Musika

Merina Gris taldearen emanaldi bat argitaratu du AEBetako KEXP irratiak

Lehen aldia da irrati horrek euskal talde baten kontzertu bat zabaltzen duena. Iazko urrian Bilboko BIME jaialdian emandako saioa da. Merina Grisekoek beren kanturik ezagunenetako batzuk jo zituzten, eta elkarrizketa labur bat ere egin zieten.

Merina Gris taldeko kideak. JON URBE / FOKU
Merina Gris taldeko kideak. JON URBE / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
2026ko apirilaren 15a
17:59
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herrian badu sona, baina, hemendik aurrera, nazioartean ere zaleak biltzen hasiko da Merina Gris taldea. Izan ere, AEBetako KEXP irratiak Donostiako talde horren emanaldi bat zabaldu du. Kontzertua Live on KEXP atalean plazaratu dute, BIME jaialdiarekin elkarlanean landutako proiektu baten barruan. Hain zuzen, 2025eko urriaren 31n Bilboko festibal horretan emandako kontzertu laburra da orain zabaldutakoa —Enkarnazio elizan izan zen—. Gaur arte kanta solte batzuk argitaratu badituzte ere, orain saio osoa dago ikusgai. Lehen aldia da irrati horrek euskal talde baten emanaldi bat zabaltzen duena. 

Saioan Merina Grisen bost kantu daude guztira. Gainera, emanaldiaren ondoren KEXP irratiko esatari batek egindako elkarrizketa laburra ere ikus daiteke. Taldearen sorreraz mintzo dira kideak. Gainera, gaur egun Euskal Herriko musika zertan den azaltzen dute, bai eta kaleratu duten azken lanak —Zuloa (2025)— zer ezaugarri nagusi dituen ere.

1972an sortua da KEXP irratia, Seattlen. Hasieratik musika alternatiboa zabaltzea izan du helburu, eta mundu osoko taldeei egiten diete lekua; esaterako, Nirvanari, Soundgardeni eta Pearl Jami. Bada, Merina Gris ere zerrenda horren parte izango da aurrerantzean.

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA