Eduardo Txillida artistaren bilobak hartuko du Txillida Leku museoa zuzentzeko ardura datorren hiletik aurrera. Mireia Massague izan da buru azken zazpi urteetan, eta Mikel Txillidak ordezkatuko du orain. Familiaren bozeramaile Luis Txillidak adierazi du konfiantza osoa dutela harengan, eta ziur dago zuzendari berriak modua egingo duela «azken urteetako lorpenak sendotzeko eta Eduardo Txillidaren obra belaunaldi berriei zabaltzeko».
Mikel Txillida garapenerako zuzendaria izan da 2019tik geroztik, eta pribilegiotzat jo du aurrerantzean zuzendari izatea. «Eduardo Txillidaren ikuspegiari eustea da nire konpromisoa. Xedeak berberak dira: haren lan aparta zaintzea, ikertzea, publiko gero eta zabalagoaren esku jartzea, eta elkarrizketa aktibo bat izatea bai orainarekin, baita etorkizunarekin ere».
Bestalde, Massaguek, orain arte zuzendari izandakoak, aholkulari kargua hartuko du. «Asko pozten nau Mikelek zuzendaritza bere gain hartzeak, eta espero dut erakunde berezi honi lotuta egongo naizela aurrerantzean ere».