte piezak sortzen. «Artisautza lanak egin ditut, eta, nahiz eta orain oso debaluatua dagoen, artisautza ofizioa hizki larritan maite dut. Baina hura izan zen lehen aldia pieza bat jartzen nuena erakusketa batean, interes artistiko batekin».

Bere obra orain agertu direnen artean dago, baina horretan ere berezia da Lekuonaren kasua: ez da osorik agertu, obra osatzen zuten piezetatik bakarra baizik. Orduan atera zituen argazkiei begira azaldu du nolakoa zen. «Harrizko bi pieza ziren, zeren nahi nuen adierazi perspektibak zer garrantzi duen; Itoizko urtegiagatik herriak hustean, ibar osoa suntsitzean, zer perspektibarekin ikusten ahal duzun». Oinarria, beraz, bi lauki «arrazional» ziren, nolabait gizarte eredua islatzen zutenak, eta erdian zulatuta zeuden. «Beti izan behar dira forma organikoak; kasu honetan, hustuketa». Piezen lodieragatik eta batetik besterako tarteagatik, ikusleak ez zuen beti gauza bera ikusiko zulotik begiratzean; bat non kokatzen den, hori da gakoa. «Alde batetik edo bestetik ikusten duzuna ezberdina da; zeharkatzen duzu zerbait, eta, perspektiba horri esker, ikusmoldea desberdina da. Kontua da zuk bilatu behar duzula perspektiba bat; ariketa bat egin behar duzu, eta piezak behartzen zaitu behar duzun tokian posizionatzera —horrek esan nahi duen guztiarekin—, bestela ez duzulako deus ere ikusiko. Hori zen transmititu nahi nuena».

Artozkira iritsi, elizara joan, eta aldare inguruan jarri zituen harrizko bi piezak. «Momentu hartan ez zegoen inor han, dena oso modu librean eta autoantolatuan egin zen». Piezen atzealdean, berriz, egurrezko idulki bat paratu zuen, eta «Artozkin barna bueltatxo bat ematera» joan zen. Hain zuzen, herriko elementu bat lanean «integratu» nahi zuela argi zuen, eta harresi batetik eroritako errekarri bat aukeratu zuen idulkian jartzeko. «Hori zen eskulturaren muina, eta, nire ustez, karga sinbolikoa zuena».

Urak zeharkatutako lanak

Erakusketa hura ez dauka ahaztuta Barbara Stammelek ere (Socking, Alemania, 1960). Margolariak 1994an aukeratu zuen Euskal Herria bizitzeko eta sortzeko leku gisa, eta Getarian (Gipuzkoa) bizi da ordutik. Bertako garaje batean jarri zuen tailerra aurrena, eta, geroago, Zumaiako (Gipuzkoa) Zelai Azpi estudioan aritu zen Ander Hormazuri, Aran Santamaria eta Txiki Agirre Keixeta sortzaileekin. «Haiek izan zuten Itoizko istorioaren berri», oroitu du Stammelek. «Elizan erakusketa bat jarri, eta urpean geratuko zela, hori zen ideia; eta guri aldarrikapen polita iruditu zitzaigun».

Galduko ziren artelanak elkartasunez ematea, beraz, erakargarria egin zitzaien. Eta Stammelek ere egin nahi izan zuen bere ekarpena. Urarekin zerikusia zuen lan bat hautatu zuen. «Urte haietan igerilarien inguruan ari nintzen lanean, Dark Swimmers [Igerilari ilunak] seriean, ogia biltzeko paperezko zorroetan egina zegoena. 30 pieza inguru egin nituen zatar paperezko zakuetan». Igerilarien erretratuak pintatu zituen haietan, «profilez, aurrez aurre... denak bustoak», eta Zarautzen erakusketa bat ere egin zuen haiekin. «Horrelako bat eman nuen; igerilari baten bustoa, olio lan bat».

Artean ez zuen Itoizko urtegiaren auziaren berri, baina halako gaien gaineko sentsibilitatea bazuen. «Horrelako zerbait egitea, modu horretan, oso gogorra iruditzen zait». Ekarpena egin zuela bai, baina bere lana nola iritsi zen Artozkira ez du oroitzen. «Seguru aski tailerreko kideren batek eraman zituen, edo norbait etorri zen bila... Ez dakit, baina uste dut tailerrekook obra bana eman genuela». Gerora bai izan duela gogoan proiektua; parte hartu duen erakusketen zerrendan ere jarria du webgunean. «Noski, bai, gerora askotan komentatu izan dut elkarrizketetan-eta. Behin, adibidez, Lanzaroten [Kanariak, Espainia], kazetari batek galdetu zidan zein zen parte hartu nuen erakusketarik bitxiena, eta hura aipatu nuen». Bere obra ere ez da agertu. Artozkiko elizan, leiho biren artean, horma batetik zintzilik egon zen bere igerilaria.

Garaiko argazkietan, beste pareta batean ageri da Koldo Arnanzek (Altsasu, Nafarroa, 1961) eskainitako bi margolanetako bat. Kandela batek argiztatzen du haren obra; izan ere, argindarra eta ura moztu zizkieten herriari bizirik eutsi nahi zioten solidarioei. Mural koloretsu bat da Arnanzena, tamaina handikoa, eta Artezki egitasmorako propio ondu zuen. «Espresuki egin nuen horretarako. Gero, gaiarekin harremana zuen beste lan bat ere banuen, eta biak ematea pentsatu nuen». Bi obretan ageri zen ura.

Arnanzek ongi gogoan du Itoizko urtegiaren proiektuak sortutako erantzuna. «Ni betidanik egon naiz naturarekin sentsibilizatuta, halako proiektuek ilea lazten didate. Kontuan izan garai hartan proiektu pila bat egin zirela; hemen ere ibili ginen Sakanako autobidearekin. Eta badirudi ofizialak diren proiektuak nahi eta nahi ez aurrera atera behar direla, beraiek proposatzen dutena panazea bat dela, eta ez da horrela. Nire ustez, proiektuak sortzean beste alternatiba batzuk baldin badaude, adostu egin behar dira».

Horregatik, parte hartzera deitu zutenean, ez zuen zalantza askorik izan. «Proposamena azaldu zidatenean, berehala esan nuen baietz. Ez nekien nork parte hartu behar zuen, baina gero konturatu nintzen Sakanatik bertatik hainbat artista ere bazeudela. Laguntzea zen asmoa, eta pentsatu nuen nire arlotik zerbait egin nezakeela». Ez da bere obrak azaldu zalea, baina gogoan du muralean urari, historiari, suntsiketari eta «burugogorkeriari» erreferentzia egiten zieten elementuak zeudela. «Esaten dute gauza bat hala izan behar dela, eta hala egiten dute; horregatik jarri nuen 2+2=1 margolanean. Guri 2+2 esaten digute, eta 4 erantzuten dugu, matematika hutsa dena; bada, haiek ez».

Superheroiak eta makinak

Erakusketako artelan batzuk berriki agertu izanak oroitzapenak bizitu dizkio Allende Arnaiz artistari (Oiartzun, Gipuzkoa, 1974). Edonola ere, ongi gogoan zuen lehenago ere zein artelan jarri zuen Artozkin ikusgai. «Hori bai, irudi hori oso-oso iltzatuta geratu zitzaidan». Diziplina ugari jorratu ditu bere ibilbidean, baina argazkilaritzan buru-belarri zebilen garai hartan, eta ingurura sarri joan ohi zen. «Lagun batzuk Artozkin bizi izan ziren hustu aurretik, eta asteburu batzuetan bisitan joaten nintzen. Argazki asko egin nituen herrian bertan eta inguruko beste batzuetan, dokumentatzeko halako sen batez edo, jakinik zer gertatuko zen, zein zen bere patua».

Artean artozkiarrak herrian bizi ziren Arnaizek gero Artezki egitasmoan jarritako argazkia hartu zuenean. «Argazkiak egite horretan, behin Artozkin bertan atera nuen bat. Bi umetxo zeuden, superheroiz mozorrotuta, etxe baten petrilean lasai-lasai eserita, eta aurrean justu jostailuzko hondeamakina bat zuten. Etxeko atarian edadeko emakume bat ere bazegoen. Halako bihozkada bat izan zen, premonizio moduko bat, etorriko zenaren irudikapen bat kasik... Eta bulkada izan zen argazki hori ateratzea». Behin bizilagunak joan eta Artezki martxan jarri zenean, hango lagunek argazkiren bat jartzera animatu zuten. Eta ez zuen zalantza handirik egin hura hautatzen. Ez eta kokalekuarekin ere. «Argazkia eraman nuen, baina ez nuen eliza barruko erakusketan jarri nahi izan, baizik eta, hain justu, atera nuen etxeko atarian; iruditzen zitzaidan hori zela bere tokia, jada hutsa zegoen etxe baten aurrean bizitza egon zeneko irudi bat. Eta hor gelditu zen». Bere eskualdeko hainbat sortzaile ere animatu zituen obrak eramatera, hala nola Anton Mendizabal eta Gari Garaialde.

