Artea

Mitoetatik harago egiteko piezak

‘Euskal eskultura bizirik’ erakusketa bikoitza ikusgai da egunotan Oiartzunen. Eskulturaren askotariko bideen erakusle diren hamaika artistaren lanak daude San Juan kaperan eta Arizmendieneako lorategian, azaroaren 2ra arte.

Arizmendieneako lorategian daude eskulturarik handienak. Lehen planoan, Blanca Sagastiren 'Libelula'. GORKA RUBIO / FOKU
Arizmendieneako lorategian daude eskulturarik handienak. Lehen planoan, Blanca Sagastiren 'Libelula'. GORKA RUBIO / FOKU
Ainhoa Sarasola.
Oiartzun
2025eko urriaren 22a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Oteiza, Txillida, Basterretxea, Mendiburu... Garai bateko artista handien izenak datozkie burura askori euskal eskultura aipatzean. «Baina XXI. mendean gaude», ekarri du gogora Pagoarte elkarteko Mikel Mendizabalek; «Euskal Herrian gaur egun oso maila ona dago eskulturan, baina ez da ezagutzera eman, eta mitoek agintzen dute». Gaur egungo artisten lanak ezagutarazteko, Euskal eskultura bizirik erakusketa antolatu du elkarteak, Eskuahaldunak eta Abaraxka elkarteekin batera, Oiartzunen (Gipuzkoa). Bi gunetan banatu dituzte piezak: San Juan kaperan eta Arizmendieneako lorategian. Hilaren 11n inauguratu zuten, eta azaroaren 2ra arte egongo da ikusgai. 

1997an sortu zuten Pagoarte, «euskal kultura eta artea bultzatzeko asmoz». Martxan izan zen urteetan kultur diziplina guztietako jarduerak antolatu zituzten. Hainbat urtez lozorroan egon zen gerora, erakusketaren harira proiektua berriz piztu duten arte, Mendizabalek kontatu duenez. Eskulturagintzari ikusgarritasuna ematea jarri dute xedetzat oraingoan, emakumezko artisten lanei arreta berezia eskainita, are ikusezinago geratu direla iritzita.

Erretaularekin solasean

Piezetako bederatzi San Juan kaperan kokatu dituzte. Baina beste artelan bat ere bada bertan: XVII. mendeko erretaula errenazentista bat, Jeronimo Larrea eskultoreak intxaurrondo egurrez egindakoa. Haren inguruan daude artista garaikideen eskulturak, eta sotilago edo nabarmenago, harekiko lotura ageri dute piezetako batzuek.  

Lorentxo Garmendiaren Armonia obraren hondoak, esaterako, erretaularen margo urrekararen oihartzunak izan ditzake, Mendizabalen ustez; Ainara Lasaren Bihotza-k, berriz, haren polikromiarenak; erretaulan ageri den figuretako bati egiten dio erreferentzia Juan Aizpitarteren Nature morte. San Sebastian lanak; eta garai batean etxez etxe kutxa batean ibili ohi zen Ama Birjinaren figura ekar dezake gogora Idoia Beratarbideren Artelan eramangarria lanak.

(ID_15439168) (Gorka Rubio/@FOKU) 2025-10-21, Oiartzun. Oiartzun Pagoarte elkarteak, Euskal Eskultura Bizirik izenburupean, bi erak...

Hainbat obra, San Juan kaperako erretaularen inguruan. G. RUBIO / FOKU

Askotariko materialak baliatu dituzte gainerako artistek ere. Pablo Zuriarrainek, adibidez, egurrez ondu du Xabier Leteren omenezko bere pieza, eta Onintza Etxebestek burdinazko egitura batetik zintzilikatu du paperezko irudi zatiz osatutako Bilbe obra. Kaperaren izkina batean kokatu dute Anton Mendizabalen Akorde, zeina ikusi ez ezik entzun ere egin daitekeen; sutan landutako kobrezko zortzi tutuetako bakoitzak doinuak eta koloretako argiak sortzen ditu. Belen Morenoren Pira (Zure eskuetan sua) eta Mikel Barreroren Mr. Magneto piezek osatzen dute aretoko bilduma.

Zuhaitzen gerizpean

Arizmendieneako lorategira, berriz, obrarik handienak eraman dituzte. Sartu eta eskuinetara, Guillermo Olmoren Doinuak dago; garai bateko usategi baten egituraren gainean kokatu du artistak burdinazko pentagrama baten itxura duen pieza. Gertu du Javier Perezen obra, Gurpilak leihoan artilezko larruarekin izenekoa, tituluan izendatutako osagaiekin egina dena. Eta pauso batzuk eskuinera eginez gero, Iñigo Aristegiren Maletak topatuko du bisitariak: burdinazko maleta zuriak pilatuta ageri dira obran, zerurantz altxatzen. 

(ID_15439161) (Gorka Rubio/@FOKU) 2025-10-21, Oiartzun. Oiartzun Pagoarte elkarteak, Euskal Eskultura Bizirik izenburupean, bi erak...
Guillermo Olmoren eta Javier Perezen obrak, Arizmendieneako lorategian. G. RUBIO / FOKU

Magnolia handi batetik zintzilik dago Uxue Lasaren Oihartzunak; 1936ko gerran ilea larru-arras moztu zieten emakumeen memoria dakar gogora igeltsuzko figurak. Aldamenean, beste magnolia garai baten oinean hartzen du atseden Pablo Zuriarrainen Katea lanak; beira zuntzezko eta laranja kolore biziko hiru katebegi dira, elkarri lotuak daudenak, eta guztiz itxi gabea da horietako bat. 

Hartxintxarrezko eremu batean, berriz, Anton Mendizabalen egurrezko Intxixua altxatzen da, zeina bere logo edo iruditzat duen Pagoartek. Beste hiru pieza luzexka ditu aldamenean, joan den astean bertan sortutakoak. Hain zuzen, erakusketaren harira, herriko sei gaztek jostailuak, kaxak, oihalak eta zakarretara botatako beste material batzuk baliatu dituzte beren eskulturak sortzeko. Gertu, baina belar gainean daude azken bi piezak: Leire Sainz de Ajaren Aldarria eta Blanca Sagastiren Libelula.

Erakusketaren osagarri, hainbat jarduera ere antolatu dituzte. Igandean, behin-behineko eskultura bat sortuko du Lorentxo Garmendiak Arizmendieneako lorategian. Eta proiektuari amaiera hasi bezala emango diote azaroaren 2an, inaugurazioko ekitaldi berak egingo baitituzte San Juan kaperan: besteak beste, erretaulari buruzko azalpenak emango ditu Elena Zalakainek, beren lanak aurkeztuko dituzte artistek, eta Akorde eskulturaren doinuak entzun ahal izango dira, Itxaso Navarro biolontxelo joleak lagunduta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.