Komikizaleen hitzordu nagusietako bat da Getxoko Komiki Azoka (Bizkaia), eta aurtengoan ere ez du huts egingo. Urriaren 16tik 18ra bitarte, bederatzigarren artearen inguruko programazio oparoa eskainiko dute antolatzaileek, hala nola hitzaldiak, mahai inguruak, egileen izenpetze saioak, tailerrak, aurkezpenak, elkarrizketak eta bestelako ekitaldiak; gehientsuenak, gaztelaniaz. Bestalde, Miguelantxo Prado komikilaria eta Laureano Dominguez Astiberri argitaletxeko editore eta dibulgatzailea omenduko dituzte. Urriaren 16an —ostirala— izango da hori, 19:00etan.
Horren guztiaren aurrekari gisa, adimen artifizialak sektoreari ekar liezazkiokeen gorabeheren gaineko erakusketa bat dago ikusgai, urriaren 30era bitarte. Komiki Egileen Kolektiboak komisariatu du erakusketa, eta ikuspegi kolektibo bat proposatzen du, baita sorkuntza artistikoan duen eraginaz gogoeta egiteko zenbait puntu ere.
Bi gune izango ditu Getxoko Komiki Azokak. Areetako Geltokia plazak salmentarako erakustokiak eta postuak hartuko ditu, eta Itzubaltzetako Romo kultur etxeak, berriz, programatutako gainontzeko ekitaldiak. Doakoa izango da bi guneetarako sarrera, 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 21:00etara.
Bertaratuko diren komikilarien artean, aipagarri dira Lorenzo Montatore, Teresa Valero, Juan Diaz Canales, Nuria Tamariz, Miguel Brieva, Clara eta Olivia Cabez, Laurielle eta Teresa Ferreiro eta Borja Gonzalez, besteak beste.
Euskarak eta euskal komikiak bi abagune nagusi izango dituzte ekitaldi horien guztien artean. Euskal komikia gaur egun mahai ingurua izango da bat. Raisa Alava, Maite Caballero eta Julen Ribas arituko dira hizketan, Joseba Larratxe komikigilearen gidaritzapean. Hilak 17 dituela (larunbata) izango da hori, 12:00etan. Biharamunean izango da hurrengo aukera: 11:00etatik 14:00etara bitarte: Amaia Ballesteros irudigileak Komikiaren hastapenak hitzaldi-tailerra eskainiko du.