Donostiako 74. Zinemaldia

Michael R. Roskam zinemagilearen 'Le Faux Soir' lanak itxiko du Donostiako Zinemaldiaren Sail Ofiziala

Filma lehiaz kanpo proiektatuko da, palmaresa jakinarazi ondoren. Bigarren Mundu Gerran girotuta dago istorioa, eta belgikarren erresistentziarekin lotutako gertakari bat du hizpide. Aktoreen artean daude Arieh Worthalter eta Melanie Thier.

Michael R. Roskam zinemagilearen 'Le Faux Soir' film luzearen fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Michael R. Roskam zinemagilearen 'Le Faux Soir' film luzearen fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
2026ko abuztuaren 20a
13:24
Entzun 00:00:00 00:00:00

Naziek okupatutako Belgikan; bertan girotuta dago Donostiako 74. Zinemaldiaren Sail Ofiziala itxiko duen film luzea. Michael R. Roskam zinemagilearen (Sint-Truiden, Belgika, 1972) Le Faux Soir (2026) lana lehiaz kanpo proiektatuko da, justu saritutako lanak zein diren jakinarazi ondoren, irailaren 26an, Kursaalean. Toronton (Kanada) mundu estreinaldia izan ondoren, Europako estreinaldia izango du filmak Zinemaldikoa.

Bigarren Mundu Gerran belgikarren erresistentziarekin lotutako gertakari «bitxienetariko» baten ingurukoa da, Zinemaldiko antolatzaileen arabera, Roskamen azken lana; prentsa nazien okupazioaren aurkako arma bihurtu zuen «eragiketa klandestino» baten ingurukoa, zehazki. Marie Istasen Le ‘faux’ Soir, 9 novembre 1943 liburuan oinarritutako filma da, eta aktore gisa ditu, besteak beste, Arieh Worthalter, Melanie Thierry, Karim Leklou eta Mara Taquin.

Benetako gertaeretan oinarrituta dago pelikula. Naziek Belgika okupatu eta Le Soir egunkari nazionala propaganda tresna bihurtu ostean, eta biztanleriaren kemena altxatzeko, Erresistentziako kide batzuek ideia bat izan zuten: egunkariaren edizio faltsu bat sortzea, okupatzaileei iseka egiteko. Paper berdina, goiburu bera, formatu bera, baina naziei burla egiteko artikuluz betea. 1943an jazotako horretatik sortua da Le Faux Soir filma.

«Jarraitu beharreko» zuzendari bat

Carlo (2004) eta The One Thing to Do (2005) film laburrak izan ziren Roskamek idatzi eta zuzendu zituen lehen lanak. Rundskop (2011) izan zen haren lehen film luzea, eta, Berlinale Berlingo Nazioarteko Zinemaldiko Panorama sailean estreinatu ondoren, nazioarteko film onenaren Oscar sarirako izendatu zuten. Variety aldizkariko Jarraitu beharreko hamar zuzendari zerrendan ere sartu zuten.

Roskamek ez du lehen aldia Donostiako Zinemaldian: 2014an, Tom Hardy, Noomi Rapace eta James Gandolfini aktoreak protagonista dituen The Drop (2014) lana Sail Ofizialean lehiatu zen, eta Gidoi Onenaren Epaimahaiaren Saria irabazi zuen.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA