Bizi balitz, Andrea Camillerik ehun urte bete izanen zituen irailaren 6an. 2019ko uztailean zendu zen, bihotzekoak jota. Ez, ordea, aurrez obra literario mardul bat eta enkargu bat utzi gabe: bera hil ondotik, argitara zedila Riccardino nobela, Salvo Montalbano protagonista duen genero beltzeko seriea itxiko zuen eleberria. Bildumako 33.a, urteetan gorde-gordea edukitakoa. Camillerik 2004ko uztailaren 1ean hasi eta 2005eko abuztuaren 30ean bukatu zuen lan hori, eta behin betiko agur esatea izan zuen hura idazteko motibo nagusia. «Ez dut beste bakar bat ere idatziko. Pena ematen dit, baina 80 urterekin, saihestu ezinezkoa da gauza askori, gehiegiri, amaiera ematea», utzi zuen idatzita nobelaren gibelsolaseko oharrean. Irudipena da agurra garaiz idatzi nahi zuela, zer gerta ere. Eta despedida bikoitza nahi zuela bistaratu, gainera: berea propioa, eta haren lumak sortutako Montalbano komisarioarena. Liburuaren azken kapituluan, hain justu ere autorearen eta protagonistaren arteko duelu dialektiko baten hondarrean, Camillerik ez zuen zalantzarako batere tarterik utzi: Montalbano ez zen beste inoiz izanen.
Azken puntua idatzi arteko bidea apurka egin zuen Camillerik, edonola ere. Eta bizialdian zehar literaturan utzitako istorioek eta ahots goraz esandakoek arrastoa utzi dute, Italian bereziki, baina baina handik kanpo ere. Haren hitz egiteko manera samur baina zuzena, elite politikoen kontra azaldutako kritikotasuna eta bizitzako une ilunen aurrean erakutsitako baikortasuna dituzte gogoan askok. Eta Montalbano; batez ere, Montalbano.
Letren Fakultatean lizentziatura bat ikasi zuen, Palermon (Italia), baina hura bukatu aurretik utzi zuen unibertsitatea. Dena dela, garai hartan bertan argitaratu zituen bere lehenbiziko ipuin eta olerkiak, eta, aitzitik, 1949an St. Vicent saria irabazi zuen haiei esker. Politikarekiko interesa ere unibertsitate garaian piztu zitzaion bereziki. Alderdi Komunistan afiliatu zen, eta, ordutik, beti aurkeztu zuen bere burua ezkertiar eta komunista gisa, determinazioz, nahiz eta bere ibilbidean oztopo bat baino gehiago ere eragin zion horrek. «Beti izanen naiz komunista; gaixotasun sendagaitz bat izatea bezala da hau», nabarmendu zuen 92 urterekin, Espainiako El Mundo hedabideari emandako elkarrizketa batean.
Literatura ikasteari utzi, eta dramaturgiaren esparruan sakontzeari ekin zion Camillerik. Silvio D'Amico Arte Dramatikoko Eskola Nazionalean ikasi zuen —gerora katedratiko bihurtuko zen bertan—, eta, aldi berean, gidoigile aritu zen. Hain zuzen, antzerkirako eta telebistarako gidoigintzan jardun zen lanean hainbat urtez, artean batere susmatu gabe Italiako idazle batek inoiz eduki gabeko arrakasta lortuko zuela urte batzuen buruan, 70 urteen langa igarota ordurako. Izan ere, 1994an egin zuen eztanda Camilleriren sonak, Salvo Montalbano protagonista daukan lehenbiziko eleberria ematearekin batera preseski: Uraren forma —jatorrizkoan, La forma dell'acqua—.Â
Baina aurrez ere eman zuen pausorik Camillerik. Hastapenak ez ziren samurrak izan, ordea. Il corso delle cose lanarekin egin zuen debuta narratiban, 1978an —53 urte zituen—, nahiz eta Camillerik hamar urte lehenagotik zeukan idatzita, osoki. Eta ez zuen nahita eduki gordeta: hamar bat argitaletxeri egin zien hura plazaratzeko eskea, baina ezetz erantzun zioten guztietan, eta, azkenerako, Lalli argitaletxeak esan zuen baietz. Normalean, argitalpen kostuak aurrez ordainduta baizik ez zuten lan egiten konpainia horretan. Camillerirekin salbuespena egin zuten, eta dohainik egin zioten enkargua azkenean.

