Zinema

Mirentxu Loiarte lehen euskal emakume zinemagilea hil da

Loiarterentzat politikan eta kulturan eragiteko tresna zen zinema, eta modu horretan baliatu zuen zinemagile gisa egindako bide labur baina esanguratsuan. 'Irrintzi' film laburra eta 'Euskal Emakumeak' dokumentala egin zituen.

Mirentxu Loiarte, 2005ean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Mirentxu Loiarte idazle eta zinemagilea, 2005ean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
2025eko irailaren 3a
20:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

60ko hamarraldian euskal zinemari bultzada eman zion mugimenduko kideetako bat izan zen Mirentxu Loiarte Espartza (Iruñea, 1938), besteak beste Ama Lur filmeko egile Fernando Larruquert eta Nestor Basterretxearekin batera. Aldarrikapen politiko, kultural eta linguistikoz jositako aro bati eman zioten hasiera, horrenbestez. Ikuska proiektuko partaide ere izan zen Loiarte, eta euskal identitate kolektiboaren gaineko gogoeta esperimentala landu zuen, Ikuskako gainontzeko egileek bezala. 87 urtetan hil da Loiarte.

Hain zuzen, Ikuska proiektuaren barruan ondu zuen bere lehen filma, 1978an: Irrintzi. Film labur horren bidez Euskal Herrian garai hartan pairatzen ari ziren errepresioa salatu zuen, Luis Iturriren testu bat oinarri hartuta. Maribi Bilbao aritu zen aktore lanetan. Irrintzi Donostiako Zinemaldian estreinatu zen urte hartan, eta, proiekzioaren ostean, polizia Loiarte atxilo hartzen saiatu zen, baina orduko Zinemaldiko zuzendariak galarazi zuen, «eskandalua» saihestu beharra argudiatuz.

Euskal Emakumeak dokumentala izan zuen bere bigarren lana, Ikuska proiektuaren baitakoa hura ere; hamabigarrena, hain zuzen. 1981ean plazaratu zuen dokumental hori, eta bertan 80ko hamarraldian emakumeek betetzen zuten espazio soziopolitikoari heldu zion. Besteak beste, azoketan, haurrentzako parkeetan eta arrain fabriketan aritu zen filmatzen.

Hura eta gero, Loiartek bertan behera utzi zuen zinema. Arrazoi politikoak tarteko, erbestera jo behar izan zuen; zehazki, Venezuelara, Jose Antonio Urbiola senarrarekin batera.

Aitzindariari aitortza

2017an Loiarteren lana aldarrikatu, eta euskal zinemagile aitzindarien tokia eman zion Iratxe Fresneda zinemagileak, Irrintziaren oihartzunak dokumentalean. «Helburua zen Mirentxuren lana ezagutaraztea, baina protagonismoa hari emanda. Hark egindako lana eta hark esandakoak plazaratzea», azaldu zuen Fresnedak.

Loiartek Parisko CICF Zinema Independentearen Frantziako Kontserbatorioan egin zituen ikasketak. Harentzat politikan eta kulturan eragiteko tresna zen zinema, eta modu horretan baliatu zuen zinemagile gisa egindako bide labur baina esanguratsuan. Euskaraz filmatu zuen beti.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.