Minak sortutakoak

'Harvest' Neil Youngen diskorik arrakastatsuenak mende erdia bete du aurten, eta hiru kantu argitaratu gaberekin eta dokumental batekin kaleratu dute berriro ere.

Bizkarreko arazoekin grabatu zuen diskoa Youngek. BERRIA.
mikel lizarralde
2022ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Batzuetan historiara igarotzen diren artelanak egoera zail eta ez oso egokietan sortzen dira. Hori da Harvest-en (1972) kasua. Neil Youngen bakarkako laugarren diskoa, musikari kanadarraren lanik arrakastatsuena, ezinaren eta garai zail baten ondorioa izan baitzen. Crazy Horse taldearekin grabatutako After The Gold Rush (1970) lan esanguratsuarekin arrakasta artistikoa lortu ostean, Young banandu egin zen, eta zutik mantentzea eragozten zizkioten bizkarreko minak jasaten hasi zen. Horren guztiaren emaitza izan zen Harvest, musikariaren alderik gozoena agerian utzi zuen lana. Diskoak 50 urte bete ditu aurten, eta jatorrizko diskoa, argitaratu gabeko hiru kantu, BBCrako grabatutako zuzeneko saio bat eta dokumental bat biltzen dituen edizio batean kaleratu berri du Warnerrek.

Gitarra elektrikoa jotzeko gaitasunik gabe, eta Crazy Horse taldearen ekarpenik gabe, Youngek talde berri bat bildu zuen bere inguruan Harvest grabatzeko: Stray Gators. Hor zeuden Jack Nitzche arreglista, Ben Keith, Tim Drummond eta Kenny Buttrey, eta haiekin nahiz beste kolaboratzaile batzuekin (Linda Ronstad, James Taylor, CSNY taldeko lagunak), diskoa hainbat estudiotan joan zen grabatzen. Hori bera diskoaren soinuan nabaritu zen, Harvest-ek paleta ezberdinetako kantuak bildu baitzituen.

Out On The Weekend kantu akustikoarekin hasten denetik, Harvest-ek country musikarekiko lotura nabarmena azaltzen du, eta berdin egiten du Harvest kantuak berak. Old Man eta Heart of Gold hit handiarekin batera, Young lasai eta melodikoena erakusten dute, folkari lotuena.

Beste bi pieza (A Man Needs a Maid eta There's A World), berriz, Londresko Orkestra Sinfonikoaren konponketekin jantzi zituen Nitzchek, eta bizkarreko arazoak konpontzeko kirofanotik igaro ostean, beste hiru pieza elektriko grabatu zituen Youngek: Alabama -estatu horretako arrazakeria salatzen zuena—, Are You Ready For The Country eta Words.

50 urte bete dituenean, Warnerrek Harvest-en luxuzko argitalpena kaleratu berri du. Bertan, grabazioari buruzko dokumental batez eta zuzeneneko disko batez gain, hiru kantu inedito ere eman ditu argitara: Bad Fog of Loneliness, Journey Through The Past eta Dance Dance Dance.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.