Hilberria

Michel Portal: Mozarten partituren azpian free jazza ikusteko gai zen sortzailea

Nerabetan utzi zuen Euskal Herria musika ikastera joateko. Klasikoen interpretazioan ez ezik, jazzean eta free jazzean ere erreferente nagusietako bat izan da, eta behin baino gehiagotan egin dizkio keinuak euskal musikari ere.

Michel Portal musikaria, 2020an, Donostiako Jazzaldian. JON URBE / FOKU
Michel Portal musikaria, 2020an, Donostiako Jazzaldian. JON URBE / FOKU
Inigo Astiz
2026ko otsailaren 16a
13:33
Entzun 00:00:00 00:00:00

1935ean jaio zen, Baionan, baina nerabe zela alde egin zuen Euskal Herritik Bordelera eta Parisera, musika ikastera joateko. «Mozarten eta Beethovenen musika jotzeko gaitasuna zutenak nahi nituen ondoan». Aljeriako gerran 30 hilabetez izan zen armadan, hasieran musikari, eta, gero, hartara behartu zutenean, baita soldadu ere. Han ikusitako izugarrikeriak barruan gorde arren  —«Badakit zertaratu daitekeen gizona. Urde zikin bat. Salbai. Zuhaitz batean zintzilikaturik ikusten duzularik soldadu bat bere barrabilak ahoan sarturik...»—, orduan ikusitakoak sekula ez aipatzeko promesa egin zioten elkarri berak eta bere kideek Parisko tren geltokira heltzerako, eta, onartzen zuenez, oroitzapen haien aurka erabat gotortu zuen bere musika. Erreferentziazko izena izan zen klasikoen interpretazioan, baina, haren hitzetan, 1968ko Maiatzaren espirituak eta arrazakeriaren aurkako engaiamenduak eraman zuten free jazz doinuetara, eta alor horrek Europan eman dituen izen handietako bat izan da. Donostiako Jazzaldiko ohorezko saria jaso zuen lehen euskal herritarra ere izan zen, eta Baionako antzokiak haren izena du 2019az geroztik. Euskal musikak eman dituen izen handietako bat da Michel Portalena. 90 urterekin hil da, Parisen, otsailak 12 zituenean.

Klarinetea, saxofoia eta bandeoia jotzen zituen. Hamaika jatorriko musikak uztartzen zituen bere sorkuntza lanetan, eta euskal musikari egindako keinu bat baino gehiago ere topa daiteke haren errepertorioan. Inprobisazioa ere lantzen zuen, eta, horrez gainera, besteak beste, Jacques Brel, Leo Ferre eta Barbara musikariak lagundu zituen, hala estudioan nola zuzenekoetan ere. Soinu bandak ere egiten zituen, eta berak sortu zuen Antxon Ezeizaren Ke arteko egunak filmaren musika, esaterako.

Iraultza txiki bat

«Ez beti usaiakoa jotzeko». 2018an BERRIA egunkariari eskainitako elkarrizketan onartu zuenez, horretarako balio zion free jazz musikak Portali. «Beste bide batzuk aurkitzeko. Iraultza txiki bat egiteko». Eta mundu garaikidea alderik alde betetzen duen akonpainamendu musikaren kontrapuntu gisa islatu zuen sorkuntza bide hori. «Joan den egunean, hoteleko harreran zegoen neskari begira gelditu nintzaion. Horrelako lekuetan jartzen diren musika apaingarriak entzuten ditudalarik... orduak dira, gainera... Ez trabatzeko egina den musika... baina neuronentzat akigarriak dira... egun osoan... supermerkatuetan bezala. Eritzen gaituzte. Azukrea bezala. Zergatik egoera horietara behartu?».

Aurrez, 2015ean Argia aldizkariari eskainitako elkarrizketan ere inkonformismo politikoarekin lotzen zuen bere musika jarduna. «1968a zen, eta gazte bati 'zergatik parte hartzen duzu iraultzan?' galdeginez gero, 'ez dudalako aita bezalakoa izan nahi!' emango zizun arrapostu. Bizitzan zein jazzean, egituretatik eta inposatutako markoetatik libratzeko beharra genuen, norma eta kodeez beste egitekoa, etiketak haustekoa. Ordura arte egin ez zena egin nahi genuen, errutinak puskatu, ongi ikusitako inertziaren gurpilak zulatu».

Portalen hitzetan, ordea, jarrera berritzaile hark ez zuen beti harrera onik izan. Jazzaren stablishment-a deitzen zuena aurka zutela aipatzen zuen, esaterako. «Ahal zutena eta gehiago larrutzen gintuzten». Baina publikoa esperimentazio gosez zela ikusi, eta haren bultzadaz egin zuten aurrera.

Jazza jotzean harmonia klasikoak entzuten zituela esaten zuen, eta klasikoan aritzean jazza sentitzen zuela noten azpitik. Euskal Herria barruan zeramala esan izan zuen behin baino gehiagotan, eta, Baionan egin zizkioten lehen omenaldietako bat aipatu zion mugarritzat BERRIAri. «Sari banaketan euskal abesbatza entzun nuenean kantatzen, negarrez hasi nintzen. Luzaz egin nuen negar. Nire gaztaroak harrapatu ninduen. Musikan dudan sentsibilitate bat da. Orduan ohartu naiz sustraien garrantziaz. Aita euskaraz mintzo zen; amatxi, gazteleraz».

Beñat Axiari musikariak lagun zuen Portal, eta, haren hitzetan, «mundu osoan ezaguna den musikari handi bat» galdu du munduak Portalen heriotzarekin. Euskadi Irratian egin ditu adierazpenok, eta Portalek, «askatasun poetikoa» ez ezik, sustraiekin zuen lotura ere aipatu du.

Zortziko hauskor bat

2018an jaso zuen Donostiako Jazzaldiaren Sari Nagusia, eta kontzertua ere egin zuen bertan. Gerora, 2020an ere izan zen Jazzaldian, eta Youtuben ikus daiteke saio haren emanaldi osoa. Osasun egoerak baldintzatutako emanaldia izan zen ordukoa, eta musukoa eramateagatik marrantatuta zegoelako barkamena eskatuz eman zituen azalpenak. «Saiatu naiz klarinetea jotzen maskararekin, baina ez, zero. Saiatu naiz goitik eta saiatu naiz behetik, baina ez, zero». Ordubete eta laurden pasatxoko emanaldia egin zuen, Bojan Z. piano jotzaileak, Bruno Chevillon kontrabaxuak, Nils Wogram tronboiak eta Jeff Ballard bateria jotzaileak lagunduta, eta musika ulertzeko zuen modu eklektikoaren froga izan zen zuzenekoa.

Euskal Herrian bizi izandako haurtzaroa ere izan zuen gogoan. «Zerora itzuliko naiz», azaldu zien entzuleei. «10 urte ditut une honetan». Orduan zortzikoa jotzen zuela gogoratu zuen, eta doinu horretara itzultzeko saiakera egin zuen, jadanik, 84 urterekin. «Adibide bat jarriko dut, eta Jeff, ea laguntzerik duzun, ez da erritmo biziegia, baina... ea». Eskuarekin erritmoa markatu, bateriaren jazz moldeko erritmoa hasi, eta hari xume horren gainean jo zuen zortzikoaren bere bariazio alai, bitalista eta pixka bat nostalgikoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.