Primeran-ek eta ETB2k 'Mitoaroa'-ren prekuela emango dute larunbatean

Zuzenean emango dute emankizuna, eta datozen egunetan noiznahi ikusi ahalko da Illunbeko ikuskizuna Primeran-en.

'Mitoaroa', Zetak taldearen ikuskizuna, urtarrilaren 3an. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
'Mitoaroa', Zetak taldearen ikuskizuna, urtarrilaren 3an. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
urtzi urkizu
2025eko irailaren 4a
10:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pello Reparazek eta Zetak taldeak hirutan beteko dute Donostiako Illunbe zezen plaza. Ez da nolanahiko erronka, eta ezustekoak ere izango dira Mitoaroa ikuskizunaren «prekuelan». Illunbeko emanaldiak ostiral, larunbat eta igandean izango dira, eta ez da sarrerarik gelditzen. Edonola ere, sarrerarik gabe gelditu direnek edo Donostiara joan ezin dutenek Primeran euskal plataforman eta ETB2 katean ikusi ahalko dute larunbat gaueko emanaldia, 22:00etan.

Ikuskizuna aurrera eramateko, 250 langile baino gehiago eta 150 kolaboratzaile izan ditu lagun Reparazek. Aktore profesionalek ere parte hartuko dute ikuskizunean.

Urtarrilaren 3an eta 4an, Mitoaroa ikuskizuna egin zuen Zetak taldeak Iruñeko Nafarroa Arenan. Bigarren egunerako, EITBk iragarri zuen ikuskizuna Primeran-en eta ETB2n emango zuela zuzenean. Baina arazo teknikoen eraginez, Primeran-en ezin izan zen ikusi. ETB2 kateak eman zuen, ordea, eta ikusle datu oso onak izan zituen: Euskal Autonomia Erkidegoan, Mitoaroa-k %10,7ko ikusle kuota lortu zuen —euskaldunen artean, %17,6koa—; eta Nafarroan, %14,4ko kuota —euskaldunen artean, %56koa—. Audientzia metatua 275.000 lagunena izan zen, hau da, herritar horiek guztiek ikusi zuten uneren batean euskarazko kontzertua ETB2 katean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.