Argazkia ez dago agertu diren obren artean, eta artistak pentsatzen du etxea behera botatzearekin batera suntsituko zutela makinek. «Egia esan, nahiago nuke hala izatea, behar ez den norbaiten eskuetan dagoela jakitea baino». Baina kopia hura galdu bazen ere, irudia ez zen betiko galdu. «Zorionez, analogikoan egin nituenez, negatiboak gordetzen ditut, eta digitalizatuta dauzkat». Armairuan gordetako maleta zahar batean, hain argi oroitzen ez zituen beste hamaika irudiren negatiboak topatu zituen, baita orduko kontu gehiago ere, tartean, Tomas Armendariz apaizak Artozkin eman zuen azken mezako sermoiaren transkripzioa.

«Justizia poetikoa»

Artista gehienek ezustean hartu dute obretako batzuk agertu izanaren berria. Baina lehen kolpean sentitutakoak bestelako emozioei eta oroitzapenei ere egin die leku segidan. Sorpresa aipatzen du Arnaizek, baina «amorrazio handia» ere bai. «Denok helburu batekin eman genituen obrak: herria hustea eta eraistea nolabait geldiarazteko, eta, era berean, jakinik oso zaila izango zela geldiaraztea eta bertan suntsituko zirela, bertan geratuko zirelakoan, ur azpian. Beraz, gero jakitea eraman eta gorde egin zituztela, auskalo non eta noren eskuetan egon direla, eta oraindik batzuk auskalo noren eskuetan daudela... Hori, azkenean, lapurreta da». Albisteak orduan gertatutakoak gogora ekartzeko balio izatea espero du.

Stammelek ere bitxitzat, arrarotzat du Poliziak herritik hainbat obra eraman izana. Egitasmoaren xedea artearen bitartez herria defendatzea zela kontuan hartuta, uste du «besteek ere ulertu» zutela ideia. Erakusketaren xedea gogora ekarri du Arnanzek ere. «Herriak defendatzeko egin zen, edo eraistea atzeratzeko behintzat». Hogei urteren ondoren, halako auzien aurka halako erantzunak ematearen beharra aldarrikatu du, arteak ere horretarako balio dezakeela iritzita. «Nik uste dut artistok ere mugitu behar dugula, eta beste arlo batzuek ere bai, bakoitza berean; gizartean bizi gara, eta gure sentimenduak eta errebindikazioak ditugu».

Lekuonari Artozkin sentitutako «konplizitatea», egun haietako «intentsitatea» eta Poliziaren erantzun bortitza datozkio gogora, eta batera sentitu ditu «urduritasuna eta zirrara». Gaur egunetik ordukoari begiratuta, gogoeta bat sortu zaio: «Arteak kristoren boterea du horrelako jendea deskolokatzeko. Garaian, gehiago izan zen errotik, bihotzetik atera zitzaigun erantzun bat, are gehiago horrelako dei bat egin zenean; norbera konprometitua sentitu zen edo ez, eta nik sentitu nuen behar hori, nire lan txiki batekin sikiera basakeria hura geldiarazten laguntzekoa. Eta uste dut neurri batean lortu zela, jendearen eta artisten aldetik erantzun zabala egon baitzen».

Oroitzapenak soilik ez, oroigarri fisiko bat ere badu Lekuonak, «justizia poetikoa» iradokitzen diona. Itoitzen argazki bat erakutsi du, herria behera bota ostekoa. «Artozkitik bueltan edo hara joan ginen batean, ez naiz ongi oroitzen, Itoitzen sartu ginen; dena txikituta zegoen, baina justizia poetikoa zer den, han ere edertasuna aurkitu nuen». Egurrezko pieza bat hartu du eskuetan, argazkian ikus daitekeen harri pila baten erdian topatu zuena. «Aulki baten zati bat da, eta ongi gordeta izan dut hogei urtez. Hau ez zait inoiz galdu, nirekin joan da batetik bestera [barrez]. Oso eskulturala zela iruditu zitzaidan, horrela, dagoen bezala, puskatuta; eta oso sinbolikoa». Pieza hori harriarekin batu, eta eskultura bihurtu nahi du orain. Suntsiketatik ere sortu daitekeelako artea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.