Aurten EHZ Euskal Herria Zuzenean festibalean joko duten lehen musika taldeen izenak jakinarazi dituzte. Merina Gris, Bele, Silitia, Cordcore eta Olaya Sound System taldeek kontzertu bana emanen dute ekainaren 27tik 29ra artean.Talde horiez gainera, Palestinako DAM eta Aljeriako Imarhan taldeak ere ariko dira jaialdian. Aurten, hirugarren aldiz, Arberatzen (Nafarroa Beherea) egingo dute festibala.
Musikaz gain, bestelako ikuskizunak ere iragarri dituzte: Bilakaren Dirau eta Maitane Sarralderen Madre Perla dantza ikuskizunak, eta Gaizka Chamizoren Heroiaren mina antzezlana. Halaber, gai sozial eta politikoen inguruko solasaldia, haurren txokoa eta zirkua izango dira festibalean.
30 urte beteko ditu EHZk aurten, eta Geroaren lehen notak lelopean ospatuko dute. Ohi bezala, festibalak hiru egun izango ditu ekainean: 26, 27 eta 28. Eguberrietan bonu bereziak salgai jarri ondotik, berriro ere eros daitezke sarrerak festibalaren webgunean; apirilaren 1era bitarte, hiru egunetarako bonuak 43 euroan dira salgai. Eta, hain zuzen, epe hori bukatutakoan bonuen prezioa 53 eurokoa izango da. Festibalean lagundu nahi duenak, berriz, apiriletik aurrera izango du izena emateko modua.
Antolatzaileek iragarria dute «sorpresaz betea» izango dela aurtengo jaialdia. Besteak beste, audio plataformetan entzungai izango den podcast bat sortu dute 30 urteko ibilbidea ospatzeko: Uhinen ildoan. Podcastaren lehen bi atalak entzungai daude jada EHZren webgunean, audio plataformetan eta Euskal Irratien eta Arrosaren atarietan.
Bestalde, azken urteetan Ipar Euskal Herriko lizeo eta kolegioetan egindako lanaren ildo beretik, gazteen artean kultur eragiletza sustatzeko tailerrak emango ditu festibalak Usurbilen (Gipuzkoa); bertako udalarekin eta Arrobitxu proiektuko kideekin elkarlanean jarriko dituzte martxan.Â