Literatura

Mikel Pagadik krimen misteriotsuak eta fenomeno paranormalak uztartu ditu ‘Itzalen konpainia’ eleberrian

Thrillerra, zientzia fikzioa eta umorea nahastu ditu idazleak bere bigarren nobelan. Euskal Herriko geografia eta iruditeria hartu ditu misterio odoltsuen agertoki. Elkar argitaletxearekin plazaratu du lana.

Mikel Pagadi idazlea, 'Itzalen konpainia' eleberria eskuetan duela, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Mikel Pagadi idazlea, 'Itzalen konpainia' eleberria eskuetan duela gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
edurne begiristain
2026ko azaroaren 9a
13:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Misterioak ez du beti bere sekretua urrutiko lekuetan gordetzen. Batzuetan, Arantzazuko (Oñati, Gipuzkoa) ate baten atzean dago, tinbre baten ondoan, plastiko baten barruan ezkutatuta. Edo Euskal Herriko beste bazterren batean, inork espero ez duen tokian. Mikel Pagadizabal Amiano Pagadi-k (Villabona-Amasa, Gipuzkoa, 1974) horrelako ate bat ireki du Itzalen konpainia bere bigarren eleberrian; Elkar argitaletxearekin plazaratu du. Thrillerra, zientzia fikzioa eta umorea nahastu ditu idazleak, euskal imajinarioa eta geografia hari beretik josiz, eta irakurlea errealitatearen eta paranormala denaren arteko mugan kokatu du. 

Ariane da istorioaren protagonista. Tabernari lanetik kanporatu ondoren, kale gorrian geratu da, baina ez da luzaroan egongo egoera horretan. Ezustean, lan eskaintza bitxi bezain tentagarria jasoko du: Argizaiola agentzian aritzea, Euskal Herriko fenomeno paranormalak ikertzen dituen erakunde ultrasekretuan. Lan berria hasi orduko, ordea, ez zaio egokituko bulegoko ohiko zereginik. Izaki arrotz eta estrainio bat jendea hiltzen ari da han eta hemen, biktimen buruak modu ankerrean moztuta. Krimenen ikerketa ofiziala ere ez da bide arruntetik joango: esku ilun batek kasutik baztertu ditu hilketez arduratzen diren ertzainak, eta Argizaiolako kideek hartu beharko dute misterio odoltsua argitzeko ardura.

Bi ikerketa lerro, bi mundu eta galdera mordoa. Batetik, ertzain pare bat; bestetik, agentzia sekretu bateko langileak. Baina bi bideek topo egingo dute Euskal Herriko hainbat tokitan, eta errealitate ezagunaren azpian ezkutatzen den mundu bitxia azaleratuko dute. Pagadik ez du, hala ere, fikziozko unibertso urrunik eraiki nahi izan. Kontrakoa: istorioa benetako lekuetan kokatu du, Euskal Herriko txoko zehatzetan, geografiak ere pertsonaia izaera har dezan.

«Euskal Herria protagonista da abentura guztian, misterio guztian eta krimen guztietan»

MIKEL PAGADIIdazlea

«Euskal Herria protagonista da abentura guztian, misterio guztian eta krimen guztietan», azaldu du idazleak eleberriaren aurkezpenean. Iparraldetik hegoaldera, Arabatik Nafarroara, Donostiatik Bilbora; benetako tokiak ageri dira liburuan. Istorioa asmatua da, baina haren oinarria ez. «Fikzioa da, baina errealitatean oinarrituta betiere», ñabartu du Pagadik. Inguruko paisaiak, pertsonak eta lekuen berezitasunak istorioa eraikitzeko tresna bihurtu ditu, irakurleak ezagutzen duen mundua beste begi batzuekin ikus dezan.

Leku horietako baten atzean dago, hain zuzen ere, eleberriaren abiapuntuetako bat. Arantzazura egindako bisita batean, eraikin bateko atzeko atean tinbre bat ikusi zuen Pagadik. Irudi hark piztu zion lehen txinparta: tinbre bat jo, atea ireki, eta barruan agentzia paranormal bat aurkitzea. Irudi soil batetik sortu zen, horrenbestez, eleberriaren unibertsoa. Ideia batek bestea ekarri zuen, eta hasieran sakabanatuta zeuden apunteak istorio baten barruan kokatzen hasi ziren.

