«Nire poemetako batean esana dut: 'Neure burua hil dut idazten'. Idazten duzu libreta batean, baina badatoz eta kentzen dizute. Orduan idazten duzu ahozapi batean, eta hori ere kentzen dizute, hor arriskutsua izan daitekeen ezer ote dagoen begiratzeko, baina gero ez dizute sekula itzultzen. Iritsi naiz eskuan ere idaztera, baina boligrafoa ere kendu zidaten. Orduan, nola idatzi?». Literatura kurduaren eta kurdueraren aldeko mugimenduaren itsasargietako bat da Mizgin Ronak idazlea. 1973an jaio zen, Kurdistan ipar-mendebaldeko Amed hirian. Literatur irakaslea zuen aita, eta musikari sendi bateko parte zuen ama. 1992an, artean 18 urte baino ez zituela, atxilotu, eta bizi guztirako kartzela zigorra ezarri zioten Turkiako epaitegiek, auzi kurduan izandako parte hartzeagatik. 30 urte eman ditu espetxean geroztik, eta, ezinbestean, esperientzia horrek gurutzatzen du haren literatur jardun osoa. Bertan idatzi ditu bere libururik gehienak, eta bertatik eman ditu argitara. Kurdueraz beti. Horregatik, figura erretoriko huts izatetik urrun dira idazteko izan dituen zailtasunei buruzko adierazpenak. 2021ean atera zen kartzelatik, eta Euskal Herrian izan da egunotan, lehenengoz. Euskal Herriko Unibertsitateak gonbidatuta, bere literatur jardunaz aritu da ostiralean Bilboko Bizkaia Aretoan, Zekine Turkeri kazetari eta itzultzaile kurduak lagundurik, eta, Ronakek zehaztu duenez, kurduen existentziaren eta erresistentziaren lekukotza ematea dago haren liburuen bihotzean. Eta, beraz, nola ez idatzi?
Lau poesia liburu ez ezik, hiru nobela ere baditu argitaratuak Ronakek, eta, azaldu duenez, kurduen esperientziekin estuki lotuta daude guztiak. Halakoa da, esaterako, haren lehen poesia liburua. Sêv jî Dikujin du izenburua lehen lan hark (Sagarrek hiltzen gaituzte), eta 1988ko udaberrian Halabja herrian milaka kurdu hil zituztenekoa du oinarri. Saddam Husseinen agindupean, Irakeko tropek eraso kimiko bat abiatu zuten herritarren aurka, eta 5.000 kurdu inguru hil zituztela kalkulatzen dute ikerlariek. «Halabja ezaguna da bere sagarrengatik», azaldu du Ronakek. «Eraso hartatik bizirik atera ziren gutxiek esan izan dute orduan erabilitako arma kimikoek sagar usaina dutela. Sagarren usaina baliatuz hil zituzten».
«Kurdueraz idaztea bada zerbait; kurdueraz idatzitako hori kartzelatik atera behar da gero, eta ondoren argitaratu. Lauzpabost urteko prozesua izan du nire liburuetako bakoitzak»
MIZGIN RONAK Idazlea
Em Bûn Baran (Euria gara), Nobedarê Gulên Konbanê (Kobaneko arrosen zaindariak) eta Foçiya ne Em (Hilarririk ez dutenak gara) dira Ronaken eleberrien tituluak, eta, esan duenez, nahasian baliatu izan ditu errealismoa eta surrealismoa haiek idazteko. «Batzuetan errealitateak surrealista dirudi», ebatzi du. Mendian hildako borrokalari kurduak dira, esaterako, Foçiya ne Em eleberriko protagonistak, eta Kobaneko borroka da Nobedarê Gulên Konbanê liburuaren ardatza. «Ausarta ez ezik, pixka bat zoroa izan beharra dago bonbardatzen ari diren herri baten arrosak babesteko, baina zoro horiei esker ere jarraitzen du munduak biraka».
Kurduerazko kulturaz blaitutako etxe batean hazi zen Ronak, baina egunotan EHUri emandako elkarrizketan esan du zailtasunez betea izan dela kurdueraz idazteko erabakia. «Nire lehen poema 9 edo 10 urterekin idatzi nuen. Baita debekatutako hizkuntza batean idatzi ere. Eskolan ez zen irakasten. Liburu eta inprimaki kurduak lur azpian ezkutatu behar genituen. Gero, bizi guztirako kartzela zigorra jarri zidaten, eta nire zazpi liburuetatik sei eta hainbat artikulu kartzelan nengoela argitaratu ziren. Nire liburuak eta irakurleak mundu argitsu batean zeuden, eta ni infernuan bizi nintzen».
Baldintzapean aske
Literatura kurduak dituen zailtasunez eta espetxetik kurdueraz idazteak dakartzan paradoxez aritu da idazlea Bilbon emandako hitzaldian ere. «Zorakeria hutsa zen kurdueraz idaztea», azaldu du, «eta are zorakeria handiagoa espetxean kurdueraz idaztea».
Idazleak gogoratu duenez, kurduera oraindik ere ez dago legeztatua, eta ez da eskoletan erakusten. Literatur lanak zabaltzea ere zeinen zaila den esplikatu du Bilbon. «Kurdueraz idaztea bada zerbait; kurdueraz idatzitako hori kartzelatik atera behar da gero, eta ondoren argitaratu egin behar dute. Lauzpabost urteko prozesua izan du nire liburuetako bakoitzak. Ezin izan ditut idatzitako horiek berrikusi, eta ez dut kontrolatu haien nondik norakoa. Lauzpabost urteko prozesu horren ostean, liburuak eskuratutakoan, batzuetan ez nituen gustuko. Ahaztuak nituen. Arrotzak ginen elkarrentzat. Prozesu zaila eta gogorra da».
Kartzelan zela irakurleek bidalitako eskutitzak ere izan ditu gogoan. «Nire liburuen irakurleek idatzitako eskutitzak jasotzen nituen batzuetan, eta nik ez nekien liburuak argitaratuta zeudenik ere».
Egun historikoak izan dituzte asteon Kurdistanen. PKK Kurdistango Langileen Alderdiak borroka armatua uztea erabaki zuela esan zuen ofizialki astelehenean, baina Ronak egoera delikatuan dago oraindik. Turkian, guztira, 36 urtekoa da bizi guztirako espetxe zigorra, eta, 30 urte egindakoan atera arren, baldintzapeko askatasun moduko batean egiten dituzte preso ohiek kondenaren beste sei urte horiek. Auzitegiek delitutzat jo dezaketen edozein ekintza eginez gero edo iritzia plazaratuz gero, berriz ere kartzelara itzultzeko arriskua izaten dute. Hortaz, Ronakek Euskal Herriko egonaldian ez du zuzenean politikari buruzko iritzirik eta oharrik egin, eta literaturaz eta bere bizipenez aritu da.
Burua okertuta
Bilbon emandako hitzaldian, Hans Holbein gaztearen Enbaxadoreak koadroa baliatu du Ronakek bere mundu ikuskera deskribatzeko. Lan esanguratsua da artearen historian. 1533koa da margolana, eta detaile handiz eta zehaztasunez margotutako bi enbaxadore ikus daitezke. Baina irudiaren erdialdean badago lehen kolpean abstraktua irudi dezakeen elementu artegagarri bat ere. Pintoreak diagonalean margotuta txertatu zuen giza kaskezur bat da, baina, Ronakek esan bezala, ikusleak burua makurtuta bakarrik ikusi ahalko du irudi hori argi. «Burua okertuta begiratu behar diozu koadroari. Ez zuzen, baizik eta okertuta, horrela ikusten baituzu hor dagoen burezurra, eta nik ere horrela begiratzen diet munduari eta bizitzari, batzuetan apur bat inklinatuta».
Ez da erraza sarean haren literatur lanik topatzea, baina Melbourneko Pen Klubak Ronaken poema gutxi batzuk eman zituen argitara 2023an, egileak berak prestatutako ingelesezko itzulpenekin, eta horiek oinarri hartuta euskaraz ere irakur daitezke orain haietako bi.
EKAITZ GAUA
haizeak karraska egiten du maitagarri ipuinen balkoietan
leihoak heze daude, txoriek ez dakite non ezkutatu
nire bihotzeko haizeekin egiten du bat ekaitzak gaur gauean
etxeen eta kaleen gainetik dabil
denak egiten du ikara
gauaren besarkadan
denboraren txoriak gara, hegoak ireki genituen
ei, haizetea!
agian udak iraun du nonbait
eraman gaitzazu hara
esperantza duten txoriak gara
ez argia itzali
ez argia itzali
etorriko naiz
gaua izan
ekaitz edo haize egin
egon daitezela adaxkak eta lorategiak urrun
ez kezkatu
ez argia itzali
etorriko naiz
bereiz gaitzatela urteek
itxita dauzkagu betazalak
elurpean izozturik
gure bularrerako bidea egiten du bala batek
ez kezkatu
ez argiak itzali
etorriko naiz
agian arima herratu baten itxuran
agian elur maluta baten agurrarekin
agian baita neguan bideak itxita egonik ere
agian berandu datozen berri onen pare
etorriko naiz
ez kezkatu
ez argia itzali
etorriko naiz
jarrai dezatela boligrafoek tintarik gabe
ahantz dezatela txoriek hegan egiten
poesiaren ontzietan nabigatuko dut
nire bihotzaren puskak bilduko ditut
nire ilearen henna usainez beteko dut biolin bat
eta etorriko naiz
zuk argia itzaltzen ez duzun artean
ez galdu udaberria ebasten duen zure esperantza
eta itxaron nazazu
ziurra baita maitaleen promesa