Hilberria

Mitxel Longaron bateria jotzailea zendu da

Sakre taldean ekin zion ibilbideari, gazte-gaztetan, eta beste hainbat proiektutan jo zuen urteetan: hala nola Imanol Larzabalekin, 21 Japonesas eta Duncan Dhu musika taldeetan eta, azken urtetotan, Postal Kolekzionistak-en.

Mitxel Longaron bateria jotzailea, artxiboko irudi batean. TOLOSALDEKO ATARIA
Mitxel Longaron bateria jotzailea, artxiboko irudi batean. TOLOSALDEKO ATARIA
Uxue Rey Gorraiz.
2026ko apirilaren 29a
16:57
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gurasoek sorterrian zeukaten saltokiagatik zen txikitan ezagun Mitxel Longaron Galarza (Tolosa, Gipuzkoa, 1959), baina gazte-gaztetan urratzen hasi eta gaur arte musikan eginiko bideagatik izanen dute gogoan askok eta askok aurrerantzean. Bateria astintzeko zeukan maneragatik, batez ere. Gaixotasun luze baten ondotik, gaur hil da, Tolosaldeko Ataria agerkariak jakinarazi duenez. 

15 urterekin hasi zen musika munduan Longaron, Tolosako Sakre musika taldean lehenbizi. Eta, ordutik, hainbat taldetan aritu zen bateria jotzen. Besteak beste, 1976tik aurrera, luze jo zuen Imanol Larzabalen taldean, Klabelin Komik formazioan ere aritu zen, eta Itoizen musika ibilbidean ere egin zuen bere ekarpena: bateria jo zuen Ezequiel albumerako. 21 Japonesas eta Duncan Dhu taldeen deiak ere jaso zituen gerora, besteak beste. Hain zuzen, 2000. urtean, Duncan Dhurekin nazioarteko bira bat egiten ari zela, kideek istripu larri bat izan zuten Mexikon. Soinu teknikaria bertan hil zen, eta Longaron bera larri zauritu zen —hainbat saihets eta kaskezurra hautsi zituen—. Ondorioz, bi urtez eszenatokietatik aparte izan zen, eta Alex Ubago artistaren taldera txofer gisa batuta egin zuen itzulera gero, osatutakoan. 

Horietaz gain ere, luzea da Longaronen ibilbidea. Fito & Fitipaldisekin eta Extremodurorekin ere txofer gisa egin zituen birak musikariak, eta, inoiz, Joan Manuel Serraten eta Joaquin Sabinaren bandetan ere egin zituen halako lanak. Bestalde, Coti abeslari argentinarrari ere lagundu zion behin baino gehiagotan. 

Nazioarteko birak-eta atzean utzita, dagoeneko Tolosara itzulita, berriro bateriari heldu zion eta Iker Laurobaren bandan eta Postal Kolekzionistak taldean aritu zen zenbait urtez. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA