Mendaroko Santakutze kobazuloan Paleolitoko zenbait grabatu aurkitu dituzte

Bisonte baten irudia eta ahuntz batena, biak bukatu gabeak, eta irudirik osatzen ez duten zenbait marra antzeman dituzte. Gipuzkoan ez zen halako aurkikuntzarik egiten 2018az geroztik; Mendaron izan zen hura ere.

Santakutze kobazuloan topatu dituzten grabatuetako batzuen argazki bat. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Santakutze kobazuloan topatu dituzten grabatuetako batzuen argazki bat. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Amaia Jimenez Larrea.
2025eko urriaren 17a
12:58
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mendaroko Santakutze haitzuloan (Gipuzkoa) grabatu batzuk aurkitu dituztela jakinarazi dute Gipuzkoako Foru Aldundiak, Mendaroko Udalak eta Euskal Herriko Unibertsitateak. Hain zuzen, bukatu gabeko bi irudi topatu dituzte; bisonte batena eta ahuntz batena, bai eta irudirik osatzen ez duten hainbat marra ere. Paleolitokoak direla ondorioztatu dute ikertzaileek, eta, lehen zantzuen arabera, duela 13.000 urtekoak izan daitezke, baina oraindik zehazteko dago.

Kobazuloa bera 1985ean aurkitu zuen Azkoitiko (Gipuzkoa) Munibe taldeak, eta 2023an topatutakoak dira orain aurkeztu dituztenak. Suharri kultur elkarteko kideek egin zuten aurkikuntza, EHUko Maria Jose Iriartek eta Alvaro Arrizabalagak koordinatuta egindako lanetan. Kantabriako Unibertsitateko Cesar Gonzalez Sainz ikertzaileak egiaztatu zuen aurkikuntza. Egin beharreko azterketa arkeologiko eta artisitikoak egin ondoren erabaki dute grabatuen berri ematea. Halaber, grabatuen ezaugarri teknikoak eta duten antolaketa kontuan harturik, denak garai berean egin zirela azaldu dute adituek.

Santakutzeko kanpoaldean egindako arkeologia lanei esker, bertako faunaren eta harrizko materialen aztarnak ere berreskuratu ahal izan dituzte. Egindako analisien arabera, giza taldeek noizean behin erabiltzen zuten haitzuloa.

Ziklo bat irekitzea

Goizane Alvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatuak aurkikuntzaren garrantzia nabarmendu du: «2018az geroztik etenda zegoen ziklo bat ireki dute berriz ere». Izan ere, duela zazpi urte egin zen Gipuzkoan gisa horretako azken aurkikuntza, Mendaroko Agarre haitzuloan. Orduan zintzilikario bat eta labar artea topatu zituzten, Paleolitokoak haiek ere. Maria Jose Iriarte EHUko Historiaurreko Ikerketa Taldeko arkeologoak hauxe gehitu du: «Mendaron egiten ari diren ikerketek berresten dute irudikapen grafiko eta artistikoak ez zirela soilik horma euskarriaren gainean egin, hezurraren eta halako material organikoaren gainean ere egin zirela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.