Ez behin, ez bitan. Hirutan beteko du Zetak taldeak Donostiako Illunbe zezen plaza. Urtarrilean, taldearen bosgarren urteurrena ospatzeko, Mitoaroa ikuskizuna taularatu zuten, eta saio guztietan goraino bete zuten Nafarroa Arena. Kontzertu horiekin gutxi ez —30.000 lagun elkartu ziren orotara—, eta beste saio bat iragarri zuten irailerako; hain zuzen, larunbat honetarako, Illunben. Sarrerak salgai jarri eta ordu gutxiren buruan bukatzen ari zirela ikusita, beste bi egunetan ere egingo zutela iragarri zuten: bihar lehenengo, eta igandean gero. Taldeak hiru kontzertuak jakinarazi berritan kontatu zuen saio horiek «beste zerbaiten atari» izan litezkeela.
Biharko eta etziko kontzertuak 22:00etan izango dira, eta igandekoa, berriz, 21:00etan —ateak bi ordu lehenago irekiko dituzte—. Antolatzaileen esanetan, 40.000 ikusle bilduko dira guztira hiru saioetan. BERRIA kontzertuen babesle da.
Erlazionatuta
Euskal mitologia izan zuen ardatz Mitoaroa-k, eta Nafarroako inauteriei egin zieten so gehienbat, musika eta fikzioa uztartuz. Oraingoan, mugak are eta gehiago zabaldu, beste koordenatu geografiko batzuk erantsi, eta Euskal Herriko beste hainbat inauteri ere biltzeko asmoa izango dute: Uztaritzekoa (Lapurdi), Zalduondokoa (Araba), Guardiakoa (Araba), Abantokoa (Bizkaia), Altsasukoa (Nafarroa), Lizarrakoa (Nafarroa)... «Illunben ikusiko duguna ez da Nafarroa Arenako Mitoaroa, horren prekuela bat baizik», definitu ditu Zetak-eko lantaldeak asteburuko kontzertuak. Taldeko buru Pello Reparaz «pauso bat haratago» joan dela ere adierazi dute, ikuskizunak «gurea ez den errealitate batean» kokatuko dituelako.
Ikusi gehiago
Ikuskizuna aurrera eramateko, 250 langiletik gora eta 150 kolaboratzaile baino gehiago izango dituzte lagun. Aktore profesionalek ere parte hartuko dute oraingoan. Gainera, azaldu dute «kolaborazio bereziak» ere egongo direla, urtarrileko kontzertuetan bezala.
Antolatzaileek bertaratuko diren ikusleei garaiz joateko gomendioa egin diete, ilarak arindu eta bestelako arazorik ez izateko. Ikuskizunak hasi aurretik, 18:30etik aurrera, Marabiyak Soundek zuzeneko musika eskainiko du. Janari furgonetak ere egongo dira, bai kontzertuaren aurretik, bai ondoren.