Literatura

Mentoretza bidez, 'Verak badaki' eleberria eta 'Fusilatu baten memoria' saiakera lagunduko ditu EIEk

Gorka Salcesek Nerea Loiolaren laguntza izango du 'Verak badaki' eleberria ontzeko. Paulo Alberdik, berriz, Pako Sudupe izango du bidaide 'Fusilatu baten memoria' saiakera burutzeko prozesuan.

Pako Sudupe, Nerea Loiola, Gorka Salces, Irati Jimenez eta Paulo Alberdi. ANDONI CANELLADA / FOKU
Pako Sudupe, Nerea Loiola, Gorka Salces, Irati Jimenez eta Paulo Alberdi. ANDONI CANELLADA / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
Donostia
2025eko abenduaren 29a
17:33
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bi proiektu. Bi genero literario. Bi sortzaile berri; haien alboan, idazle eskarmentu bana proiektua gauzatzen laguntzeko. Horretan datza Mentoretza Literarioa programa, eta bigarren aldiz ipini du martxan Euskal Idazleen Elkarteak, oraingoan Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz. Irati Jimenezek eman du hautatuen berri: Gorka Salcesek Verak badaki eleberri proiektua onduko du, eta Paulo Alberdik, Fusilatu baten memoria saiakera; mentore gisa, Nerea Loiola eta Pako Sudupe izango dituzte alboan, hurrenez hurren.

Mentoretza programaren zergatia azaltzeko, idazlearen lan prozesua hartu du hizpide Jimenezek: «Inoiz idazten saiatu denak badaki ez dela dirudien bezain erraza. Arazoak ikusezinak dira askotan, eta horrek frustanteagoa egiten du prozesua, ez baitakizu zer den gertatzen zaizuna. Horri, tamalez, bakardadean eta autodidaktismo basati batean egin behar izaten diozu aurre». Prozesu zapuzgarri horren kalteez ere mintzatu da: «Ez idaztea beti da idaztea baino errazagoa, horregatik gelditzen dira liburu asko bukatu gabe, eta beste asko hasi ere egin gabe».

Lagunen garrantzia

Jimenezek talde lana eta lagunartea aldarrikatu ditu: «Literaturak eskertu egiten du idazleok elkarri laguntza ematea; obligazioa da guretzat. [Robert Louis] Stevensonek esaten zuen lagunentzako idaztea komeni dela, eta nik diot, lagunentzat ez ezik, lagunekin egin behar dela». Alde horretatik, mentorea ere «adiskide profesional» gisa definitu du.

«Stevensonek esaten zuen lagunentzako idaztea komeni dela, eta nik diot, lagunentzat ez ezik, lagunekin egin behar dela»

IRATI JIMENEZ Idazlea

Baina idazle berria lagundu ez ezik «ikasi eta bere burua zaildu» ere egiten du mentoreak, Loiolaren arabera: «Literatura ulertzen saiatzea gustatzen zait, eta autopsia narratiboak egitea. Mentore izateak beste pauso bat emateko aukera ematen dit alde horretatik». Hiru erronka ipini omen dizkio Gorka Salcesen proiektuak: «Batetik, protagonista emakume nerabe neurodibergente bat da, eta horrek mundua ikusteko modu zehatza eskatzen du. Bestetik, Bigarren Mundu Gerran kokatuta dago; eta hirugarrenik, ikuspegi feminista txertatzea eskatzen du».

Salces historia irakaslea da lanbidez, eta Bigarren Mundu Gerrari buruzko podcast bat entzuten ari zela bururatu omen zitzaion Verak badaki eleberrian kontatu nahi duen istorioa. Italia eta Eslovenia banatzen dituen inguru geografikoan, 1944. eta 1945. urteetan girotuko du bere lana, eta identitate politiko eta nazionalak aparteko tokia hartuko du bertan. Horren arabera hautatu ditu pertsonaia nagusiaren ezaugarriak: «Iruditzen zitzaidan identitate pertsonal, politiko eta kolektiboen gurutzaketa horretan, nerabezarotik helduarora doan pertsona bat izan behar zuela». Bere buruaz, «italofilo diagnostikatua» dela dio Salcesek.

Amamak kontatua

Jose Sagarna apaizaren bizitzari helduko dio Alberdik, Fusilatu baten memoria saiakeran. Haren amamak kontatuko istorio bat du abiapuntu: «Bere txikitako gauza asko kontatu zidan, askotan errealitatea eta fantasia nahastuz». Antropologia ikasketetako graduondoko lana egitea egokitu zitzaionean, amama zendu berriak Larruskain auzoko (Markina-Xemein, Bizkaia) apaizari buruz kontatutako istorioari heldu eta ikertzea otu zitzaion, noraino ote zen fantasia. Halaxe konturatu omen zen amamaren istorioa erreala zela guztiz. Alberdi: «Jose Sagarnak lehen urtea zuen ofizioan, 24 urte baino ez zituen, eta frankistek fusilatu zuten».

Istorioaren alderik bitxiena 22 urteren buruan gertatu zela ere esan du: «1958an, Jose Sagarna fusilatu zuten tokian, inolako azalpenik gabe, sagarrondo bat hazi zen. Jendea hara prozesioan joaten hasi zen, eta agintariek debekatu egin zuten, isunak jartzen eta bideak ixten hasi ziren, hara inor irits ez zedin. Sagarrondoa hazi eta hilabetera, egun batetik bestera, erori egin zen sagarrondoa».

Alberdi pozik agertu da, lan horri beste neurri bat eman ahal izango diolako EIEren ekinaldiari esker. Eta Sudupek testuingurua eman dio Jose Sagarnaren gertaerari: «Apaizak biktima eta borrero izan ziren 36ko gerran. 6.800 erlijioso hil zituzten, gehienbat errepublikanoek, baina frankistek ere hil zituzten, eta horiek biktima ahaztuak izan dira. Errepublikanoek hildakoak ohoratu eta beatifikatu egin zituzten». Euskal Herrian hamasei edo hamazazpi apaiz hil zituztela gaineratu du, «nazionalista izateagatik».

Sudupek Alberdiren lana goraipatu du «biktima haien aitortza eta erreparazio moralerako aukera» ematen duela esanez, eta harro agertu da elkarlanaz: «Harreman polita lor dezakegu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.