Hamar urtetik gora joan ziren Camillerik arrakasta ezagutu arte, eta espero gabekoa izan zen orduan ere. Izan ere, Uraren forma kaleratu zuenean, idazleak ez zuen hari jarraipenik emateko asmorik, baina, erdietsitako oihartzuna ikusita, erabateko apustua egin zuen haren alde. Hartara, beste 30 titulu baino gehiago ekarri zituen atzetik, guztiak Siziliako Vigata fikziozko herrian girotuak. Serie horretako 25 milioi ale baino gehiago saldu ditu munduan barna, eta gaur egun 30 hizkuntzatan baino gehiagotan irakur daiteke haren lanen bat. Euskaraz hiru daude irakurgai: Hilabete bat Montalbanorekin (Igela, 2011), Gauaren usaina (Erein, 2011) eta Uraren forma (Igela, 2012). Fernando Reyk, Josu Zabaletak eta Ander Irizarrek itzuli zituzten euskarara, hurrenez hurren.Â
Camillerik Bartzelonako Manuel Vazquez Montalban idazlearen omenez jarri zion Montalbano abizena bere eleberrietako protagonistari. Batetik, hari zion miresmenagatik, biziki maite zituelako idazle katalanak Pepe Carvalho inspektorearen kasuei buruz eginiko lanak, eta, bestetik, zioenez, haren El pianista (1985) eleberriak nabarmen lagundu ziolako eleberrien egituren eraikuntzan zeuzkan problema batzuei irtenbidea aurkitzen. «Lagundu zion plano narratibo diferenteak tartekatzen ikasten, haiek sekuentzia lineal batean kokatu gabe ere», azaldu izan du idazlearen jatorrizko lan gehienak plazaratu dituen Sellerio argitaletxeko editore Antonio Selleriok. Haren arabera, aipatu eragin hori La Ă³pera de VigĂ ta (1995) nobelan da nabarmenena —ez da Montalbano ageri—.Â
Estilo amerikarretik eskapu
Camillerik sarri aitortu zuenez, berak ere ez zekien zehatz-mehatz zeri esker lortu zuen Salvo Montalbanoren unibertsoak halako arrakasta. Hala eta guztiz, pertsonaia hori sortzen eta haren soslaia trazatzen ari zenean hartutako erabakiak ederki neurtuak zirela ere iradoki zuen noiz edo noiz Camillerik. Adibidez, determinazioz erabaki zuen pertsonaiak ez zuela izanen polizia pribatu amerikarren airea, «ez zuelako funtzionatuko».
Kontrara, polizia funtzionario bati eman zion bizia Camillerik; horri dagokionez, Georges Simenon belgikarraren nobeletako Maigret inspektorearen oihartzunak antzeman dituzte askok harengan, eta horrek berak badu zentzurik, Camillerik Maigreti buruzko Le inchieste del commissario Maigret seriean lan egin baitzuen, ekoizle eta gidoigile.
Polizia funtzionario bati eman zion bizia Camillerik, Salvo Montalbano sortuta; Georges Simenon belgikarraren nobeletako Maigret inspektorearen oihartzunak antzeman dituzte askok harengan
Montalbano komisario bitxia zen. Jendearekin hurbila —Camilleriren hitzetan, «bazkaltzera edo afaltzera gonbidatu eta harekin hitz aspertuan eroso egoteko modukoa»—, baina ironikoa aldi berean, eta hitzekoa ere bai. Eta, halere, jasotzen zituen aginduak zentzugabeak zirela pentsatuz gero ez zuen erreparorik izaten haiei kontra egiteko, ezta, burokrazia korapilatsuek estropezuka ibiltzera behartzen baldin bazuten, bidezidorrak bilatzeko ere. Bere sinesmenei fidel izatea eta justiziaren bilaketa baitzeuzkan teman Montalbanok, beste deus baino gehiago.
Eta, hori bai, bada komisarioa definitzen duen beste ezaugarri akaso samurrago bat ere: gastronomiarekiko lilura. Nobeletako dozenaka pasartetan irakur daitekeenez, janariarekin hartzen zituen gozatu handienetakoak Montalbanok —ez kozinatzen, baizik eta jaten—, eta haren haurtzaroari eta bizimoduari buruzko detaile asko ere uzten ditu agerian alderdi horrek. Bestela bezala, Siziliako gastronomiaren zaporez ere bete zuen Camillerik bere serie beltza. Ez da kasualitatea, idazleak bere-berea baitzuen plazerbide hori ere, besteak beste. Gioia di vivere —euskaraz, bizipoza— islatu zuen idatzitakoetan ere.Â
Mafiak estututako Siliziarena baino erretratu zabalagoa bistaratu zuen Camillerik literaturaren bitartez, eta hizkuntza bera ere baliatu zuen horretarako. Italiera estandarretik franko urruntzen zen hizkera erabiltzen zuen eleberrietan, bai narratzailearen ahotsak eta bai istorioetako pertsonaien hizkerak ere sizilierazko esamolde eta hitzek zipriztinduta azaltzen dira liburuetan, eta, are gehiago, joera hori nabarmenago egin zen urteen poderioz. Literaturatik kanpo ere, estilo horrek italiarren hizkeran eraginik ekarri duela dioenik ere bada gaur egun.Â
Ahal bezainbeste, ahal bezala
Camillerik ikusmena galdu zuen zahartu ahala, eta 2016rako guztiz itsu zegoen. Aparteko tristurarik adierazi gabe eta are umorez mintzo zen galera horretaz. «Itsutasunak libre egin nau. Horrela jada ez dut nire ergel aurpegia ikusi beharrik. Orain, nire ametsak kolorez josita daude».
Eta pozik segitu zuen aurrera, deus ikusi gabe ere, gehienbat aurkitu zuelako itsu ere istorioak sortzen segitzeko manera bat: Valetina Alferj haren idazkariaren laguntzarekin idatzi zituen eleberriak ordutik aurrera —hiru osatu zituzten, osotara—. Camillerik ahots goraz deskribatzen zizkion eszenak, eta pasarte batzuk hitzez hitz diktatu.
Alferjek 18 urte eman zituen Camillerirekin lanean guztira, eta idazlea hil ondotik eginiko hainbat elkarrizketatan kariñoz oroitu ditu haren jokamolde eta anekdota batzuk. Esate baterako, 2022an estreinatutako El Ăºltimo caso de Montalbano dokumentalerako, zera kontatu zuen Camillerik bere pertsonaia nagusiarekin zeukan harremanaz: «Camillerik asko maite zuen Montalbano, baina, hark esan ohi zuenez, Montalbano xantaiagile bat ere bazen. Andreak eleberri historiko bat edo maitasunezko eleberri bat idatzi nahi zuen aldiro, hurbiltzen zitzaiolako komisarioa, eta esaten ziolako: 'Zergatik tematzen zara halako gauza zailekin? Ez al da errazagoa niri buruzko istorio bat idaztea?'».
Montalbanok xaxatu, eta Camillerik obeditu. Azken egunera arte izan ziren bata bestearekin. 2005ean Riccardino (2020) eleberria idazten bukatu ondotik ere, idazleak beste dozenatik gora nobela idatzi zituen komisarioari buruz.