Artea

Menchu Gal bekak 25.000 euroko laguntza eskainiko dio artista bati, urtebetean lan berri bat sortzeko

Gipuzkoako Foru Aldundiak jarri du abian proiektua, eta hautatutako artistak, besteak beste, sormen-askatasunaren, norberaren afirmazioaren eta genero-berdintasunaren balioetan oinarritutako lan original bat sortzeko jasoko du laguntza.

Menchu Gal bekaren aurkezpena, Irunen, Gordailuan, artistaren lanen ondoan. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Menchu Gal bekaren aurkezpena, Irunen, Gordailuan, artistaren lanen ondoan. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Inigo Astiz
2026ko irailaren 23a
13:36
Entzun 00:00:00 00:00:00

Artistek euren ahots propioa garatzeko aukerak bultzatzea da Menchu Gal bekaren azken asmoa. Horretarako sortu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta gaur bertan zabaldu du eskabideak aurkezteko epea. 25.000 euroko laguntza jasoko du hautatutako artistak, urtebetean lan berri bat sortzeko. Margolariak, marrazkilariak, eskultoreak, zeramikariak nahiz grabatzaileak aurkez daitezke deialdira, eta, aldundiko ordezkariek zehaztu dutenez, euren lanek «sormenez adierazteko gaitasuna, norberaren afirmazioa, genero-berdintasuna eta gisako balioak» islatu beharko dituzte. Ezingo dira aurtengo iraila baino lehenago hasitako proiektuak aurkeztu, eta 2027ko abenduaren lehenerako egon beharko dira amaituta.

Beka amaitutakoan ere egilearen jabetzakoa izaten jarraituko du sortutako lanak, eta, iragarri dutenez, sortzaileak aukera izango du bekaren aldian martxan izango duen prozesu artistikoa erakutsi eta zabaltzeko. Gaurtik aurrera, hogei egun izango dituzte sortzaileek euren proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan edo Gipuzkoako Foru Aldundiko Erregistro Zentralean aurkeztu ahal izateko.

«Menchu Galen ondareak, gaur egun, artean ahots propioa bilatzen dutenei bidea irekitzen jarraitzea nahi dugu»

GOIZANE ALVAREZGipuzkoako Kultura diputatua

Menchu Gal artista irundarra hartu dute gogoan bekari izena jartzeko. 1919an jaio zen, eta 2008an hil, eta ibilbide artistiko oparoa izan zuen. Sorterrian hasi zituen arte ikasketak, eta, Madrilgo San Fernandoko Arte Ederren Akademiatik pasatu ostean, Parisera joan zen. Garaiko artisten eragina jaso zuen bertan, eta 1945ean joan zen handik Madrilera. Besteak beste, Hego Amerikan, Veneziako Biurtekoan eta Londresen izan zen bere lanak erakusten eta 1959an Espainiako Pintura Sari Nazionala irabazi zuen —halakorik lortu zuen lehen emakumea izan zen—. 2005ean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Urrezko Domina jaso zuen, baita Irungo Udalaren Urrezko Domina ere, 2006an. Zazpi hamarkadako jardunean 600 obra baino gehiago gauzatu zituen.

Galen ondarea

Eta horregatik guztiagatik hautatu dute haren izena bekarentzako. Hala azaldu du Goizane Alvarez Gipuzkoako Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol diputatuak, artistaren sorterrian egindako aurkezpenean: «Menchu Galen ondareak, gaur egun, artean ahots propioa bilatzen dutenei bidea irekitzen jarraitzea nahi dugu, eta denbora, baliabideak eta askatasuna ematea, artearen bidez kontatzeko zerbait propioa dutenei».

Irungo Gordailuan egin dute aurkezpena, hain justu ere, Galen obra baten alboan, eta Cristina Laborda Irungo alkateak ere hartu du parte. «Menchu Gal gure artista handietako bat baino askoz gehiago da. Irun izena gure hiritik askoz harago eraman zuen emakumea da eta, gainera, kulturaren eta artearen munduan beste emakume askori bidea ireki zien».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA