Kritika. Antzerkia

Mimesia bukatu dela

Formol laborategia konpainiako kideak 'Heriotzak Eduardo du izena' antzezlanean. GORKA RUBIO / FOKU
Formol laborategia konpainiako kideak 'Heriotzak Eduardo du izena' antzezlanean. GORKA RUBIO / FOKU
2025eko ekainaren 10a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

'Heriotzak eduardo du izena' eta 'erreka ondoan bi gezur'

Eztena Jaialdiren aurtengo programazioa indartsuago etorri zaigula esango nuke. Ostegunean Mikele Urrozen Mendia ikusi ondoren, beste bi emanaldi izan genituen ikusgai ostiralean: Heriotzak Eduardo du izena eta Erreka ondoan bi gezur, Formol Laborategiarena eta Mari Zaunkarena, hurrenez hurren. Nafarraren lana berriro ikusi dutenen iritziek berresten ziguten bere garaian Gaiarreren gailurretik tituludun kritikan esan genuena: alegia, badugula euskarazko teatroan jarraitu beharreko ahots originala bezain sendoa duen artista bat. Askotan gomendatu dugun lana denez, pozten gara programatuta ikusten dugun bakoitzean.

Formol Laborategiari Susa argitaletxeak agindutako enkargua dugu Heriotzak Eduardo du izena ikuskizuna. Munduko Poesia Kaierak (MPK) bildumaren hamargarren urteurrena ospatzeko, Biziei ere omen antologiaz baliaturik, oholtzarako pieza bat sortzea eskatu zieten argitaldariek Intza Alkain, Edurne Azkarate eta Mikel Ibargureni. Eta espero zen bezala, Formolek ez du poema irakurketa bat eratu, baizik eta hortik harago doan jolas eszeniko bat. Konpainiak —publikoaren konplizitatea lortuz— performance musikatuaren itxura nahiz telefonoz grabaturiko irudien manera teknologikoak erabili ditu. Hitzak garrantzitsuak dira, baina batez ere estetika teatral garaikideari egiten zaizkion keinuak dira kontuan hartzekoak. Oholtzan mahai bat dago ordenagailua begi bistan duena eta pertsonaiek elkarri musika eskatzen diotenean, DJen antzera bertatik zabalduko digute melodia.

Zatika eratu dute ikusgarriaren egitura, atal batzuk errepikatuz, antzerkia egiten ibiliko ez balira bezala antzezten dute arizaleek, eta publikoak algara egin dezan lortu. Hiperrealismoa deitu dute aditu batzuek eta beste batzuek hipernaturalismoa, eta, finean, bizitza imitatzen duen teatro mota bat da, baina —eta hor dago kakoa— aktoreak bizitza imitatzen ez dutela adierazten saiatzen diren bitartean egiten dena. Finean, mimesia bukatu dela transmititu nahi digutela esango lukete jakitunek, hauxe dela errealitatea, hauxe dela ez-teatroa, agian, antiteatroa. Ikusleek, behin jolasean sartuta, oso ondo pasatu dute eta proposamena ulertzen dute arazorik gabe. Eztenako publikoak badaki zer diren sormen adierazpideak, non sortzaileak ezer egingo ez balute bezala aritzen diren. Muga formalen eta jarraibide teatralen desitxuratzearen xerka abiatzen dira eta ondo abiatu ere. Hona hitzaldi antzeztua, errezital performatiboa, poesia saio musikatua. Hona eskaintza teatralki ironikoa. Zorionak, Susa; zorionak, MPK.

Nerea Gurrutxagak eta Oihana Vesgak Mari Zaunka osatzen dute. Erreka ondoan, bi gezur ezusteko atsegina suertatu zaigu. Ez genuen taldea ezagutzen eta aurkikuntza sentsazioz atera gara. Hauek ere dramaturgia garaikidetik ildotik dantza, antzezpena eta kanta nahasten dituzte. Teknika guztiak primeran baliatuz. Hona, beraz, arte eszenikoen zaleok agendara ekartzeko izen bat: Mari Zaunka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.