Zetak taldeko abeslaria

Pello Reparaz: «'Mitoaroa'-ren nukleoan dagoen geruza erabat psikologikoa da»

‘Mitoaroa II’ ikuskizunak izan duen «kutsu kritiko, autokritiko eta politikoa» izango du Bilbon egingo duten ‘Mitoaroa III’-k ere, Pello Reparazek esan duenez. Zintzotasun ariketa gisa bizi du 'Mitoaroa'.

Pello Reparaz, gaur, Donostiako hotel batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Pello Reparaz, gaur, Donostiako hotel batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2025eko irailaren 8a
19:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pasa den asteburuan Donostiako Illunbe Mitoaroa II ikuskizunarekin hirutan bete ostean, energia fisikorik gabe dago Pello Reparaz (Arbizu, Nafarroa, 1990), Zetak taldeko abeslaria. Hori bai, fisikoa baino ez: «Jendeak proiektuari eman dion bultzada eta energia hori guztia nigan sentitzen dut. Horrek ematen dit indarra: gaur bertan gogoa dut idazten hasteko».

Nola entzuten zen Illunbe kaskorik gabe?

Neurrira egindako kasko isolatu batzuk ditut, baina giroko mikrofonoen haritxo bat sartzen didate, ni ere giroan egoteko, eta, noski, erokeria da. 360 graduko proiektu bat izanik Mitoaroa II, erdialdera proiektatzen dute beren ahotsa 14.000 lagunek, eta erdi-erdian ni nago. Beren ahotsaren bidez helarazi didate energia hori guztia.

Kaskoak izan dira berritasun bat.

Zetak proiektua ezagutzen duenak badaki esperientzia berrietara irekia egon behar duela, eta esperimentatzeko gaudela hemen, ikasteko, frogak egiteko eta konfort eremutik pixka bat ihes egiteko. 

Illunbe gehiago zukutu zitekeen?

Oso zaila da Illunbe gehiago zukutzea. Ez da hainbeste jende sekula egon Illunben. Ez dakit zezenketekin inoiz bete den, baina guk jende gehiago hurbildu dugu euskararekin, zezenik hil gabe. Beraz, hori ere ospatzekoa bada. Teknikoki eta narratiboki anbizio handiko taldea dugu, eta apustu erraldoia egin dugu: lantaldea oso harro dago.

Ez da kontzertu huts bat izan, noski.

Badakigu Mitoaroa ez dela kontzertu bat, baina ez dakigu zer den. Gu ere deskubritzen ari gara. 

Ikuskizunean XV. mendera egin duzue bidaia, Erdi Aroaren eta Aro Modernoaren arteko muga lauso hartara. Hori bera izan da Mitoaroa II: bi aroren arteko trantsizio bat?

Sentitzen dut Zetak beti dagoela trantsizioan. Beti. Ez da egonkortzen. Sekula. Pausoak ematen ditugu. Adibidez, Zetak hasi zenean, Zetak mugitzen zuen motorra ez genuen hain argi, idiosinkrasiaren eta sormen intentzioaren erdigunean eta ardatzean kokatzen zen hori ez genuen hain argi. Orain badakigu euskara dela, eta hizkuntza ez-hegemonikoen defentsa. Hori dago erdian, eta hori bada pauso bat Zetak kokatzeko. Baina egonkortasun bat, geldiune bat, gero trantsizio bat behar izateko, Zetak-ek ez du, trantsizioan gaudelako etengabe. Beraz, Illunbe bada trantsizio bat, baina Mitoaroa I ere izan zen, eta Mitoaroa III izango da.

Zer izango da Bilbokoa?

[George] Orwell zalea naiz oso, eta 1984 obran inspiratutako etorkizun distopiko batean kokatuko da Mitoaroa III. Maite dut fikzioa eta maite dut kritika soziala. Uste dut Illunberi eman diogun Mitoaroa II-k hartu duen kutsu kritiko, autokritiko eta politikoa presente egongo dela San Mamesen ere. Ideia asko ditugu. Narratiboan ari gara orain eta arituko gara hurrengo hilabeteetan, eta behin hori dugula hasiko gara forman pentsatzen.

aurresalmenta, ASTEAZKENEAN

2026ko ekainaren 20an kontzertu handi bat eskainiko du Zetak taldeak Bilboko San Mames estadioan. BERRIAlagun direnek asteazkenean erosi ahalko dituzte sarrerak, %20ko deskontuarekin. Gainera, BERRIAlagun izatea erabakitzen duten lehen ehun lagunek doan eskuratuko dituzte. Sarrerak ostegunean jarriko dituzte salgai publiko orokorrarentzat.

Zuk zeure buruari esaten dizkiozunak kontatu dizkiozu publikoari Illunben. Irudipena hori izan da, behintzat.

Bai. 35 urte bete ditut aurten, eta uste dut heldu naizela puntu batera, non garaia heldu zaidan. June Nogueirasek interpretatu duen pertsonaiarentzat hitz hauek idatzi nituen: «Ez al duzu uste, Pello, nibela pixka bat igotzeko garaia heldu zaizula?». Uste dut puntu horretan nagoela. Uste dut asko egin diedala so modu batera edo bestera nigan influentzia izan duten artista, jende, politikari eta izen-abizenak dituzten pertsonei, kritikoei ere bai, eta askotan nire egin ditut diskurtso batzuk agian merezi duten lanketa egin gabe. Maite dut irakurtzea, maite dut ikastea, maite dut dena zalantzan jartzea, eta uste dut neure buruarekin zorrotz izatea zor diodala neure buruari. Beti bilatu dut borreroa nigandik kanpo, eta uste dut garaia dela: badut nik zer landu, asko-asko. Onartu behar da, eta prozesu horretan nago oraintxe.

Ikuskizunean Elizaren eta mitologiaren arteko talka agertzen da. Zure barneko talken metafora bat al da?

Bizpahiru orriko dokumentu batean azaltzen da Mitoaroa-k dauzkan geruza guztietatik nukleoan agertzen den geruza, eta hori erabat psikologikoa da, nire diagnostiko psikologikoari so egiten diona. Mitoaroa osorik uler daiteke nire diagnostiko psikologikoaren sei puntu horietan. Batere zalantzarik gabe, bai: hori existitzen da, hor dago. Oraindik ez daukat indarrik publikoki argi hitz egiteko eta geruza horiek aletzeko, oraindik lanketa hori egin behar baitut nire terapia prozesuan, baina hori oso presente dago Mitoaroa-n. Mitoaroa-n jazotzen den gauza oro ulertu daiteke dokumentu horrekin.

Norbere kontraesanak artearen bidez plazaratzea terapia egiteko modu bat da?

Niretzat tresna bat bada. Ez naiz gai beste era batera plazaratzeko. Orduan, bai, modu batera edo bestera zintzotasuna helarazi behar diet gure proiektuaren aldeko apustu handia egin duten dozenaka milaka pertsona horiei, eta esan arduraz hartzen dudala eman didaten aukera erraldoi bat. Batzuetan hobeki, beste batzuetan okerrago, baina maitasunez, hausnarketaz eta ardura handiz heltzen diodala aukera eta erronka honi. Bada hori esateko modu bat ere.

«Oraindik ez daukat indarrik publikoki argi hitz egiteko eta geruza horiek aletzeko, oraindik lanketa hori egin behar baitut nire terapia prozesuan»

Gainera, lerratu egiten zara: Palestinaren aldeko aldarria, Lepoan hartu ta segi aurrera Pantxoa eta Peiorekin, Nafarroa, euskara…

Ohera joango naiz gero, eta lo egin behar dut. Nina Simonek esaten zuen artista batek kontuan hartu behar dituela bizi duen garaia, gizarteak bizi duen egoera eta obra hori sortu den denbora, presente izan eta islatu behar dituela. Ni eskola horretakoa naiz.

Hala ere, Illunben euskal gizarteko sektore asko zeuden, eta hori ez da oso ohikoa Euskal Herrian. Zein da sekretua?

Ez dakit, lerratu egiten bainaiz; argiki, gainera. Egiten dudan horretan sinisten dut, asko sinisten dut nire ideietan, militantzia linguistikoan... Bene-benetan egiten dut egiten dudana. Eta nik uste dut jendeak sentitzen duela hori, nire ideiekin bat egin edo ez. Horrela heltzen naiz jendearengana, nire ustez.

Mitoaroa euskaraz baino ezin da egin, Illunben esan zenuenez.

Zalantzarik gabe. Horretan sinisten dut, eta estadio batez ari gara ja. Esaten ari zaizkit estadio bat euskaraz betetzea mugarri historiko bat dela, euskaraz egin daitekeela demostratuko dudala… Ez da hori: benetan bakarrik euskaraz egin zitekeen. Euskaraz beteko dugu, baina ez euskaraz delako: ez da mugarriago euskaraz delako. Mitoaroa bakarrik euskaraz egin zitekeen. Benetan sinisten dut horretan. Beteko dugu mitologiaz, inauteriaz… Beteko dugu autokritikaz, kritikaz, euskaraz, geure identitateaz… Eta hori guztia San Mames bezalako erronka erraldoi batean uztartzeko aukera bakarra euskaraz eta euskaratik egitea da.

Hori bera ere ETB2n emango da?

Nik sinisten dut ETBk izan beharko lukeela euskararen normalizaziorako tresna bat, eta ez da. Uste dut espainola komunikatzeko egokiagoa delako ideia normalizatzen duela ETBk gaur egun. Orduan, hor haustura bat egon behar dela sinisten dut. Haustura bat da euskarazko kontzertu bat ETB2n emititzea.

Hitz egin duzu mitologiaz, erlijioaz, Bilboz… Erlijioari helduta, kasualitatea al da Mitoaroa III katedralean egitea?

Uste dut erlijioak ez duela plano handirik hartuko Mitoaroa III-n. Oso kritikoa izan naiz erlijioarekin, eta ikuspegi orokorrago batetik uste dut gizakia bera dela benetan ukitzen duen oro suntsitzen duena. Oso katastrofikoa naiz; ez dirudi Zeinen ederra izango den nik idatzi nuela, baina banaiz. Bi Pello daude hor, eta beste Pello horri zabaldu diot bidea orain: nahiko katastrofista den Pello horri. Uste dut Pello apaiz bat besarkatzen ikustea izan dela mahaian kolpe bat, esateko: «Aizu, kontuz, hasi behar naiz gauzak ondo-ondo hausnartzen». Hor nabil, bueltaka.

lotsabako

Bilbon Gasteizko ikuskizuna iragarriko duzu? Baionakoa akaso?
Ez.

Herri txikietako festetan...
Erdi-esnatuko naiz datorren udan; nahiko onirikoa izatea espero dut.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.