Gauza «arraroek» erakarrita

Haurtzaroko irudimenak eta zinemaren erreferentziek bat egin dute eleberriaren izenburuan. Pagadik azaldu duenez, John Carpenter zinemagileak sekula estreinatu ez zuen The Shadow Company filmaren erreferentzia dago haren atzean. Baina zinemaren mundutik ez ezik, historiatik eta erlijioaren iruditeriatik ere edan du. Loiolako Inazioren Jesusen Konpainia datorkio gogora. Txikitan, konpainia hura beste modu batera irudikatzen zuen: komando talde bat balitz bezala, «deabruz» betetako mundu ilun baten aurka borrokatzeko prest.

Idazleak ez du ezkutatu ohiz kanpoko gaiekiko duen interesa. Aitortu du betidanik izan dituela jakin-minaren eremuan ufologia, fenomeno paranormalak, informazio bitxia eta jendearen kontakizunak: «Beti gauza arraroek erakarri izan naute». Interes horrek, ordea, ez du eleberriaren muina bakarrik osatzen. Idazleak mundu ezagunetik abiatuta sortu du bere unibertso propioa, eta umorea erabili du haren barruko kontraesanak azaleratzeko.

Izan ere, Pagadik umorea jarri nahi izan du kontakizunaren zerbitzura, hari narratiboa hautsi gabe. «Ez baita dena umorea», zehaztu du. «Txisteak eta egoera komikoak istorioa laguntzeko» erabili ditu, hau da, «osagai moduan», istorioaren erritmoa eta pertsonaien izaera indartzeko. Oreka hori bilatzea ez da beti erraza izan: idazten aritu denean, une batean bikaina iruditu zaion txistea denborarekin hain egokia ez zela iruditu zaio. 

«Txisteak eta egoera komikoak istorioa laguntzeko erabili ditut, osagai moduan»

MIKEL PAGADIIdazlea

Horixe da liburuaren beste ezaugarri nagusietako bat: krimen basatien iluntasuna eta pertsonaia xelebreen komikotasuna elkarrekin bizi dira. Argizaiolako kideak ez dira heroi perfektuak; baldar, bitxi eta, aldi berean, burutsuak dira. Haien gorabeheren bidez, irakurleak barre egiteko aukera izango du, baina baita ezagun zaizkion portaera, topiko eta jarrerak beste modu batean ikusteko ere.

Preseski, topikoetatik eta txisteetatik abiatuta, kritika sozialerako bidea ireki du Pagadik. Euskal komunitate txiki bateko hizkuntzak, ohiturek eta iruditeriak berezko umore eremu bat osatzen dute, baina baita bere burua ispiluaren aurrean jartzeko aukera ere. Liburuak horixe proposatzen du, Itzea Urkizu editoreak aditzera eman duenez: ezagutzen ditugun erreferentziak «desitxuratzea», ohikoak diren topikoak muturrera eramatea eta, barrearen bidez, azpian dauden mezuak azaleratzea.

Euskal Herriko geografia, kultura eta iruditeria ere lanaren parte dira, eta, horretarako, lekuak ezagutzea ezinbesteko izan zaio egileari. Telebistan egindako lanak Euskal Herriko herri eta txoko ugari ezagutzeko aukera eman dio, eta oroimenean geratu zaizkio bai paisaiak, bai bertako pertsonak. Kontatu duenez, batzuetan argazki bat atera izan du, eta, besteetan, inguruan ibili eta begiratu besterik ez du egin. Esperientzia horiek baliagarriak izan zaizkio gero fikziozko lana eraikitzeko, baita kontakizunari «sinesgarritasuna» eta «nortasuna» emateko ere. Horrela, mundu paranormalak eta eguneroko errealitateak elkar ukitzen duten unibertsoa ondu du Pagadik, pertsonaia, krimen, sekretu eta umore dosi neurtuak bidelagun hartuta.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA