Miren Asiainek jaso du Etxepare ilustrazio saria

Uxue Alberdi idazlearen eta Aitziber Akerreta ilustratzailearen lanari ere aipamen berezia egin dio epaimahaiak

Miren Asiain ilustratzailea atzo Iruñean. IDOIA ZABALETA/ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Burlata
2012ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Bat izan da saritua, baina bi ere izan zitezkeen. Aurten jasotako lanen maila nabarmendu dute haurrentzako albumak sortzeko Etxepare Saria hautatu duen epaimahaiko kideek. Miren Asiainek (1988, Iruñea) egindako lana saritzea erabaki dute, azkenean; Hara! izeneko albuma. Testuak irakurleari gertatzen ari dena irudikatzen uzteko duen gaitasuna nabarmendu ditu Iñaki Agirrezabala idazle eta epaimahai kideak. «Liburu hau jolas bat da. Asko uzten du irakurlearen esku» Jon Zabaleta ilustratzaileak, marrazkien borobiltasuna eta samurtasuna aipatu ditu. «Badu teknikan inperfekzio bat irudiak goxo egiten dituena. Akats horietan bada poesia bat». 6.000 euro jaso ditu Asiainek, eta ekainen izango da kalean liburua Pamiela argitaletxearen eskutik.

«Egunero gertatzen den magia harrapatzen saiatu naiz», azaldu du Asiainek. Horregatik hautatu du eguneroko istorio bat kontakizunerako ardatz gisa, eta hori dela-eta hautatu du marrazkiak osatzeko teknika ere. «Itxura xumea eman nahi nion. Edozeinek egiteko modukoak izatea». Amona batek igerilekutik jasotzen duen haur baten istorioa da kontakizunaren ardatza. Etxera laguntzen du umea handik, zinemara joaten dira, erosketak egitera... Eguneroko bidaia kontatzen du albumak, baina umearentzatezustez beteta egongo dena.

Aipamen berezia

Aipamen berezi eta nabarmena egin nahi izan diote, bestalde, epaimahaiko kideek Uxue Alberdi idazleak eta Aitziber Akerreta ilustratzaileak aurkeztutako lanari. Txikiak zaretenean deitzen da albuma, eta testu «ausarta» eta ilustrazio «bikainak» dituelako azpimarratu dute liburuaren kalitatea. Pamiela argitaletxeak ekainean argitaratuko du.

Irekita dago jadanik hurrengo sari banaketarako lanak aurkezteko epea. www.etxeparesaria.net web orrialdean daude oinarriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.