Michael Dudok de Witek jasoko du Animadebako ohorezko saria

Bihartik larunbatera bitarte egingo dute animazio jaialdia. 1.410 lan jaso dituzte: horietatik hogei lehiatuko dira, eta beste hamabi ere proiektatuko dituzte. Jaialdiaren hemezortzigarren urteurrena ospatzeko, «festa polit bat» antolatu dute Deban.

Hemezortzigarren Animadeba jaialdiaren aurkezpena, gaur goizean, Donostiako San Telmo museoan. ANIMADEBA
Hemezortzigarren Animadeba jaialdiaren aurkezpena, gaur goizean, Donostiako San Telmo museoan. ANIMADEBA
Donostia
2025eko irailaren 1a
18:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Animadeba animaziozko zinemaren nazioarteko jaialdia da, Debakoa. Bada, Euskal Herriko animazioaren erreferente den jaialdi hori industriaren eta publikoaren elkargune bilakatuko da bihartik larunbatera bitarte. Aurtengoa hemezortzigarren aldia izango du, eta, urteurren «berezia» dela eta, «festa polit bat» antolatu dute, Aitor Oñederra Animadebaren zuzendariak iragarri duenez.

Aurtengo gonbidatu berezia Michael Dudok de Wit izango da. Animazioaren munduan maisutzat daukate, eta bere estilo poetiko eta liriko bereizgarriagatik da ezaguna. Father and Daughter (2000) film laburrarekin lortu zuen osperik handiena zinemagileak. Film horrekin Oscar saria, BAFTA eta Annecyko sari nagusia eskuratu zituen. Debako zinemaldiak hari emango dio aurtengo ohorezko saria; eta, horrez gain, 2016an Ghibli estudioarekin lankidetzan ekoitzi zuen The Red Turtle ere proiektatuko dute ostiral gauean.  

Nazioarteko film laburren lehiaketa da jaialdiaren ardatza. Oñederrak azaldu du aurten 1.410 lan jaso dituztela eta horietatik 32 hautatu dituztela. Azaldu duenez, hamar Sail Ofizialean arituko dira lehian, beste hamar EHU Zuzendari Berriak sailean, eta gainerako hamabiak Panorama sailean emango dituzte, lehiaz kanpo. Lanak hautatzeko prozesua zertan datzan azaldu du zuzendariak: lanak jaso ostean, hamabost debarrek aukeraketa bat egin dute, eta, hartatik abiatuta, Animadebako programatzaileek egiten dute amaierako hautaketa.

«Hemezortzigarren urtebetetzea berezia da, eta festa polit bat antolatuko dugu, hitzaldiez, tailerrez eta proiekzioez gain»

AITOR OÑEDERRA Animadebako zuzendaria

Lehiatzeko hautatutakoen artean, Oñederrak bereziki nabarmendu ditu Marc Ribaren eta Anna Solanasen Mater benefacta eta Annecyko jaialdi entzutetsuan egon diren bi lan: Sulaimani eta It Shouldn't Rain Tomorrow. Lehiaz kanpoko lanen artean, Izibene Oñederraren Etorriko da (eta zure begiak izango ditu) eta Lorea Lyonsen eta Ane Ines Landetaren Azkena lanak aipatu ditu.

Gainera, jakinarazi du zein adituk osatuko duten epaimahai ofiziala; are, erantsi du epaimahaitik kanpo ere garrantzia izango dutela. Sara Alvarez Sarrat izango da epaimahaikideetako bat. Prime the Animation ikasleen animaziozko film laburren erakustaldia sortu zuen, eta haren koordinatzailea da egun. Eta, hain zuzen ere, festibal hori gonbidatu egin dute aurtengo animadebara. Begoña Vicario izango da bigarren epaimahaikidea. Sari batzuk banatzeaz gain, sari bat jasoko du, Euskal Herriko animazio esperimentalean aitzindari izateagatik. Ostiral gauean egingo duten galan emango diote saria Vicariori, eta bere ibilbideko hainbat lan proiektatu. Sara Azurzaren kontzertuak borobilduko du gau hori. Azken epaimahaikidea David Baute izango da. Goya saria irabazi du aurten animaziozko filmik onenaren kategorian, Mariposas negras (2024) lanarengatik. Lan horixe izango da jaialdiko film luzeetan proiektatzen lehena: ostegun gauean emango dute, zehazki.

Ohiturak eta berrikuntzak batuz

Azken urteetan bezalaxe, aurten ere garapen bidean dauden proiektuek lekua izango dute jaialdian. Orotara 22 proiektuk parte hartuko dute, bostek profesionalen atalean, eta gainontzeko hamazazpiek talentu berrienean. Euskarazko lanik onenaren saria BERRIAk emango du.

Aurtengo aldiak, halere, hainbat berrikuntza izango ditu, batez ere bideojokoekin lotuak. Ikusteko aukera ez ezik, probatzekoa ere izango da. Aurtengo kasu azterketako saioa hamar bideojokori buruzkoa izango da, eta probatzeko tartea izango da. Hainbat eskola mintegi, hitzaldi, tailer eta mahai inguru egingo dituzte bideojokogintzari eta animaziogintzari buruz. Jaialdiaren zuzendariak ekitaldi bat nabarmendu du guztien gainetik, aurtengo gonbidatu bereziak gidatuko duena: Animazioa inkontzientearen hizkuntza gisa: sormena, sinboloak eta narrazio-fluxua tailerra.

Zuzendariak berak azaldu du aurten «oso ondo» ospatzeko asmoa dutela: «Hemezortzigarren urtebetetzea berezia da, eta festa polit bat antolatuko dugu, hitzaldiez, tailerrez eta proiekzioez gain». Hainbat kontzertu egingo dituzte, gainera: Koda ariko da ostegunean, eta Ke Lepo ostiralean, besteak beste. Azken egunean, Albina Stardustek eta Divina Comediak bingoa gidatuko dute, eta, jaialdiari amaiera emateko, Ezezez, Putas Amak eta DJ Feten arituko dira. Programa osoa Animadebaren web orrian kontsulta daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.