Mitoaroa ikusgarriak hirugarren aldia ere izango duela iragarri du Zetak taldeak, Donostiako Illunbe zezen plazan bart emandako kontzertuaren amaieran. 2026ko ekainaren 20an izango da Mitoaroa III, Bilboko San Mamesen. Aurreikuspenak betetzen badira eta orain arteko kontzertu guztien moduan mukuru betetzen badira, lehendabiziko aldia izango da euskara hutsezko ikusgarri batek halakorik egiten duena Bizkaiko estadio horretan.
Irailaren 10ean zabalduko dute kontzertu horretarako aurresalmenta, 10:00etan; salmenta orokorreko leihatilak, berriz, irailaren 11n zabalduko dira, ordu berean. BERRIAlagunek aurretiaz eta %20 merkeago eskuratu ahal izango dituzte sarrerak. Bestalde, BERRIAlagun egiten diren lehen 100 kideek opari jasoko dute txartela, nahi izanez gero. BERRIAlagun guztiek posta elektronikoz jasoko dituzte xehetasunak.
Mitoaroa ikusgarriaren bidez, Zetak taldeak euskal mitologia egin du oholtzetako protagonista. 2019an ekin zioten proiektuari, taldea sortu zeneko bosgarren urteurrenean, hain zuzen. Mitoaroa proiektuaren lehen aldiak Nafarroako ihauteriak izan zituen ardatz, eta fikzioa eta musika elektronikoa uztartu zituen Nafarroa Arenan. Bide beretik jarraitu dute bigarren aldian ere, baina kontzeptua zabalduta: Euskal Herri osoko pertsonaia mitologikoei erreparatu diete, eta lehenaren «prekuela» gisa definitu dute Pello Reparazek eta gainontzeko taldekideek; ostiralean eta larunbatean taularatu dute Donostiako Illunbe zezen plazan, eta gaur izango da Donostiako hirugarren eta azken kontzertua. 40.000 lagun batuko dituzte guztira.