Limusina batek eraman zituen atzo arratsaldean Kursaaleko estreinaldira Telmo Esnalen Urte berri on, amona! filmeko aktore nagusiak. Haien artean zen, pozik, Montserrat Carulla (Bartzelona, 1930), filmeko amona endredatzailearen rola jokatzen duena.
Oso gustura egin du lan Carullak Esnalen filmean. «Telmokbidalitako gidoia irakurtzean, hura sari bat zela esan nion berehala neure buruari. Film bateko pertsonaia nagusia izatea eskaintzen zidan, ia-ia hitzik ere esan gabe! Pertsonaia hau bonboi bat da, pagotxa! Batetik, ez nituen elkarrizketak buruz ikasi behar; bestetik, adierazi beharrekoa begiradaren bitartez adierazi behar nuen. Gehihegikeriara jotzeko arriskua ere badu hala lan egiteak, baina Telmok oso ondo eutsi dit».
Gidoia hasietatik iruditu zitzaion «oso erakargarria», eta uste du Urte berri on, amona! zinema maite duten guztien gustukoa izango dela. «Eta baita ikusle ez hain zaleen gustukoa ere, oso ondo egina dagoelako eta egungo gizartean puri-purian dagoen gai bat planteatzen duelako, familiari bizitzen uzten ez dion eta zahar etxera joan nahi ez duen amona horrekin».
Filmean hitz egiten duen apurra euskaraz hitz egiten du, eta horrek lanak eman dizkio. «Euskaraz ez dakidanez, beldurra nion filmean euskaraz hitz egiteari. Telmori galdetu nion: 'Eta hau nola esan behar dut?'. Erantzuna izan zen: 'Harritu nazazu!'. Azkenean, beldur horrek berak halako dramatismo batera eraman ninduen, eta dramatismo horrekin esan nituen euskarazko hitzak. Neurea zen dramatismo hura, ez pertsonaiarena, baina baliagarria izan zitzaidan».
Aspaldi esana du Carullak burua argi duen bitartean jarraituko duela aktore lanetan, edo bestela «ostikoka» egotzi beharko dutela. Tinko eusten dio ideia horri. Beste bi filmetan lan egin behar zuen aurten, baina biak hurrengo urtera arte atzeratu dira oraingoz, krisiaren ondorioz. «Bata katalanezko filma da, eta, bestea, berriz, Mazedonian filmatzekoa. Esan beharrik ere ez daukat zer ilusio egiten didan horrek». Bien bitatean antzerkian lan egiten ari da orain, Katalunian, JosepPlaren obra bat ematen.
HURRENGO EMANALDIAK
Gaur: Kursaal 2n, 09:30ean; Principe 2n, 22:45ean.
Etzi: Antiguo Berri 8n, 18:15ean.
Donostiako 59. Zinemaldia
Montserrat Carulla: «Gidoia irakurriz jabetu nintzen lan hau sari bat zela»
'Urte berri on, amona!' filmean ia-ia hitzik egin gabe protagonista izatea «pagotxa» izan da aktorearentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu