Antzerkia

Metrokoadrokaren ‘Laster eroriko da’ komediak irabazi du AEK-Korrika Sorkuntza Beka

Konpainiaren hitzetan, «komedia basati eta parte hartzailea» izango da antzezlana, eta hori izango da 25. Korrikaren kultur programako ikuskizun nagusia. 2027ko azarotik 2028ko apirilera bitarte egingo dituzte emanaldiak.

Oier Guillan eta Idoia Beratarbide Metrokoadroka konpainiako kideak. AEK-KORRIKAK UTZIA
Oier Guillan eta Idoia Beratarbide Metrokoadroka konpainiako kideak. AEK-KORRIKAK UTZIA
Inigo Astiz
2026ko maiatzaren 27a
12:48
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hirugarrena izango du aurtengoa. Euskal kulturgileek sortutako euskarazko ekoizpenak bultzatzeko jarri zuten abian AEK-Korrika Sorkuntza Beka, eta, geroztik, hiru proiektu lagundu dituzte. Badon izan zen lehen urtean hautatutako ikuskizuna, Kaka antzezlana gailendu zen bigarren deialdian, eta gaur eman dute hirugarren sarituaren berri. Metrokoadroka konpainiaren Laster eroriko da antzezlana hautatu dute, hain zuzen ere, eta, beraz, hori izango da 25. Korrikaren bueltan antolatuko diren kultur programetako ikuskizun nagusia. 23.000 euroko aurrekontua izango dute egileek pieza osatzeko, eta, konpainiak iragarri duenez, «komedia basati eta parte hartzailea» izango da.

Tafallako Kulturgunean (Nafarroa) egin dute iragarpena. Idoia Beratarbide eta Oier Guillan izan dira bertan Metrokoadroka kolektiboaren izenean, bai eta Ane Elordi Korrikako arduraduna ere, eta, iragarri dutenez, 2027ko azarotik 2028ko apirilera bitartean taularatuko dute lana, Korrika Kulturalaren barruan, eta, tarte horretan, Euskal Herriko hamaika agertokitan izango da ikusgai.

Bazkaloste baten giroa irudikatuko du Laster eroriko da antzezlanak, eta, konpainiak iragarri duenez, jendea kantuan jartzea izango da haien asmoa. 99 urte betetzekoa den aitonari bazkari erraldoia prestatzeko asmoz diren bi gazte izango dira komediako protagonistetako bi, eta horretarako kantutegia ere pentsatua dute, baina arazo bat dute: ez dakite ez kuzinatzen, ez eta euskal kanta klasikoen hitzik ere. Guztira, lau aktore izango dira oholtzan, baina publikoa ere emanaldiaren parte egitea da antzerkigileen asmoa.

Lluis Llach kantariak L’estaca izenarekin sortu eta Gorka Knorrek Agure zaharra izenburupean euskaraz zabaldutako abesti ezagunari hartu diote antzezlanerako titulua. Hedabideei helarazitako oharrean zehaztu dutenez, keinu bat egin nahi izan diete horrela «aurreko belaunaldien askatasun ametsei». Azaldu dutenez, obrak belaunaldien arteko talka islatuko baitu, eta, era berean, bazkalosteko kantu uneei ere omenaldia egin nahi izan baitiete. Eta, horrez gainera, iragarri dutenez, euskal kulturaz, transmisioaz zein komunitateaz hausnarketa ere piztuko du komediak.

Ametsak «birdefinitu» beharra

Konpainiako ordezkariek azaldu dutenez, «gorroto mezuei aurre egiteko inkonformismoa eta mundu hobea sortzeko itxaropena» sustatu nahi ditu proiektuak. Baina, zehaztu dutenez, era berean, komediak argi utziko du «mundu hobe hori belaunaldiz belaunaldi birdefinitu beharra».

Publikoaren parte hartzea sustatzeko, emanaldi batzuen aurretik bazkariak antolatzeko asmoa ere iragarri dute Metrokoadrokako kideek. «Helburua da benetako bazkari baten atmosfera sortzea, publikoa eszenografiaren eta kontakizunaren barruan txertatuta».

Guztira, bost kide izan ditu aurtengo beka erabaki duen epaimahaiak: Anabel Arraiza, Galder Perez, Asier Rubio, Kattina Haran eta Eneko Gil. Metrokoadrokaren proiektuaren «planteamendu berritzailea» nabarmendu dute, besteak beste.

Bekaren helburuak hiru direla zehaztu du Ane Elordi Korrikako arduradunak. Bat: Korrikari esker lortzen diren diru baliabideen zati bat onura ekonomikorik ez dakarten baina gizarte onura bilatzen duten ekimenetan inbertitzea. Bi: kultur arloan euskal herritarrentzako euskaraz eroso aritzeko espazioak sortzea, garatzea eta elkarlotzea. Eta hiru: euskal sortzaileei gune horiek eskainita, euskal kultur sorkuntzan eragile izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA