Musika

Mende laurdeneko uzta, zuzenean

Pettik zuzeneko disko bat kaleratu du, lehen albuma atera zuenetik 25 urte bete diren honetan. Hamazazpi kantu «elektriko eta indartsu» hautatu ditu, garaiari «garrasi» egiteko.

Petti, kaleratu berri duen zuzenekoaren binilo bikoitza eskuetan duela, Donostian egindako aurkezpenean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Petti, kaleratu duen zuzenekoaren binilo bikoitza eskuetan duela, Donostian egindako aurkezpenean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2025eko urriaren 30a
04:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Disko honetan Petti indartsu, elektriko, rockzale bat topatuko duzue. 80 minutuan rock-and-rollaren esentzia kontzentratua duen disko bat da». Hala definitu du Andres Kamio Jitu Elkar argitaletxeko musika arduradunak Pettiren lan berria. Lehen albuma plazaratu zuenetik 25 urte igaro diren honetan, zuzeneko disko bat kaleratu du musikariak, Etxeko Uzta bandarekin. Hamazazpi kantu «elektriko eta indartsu» bildu ditu, XX ta bortz urte zuzenean izenburupean, eta Elkarrek argitaratu du lana.

Hasieran estudioko disko bat ateratzeko asmoa zuela azaldu du Pettik —kantu berriak sortuak dituela, baina heldu den urterako utziko dituela zehaztu du—. «Baina, ikusita garai hauetan zer bizitzen ari garen, nola dagoen mundua, jendea, gizartea... eta ikusten ari garen sarraski hauek guztiak ikusita, iruditu zitzaidan estudioko disko lasai bat ateratzea baino egokiagoa izanen zela zuzeneko disko bat egitea, kantu indartsuak bilduz; zarata pixka bat ateratzea eta garrasi egitea bizitzen ari garen garai hauen kontra. Iruditzen zitzaidan kantu elektriko hauek aukeratzea izanen zela egokiena nire kexa edo burrunba ateratzeko».

Joan den urtean jarri zuen martxan asmoa, Elkar argitaletxeko kideekin batera, eta lehenik Ataunen (Gipuzkoa), segidan Beran (Nafarroa) eta ondoren Hondarribian (Gipuzkoa) emandako hiru kontzertuak grabatu zituzten. Azken hori borobilena izan zela iritzita, diskora emanaldi haren grabazioa eramatea erabaki zuten, nahiz eta besteetan jotako kanturen bat ere jaso duten. Aurtengo udaberrian sartu ziren estudioan entzunaldiak egitera eta lana borobiltzera.

«Mundua nola dagoen ikusita, iruditu zitzaidan estudioko disko lasai bat baino egokiagoa izanen zela zuzeneko disko bat egitea, kantu indartsuak bilduz»PETTI Musikaria

Soinuaren kalitatea eta bandaren presentzia nabarmendu dituzte bai Pettik bai Jituk. Musikariak azaldu du «betiko taldea» izan duela alboan: Joseba Irazoki gitarretan, Igor eta Iñigo Telletxea anaiak baterian eta baxuan, eta «nobedade bezala», Ruben Caballero. Azken horri gitarrarekin laguntzeko deitzea erabaki zuen Pettik, eta haren ekarpena goraipatu du. Baina baita taldekide guztiena ere, nork bere tresnarekin lan handia egin duela iritzita. «Atera nuen lehen diskoa Amets bat izan zen [Gaztelupeko Hotsak, 1999], eta disko hau talde honekin jotzea eta egitea bertze amets bat bihurtu da 25 urteren ondoren. Uste dut entzuten duzuenean konturatuko zaretela zergatik ari naizen hau erraten».

Beste bi artistaren ekarpena ere nabarmendu du. Izan ere, lehengusu eta lagun dituen Estitxu eta Jokin Pinatxoren ahotsak ere aditzen dira zuzenekoan —«kristoren kantariak eta artista handiak dira»—. Kantu batzuk haiek kantatzeko moldatu dituela azaldu du Pettik. «Gainera, haien erregistroari ere buelta ttiki bat eman diogu, ze eztarriak izorratzen ikusiko dituzue disko honetan eta zuzenekoetan, eta hori ez da sobera normala Jokin eta Estitxuren eztarrietan. Hori ere eskertu nahi nieke, ze haien ekarpena kristorena izan da bai kantu zaharretan eta bai berrietan».

Hain zuzen, «kantu zaharrak baina berrituak» dira diskoan bildutakoak. Bere ibilbide luzean kaleratutako albumen artean arakatuta hautatu ditu lan berriko hamazazpi abestiak. Lehen bi disko akustikoetakoak baztertzea erabaki zuen musikariak, taldearekin jotzeko egokienak ez zirela iritzita. Eta hala, «kantu zaharrak baina elektrikoenak» hobetsi zituen. Etxeko uzta (Gaztelupeko hotsak, 2002) eta Hotzikarak (Elkar, 2016) diskoetatik hartu zituen gehien-gehienak, baina bien artean kaleratutako diskoetatik eta Manipulazio estrategiak (*Zart, 2020) album berriagotik ere hartu ditu beste zenbait ere. 

Kalean, baina ez Spotifyn

Mende laurdenetik gora darama oholtzan Juan Luis Perez Mitxelena Petti-k (Bera, Nafarroa, 1973). Noise Hole eta Zup proiektuen ondotik, 1997an ekin zion bakarkako ibilbideari, eta Amets bat izan zuen bakarkako estreinako lana. 

Ordutik, askotariko bideak urratu ditu, Jituk gogora ekarri duenez: «Bakarlari moduan ibili da batzuetan, beste musikari batzuekin kolaboratu edo proiektu zehatzak aurrera eraman ditu beste batzuetan —Anarirekin eta Barrence Withfieldekin egindako diskoak, kasurako—, eta askotan, Etxeko Uzta bandaren laguntzarekin aritu da. Talde horretatik hainbat musikari pasatu dira urteotan, baina beti kristoren taldea izan du ondoan».

(ID_15397998) (Jagoba Manterola/@FOKU) 2025-10-08, Donostia. Petti & Etxeko Uzta
Petti, diskoaren aurkezpenaren egunean, Donostiako Parte Zaharreko Elkar dendan. J. MANTEROLA / FOKU

Atzera begira jarri, eta gogoeta egin du musikariak: «Hasieran, parranda egiteko aitzakia bat zen musika. Gero ja gauza serioago hartzen hasi ginen, eta denborarekin ikasi dugu ez dela bakarrik ondo pasatzeko modu bat, baizik eta gauzak azaldu, erran, garrasi egin eta kexatzeko modu bat ere badela».

Orain arte hamalau disko zituen argitaratuak —iazkoa zuen orain arteko berriena, Ana Galarragarekin batera ondutako Frankenstein agurgarria (Elkar) proiektua—. Eta hartan lanean ari zirela jarri zuten martxan zuzeneko lana. CD formatuan eta binilo bikoitz moduan kaleratu dute; Spotify plataforman, berriz, ez jartzea erabaki dute, Palestinari elkartasuna adierazteko. Eta bideoklip bat ere ikusgai jarri dute sarean. 

Diskoaren zuzeneko aurkezpenak aurrerago egingo dituzte. Bi baieztatu dituzte oraingoz: abenduaren 10ean Gasteizen ariko dira, EHUren campusean, eta urtarrilaren 16an, Hernaniko Kultur Etxean (Gipuzkoa).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.