Antzerkia

Minbizia diagnostikatu dioten emakume baten gorabeherak oholtzaratuko dituzte 'Igogailua' antzezlanean

Fabrica de Brujas konpainiak gaur estreinatuko du 'Igogailua' obra, Getxoko Muxikebarri aretoan. Arantza Lopezek sortu eta zuzendu du, bere bizipen pertsonaletan oinarrituta.

'Igogailua' antzezlanaren eszena bat. Aiora Sedano aurrean eta Leire Ormazabal atzean. FABRICA DE BRUJAS SORMEN KOLEKTIBOA
'Igogailua' antzezlanaren eszena bat. Aiora Sedano aurrean eta Leire Ormazabal atzean. FABRICA DE BRUJAS SORMEN KOLEKTIBOA
June Montero
2025eko abenduaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Maiz hartzen dugu igogailua; bakarrik, normalean. Eta zer gertatzen da bakardade horretan? Fabrica de Brujas Sormen Kolektiboa konpainiak galdera horri erantzuteko sortu du Igogailua antzezlana. Arantza Lopez da obraren egilea eta zuzendaria, eta bere bizipen pertsonalek bultzatu zuten proiektua abiaraztera. Lopezek minbizia izan baitzuen 27 urte zituenean. Lortu zuen gaixotasuna gainditzea, eta bizi izandakoa kontatzeko harra sortu zitzaion 2020an. Bost urteko lanaren ostean lortu du. Itziar Fragua, Leire Ormazabal eta Aiora Sedano aktoreek gorpuztuko dute minbizia duela jakin berri duen protagonistaren barne bidaia. Bilboko Fundicion aretoan egin zuten estreinatu aurreko jendaurreko entsegua iragan ostiralean, eta gaur arratsaldean estreinatuko dute, Getxoko Muxikebarri antzokian (Bizkaia).

«Igogailua irudi poetiko bat da; bizitzak bezala gora eta behera eramaten gaitu, leku batetik bestera», azaldu du Lopezek. Minbiziaren diagnostikoak «gora eta behera» eta «leku batetik bestera» eraman zuen bera ere: «Horrelako zerbait gertatzen zaizunean, errotik aldatzen da zure bizitzaren pertzepzioa». Izan zuen ikusmolde aldaketa hori islatu du obran. Azken finean, Lopezek egindako bidea korritzen du antzezlaneko protagonistak, igogailuaren lau pareten barnean. 

Bidaia hori irudikatzea, ordea, «ez da erraza», Lopezen hitzetan. Izan ere, antzezlanak errealitatearen eta ametsaren arteko muga lausotzen du. Sedanok jokatzen du pertsonaia nagusiaren rola, eta harrapatuta geratzen da ez gora ez behera egiten ez duen igogailu baten barnean. Haren ametsak eta oroitzapenak nahasian aurkezten ditu antzezlanak, eta errealak ez diren pertsonaien bisitak jasotzen ditu protagonistak —hildako amona agertzen zaio, besteak beste—; Ormazabalek eta Fraguak antzezten dituzte horiek guztiak. 

«Ez dut antzerkia sortzen entretenitzeko; bizipen bat izatea nahi dut, sentiaraztea eta pentsaraztea»

ARANTZA LOPEZ Antzerkigile eta aktorea

Prozesuaren urratsik «zailena» gidoia idaztea izan zela aitortu du. Lopez sortzera «ohituta» dagoen arren, taldean lan egin gabe idazten duen lehen lana da. «Ordenagailuaren pantaila zuriaren aurrean bakarrik egoteari egin behar izan nion aurre». Hala ere, testua bukatu ostean, antzezlana osatzea «zoragarria» izan dela adierazi du. Izan ere, hiru aktoreak eta zuzendaria lagunak dira, eta harreman horren goxotasunean prestatu dute Igogailua.

Antzerkigilearen arabera, tragikomedia garaikide bat da pieza, baina argitu du komediaren alderdia «gailendu» egiten dela. «Barre egiteak izugarrizko garrantzia du niretzat, eta minbizia gainditzeko ezinbestekoa egin zitzaidan umore beltza: salbatu egin ninduen». Ez du ukatzen istorioa «gogorra» denik, baina ikusleei itxaropena eman nahi diela nabarmendu du. Argi du obraren helburua ez dela begira dagoena atsekabetzea edo hari negarra sorraraztea. «Lagunek elkar besarkatzea» nahi lukeela dio; «hemen eta orain egotea». Ororen gainetik, emozioak azalera ekartzea du xede: «Ez dut antzerkia sortzen entretenitzeko; bizipen bat izatea nahi dut, sentiaraztea eta pentsaraztea». 

Eszenografia biluzia

Mikrofono batek eta mesanotxe batek baino ez dute oholtza janzten. Eszenografia biluzi horretan, argien eta itzalen erabilerak eta musikak «garrantzi handia» dutela esan du Lopezek; bereziki, onirikoak eta errealak diren eszenak bereizteko orduan. Biluztasun horrek badu zentzua. Lopez: «Istorioan protagonista ere biluzik dago, hori baita barne bidaia bat». 

Gaurko estreinaldiaren ostean, antzezlana «ahalik eta gehien» egin eta mugitu nahi dutela azaldu du Lopezek, nahiz eta oraindik ez duten birarik itxi. Gehitu du bereziki gustatuko litzaiokeela nerabeei eta minbizia duten emakumeei erakustea proiektua: «Bitartekaritza lana egin nahiko nuke, eta obra espazio terapeutiko bilakatu». Publikoaren erantzunaren esperoan daude orain. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.