Badu berezitasun bat Donostiako Tabakalera kultur zentroko zinema programak: bost erakunderen artean prestatzen dute urteko eskaintza. Donostiako Zinemaldia, Euskadiko Filmategia, Donostia Kultura, Elias Kerejeta Zinema Eskola eta Tabakalera dira erakunde horiek, eta gaur eman dute heldu den urterako landu duten programaren berri. Ohi bezala, proiekzioak ez ezik, solasaldiak, argitalpenak eta bestelakoak ere prestatu dituzte, eta nabarmenduko diren zenbait izen aurreratu; horien artean dira Moriarti ekoiztetxea eta Jacques Tati, Pier Paolo Pasolini, Albertina Carri eta Rodrigo Sorogoyen zinemagileak.
Beste bi ekimenetan ere jarri du azpimarra kultur zentroak, hala ere. Batetik, Tabakalera Belaunaldia izenpetutakoaren bigarren topaketan. Publikoari irekitako saioak zein profesionalei zuzendutakoak uztartuko ditu hiru egunez, hasi urtarrilaren 14an eta 16ra arte. Zine izarak izeneko filmaren proiekzioarekin emango diote hasiera; Harkaitz Cano idazleak eta Maria Elorza zinemagileak emandako lantegi baten emaitza da film kolektibo hori. Ondoren, Elias Kerejeta Zinema Eskolatik igarotako Bingham Bryant zinemagilearen El espejismo (2024) erakutsiko dute. Ostirala izango da sektoreari eskainitako saioak hartuko dituen eguna, eta, hilaren 16an, larunbata, Meritxell Colell zuzendariak Lejos de los Ă¡rboles (2026) filma aurkeztuko du —Ikusmira Berriak programatik igarotakoa da Colell—.
Azpimarra jarri dioten beste ekimena berrikuntza bat da. Donostiako Zinemaldiak 75 urte beteko ditu 2027an, eta Herri Pantaila izeneko programarekin emango diote hasiera ospakizun ekitaldiei. Otsailean hasi eta ekainera bitartean, hilean behin egingo dute programa, larunbat goizetan, eta Zinemalditik igarotako bost film «adierazgarri» erakutsiko dituzte denera: FunciĂ³n de noche (Josefina Molina, Sail Ofiziala, 1981), The Virgin Suicides (Sofia Coppola, Perlak, 1998), Innocence (Lucile Hadque, Zuzendari Berriak, 2004), Por tu culpa (AnahĂ Berneri, Horizontes Latinos, 2010) eta Eden (Mia Hansen-Love, Sail Ofiziala, 2014).
Emanaldi bakoitzaren aurretik, ikusleek filmak proposatzen dituen gaietan sakontzeko gida bat jasoko dute. Desiree de Fez kazetari, idazle eta Zinemaldiko hautaketa batzordeko kideak landu ditu, eta hark gidatuko ditu filmaren osteko solasaldiak ere. Abenduaren 1etik urtarrilaren 15era bitartean izena ematen dutenek —Tabakalerako webgunean— saio guztietarako sarrerak erosi ahal izango dituzte eta aldez aurretik gida didaktikoak eskuratu. Emanaldi bakoitzaren bezperan eta egunean bertan ere erosi ahal izango dira sarrerak, betiere gelditzen badira.
Moriartiren lehen atzera begirakoa
Askotariko zikloak ere gurutzatuko dira Tabakalerako pantailan 2027an. Moriarti ekoiztetxearen filmografiari eskainitako lehen atzera begirakoa, tartean. Modu horretan, «euskal zinemaren erreferentziazko ekoiztetxeetako baten ibilbidean sakondu» ahal izango dela adierazi dute antolatzaileek, eta nabarmendu euskarazko zinema nazioartean hedatzen lagundu dutela haien filmek.
Halaber, Albertina Carri zinemagile argentinarrari ere atzera begirakoa eskainiko dio Tabakalerak. Denera, haren zazpi film luzeak erakutsiko dituzte, eta tartean da haren Los rubios (2003) filma ere; Carriren lan ezagunenetako bat, non Argeninako diktadura militarraren garaian desagerrarazitako gurasoen arrastoari jorratzen dion zinemagileak.
Zinema literaturarekin elkarrizketan jartzen duen ziklo bat ere badu kultur zentroak, eta Pier Paolo Pasolini izango da ildo horren protagonista. Haren hiru film proiektatuko dituzte, eta saio bakoitzaren hasieran aurkezpen bat egingo dute, euskaraz. Esaterako, Miren Artetxe ikertzaile eta bertsolaria izango da lehen gonbidatua, Il Decameron (1971) filmaren inguruan aritzeko.
Rodrigo Sorogoyen zinemagile espainiarrak, berriz, El ser querido (2026) bere film berrienaren sorkuntza prozesuaz hitz egingo du, urtarrilaren 30ean. Eta Elias Kerejeta Zinema Eskolak Jacques Tati: festa-egunak zikloa prestatu du, Euskadiko Filmategiarekin lankidetzan. Zaharberritutako haren bost film erakutsiko dituzte: Jour de fĂªte (1949), Les Vacances de Monsieur Hulot (1953), Mon oncle (1958), Trafic (1971) eta Playtime (1967).
Arabiar zinema eta begirada klimatikoa
Nosferatu zikloak, bestalde, arabiar zinema garaikideari jarriko dio arreta hurrengo urtean. Egipto, Aljeria, Tunisia, Maroko, Libano, Palestina, Siria, Jordania, Saudi Arabia edo Yemengo XXI. mendeko ekoizpenean zentratuko da zikloa, eta urtarrilaren 13an izango da lehen proiekzioa: Sofia Alaoui zinemagile marokoarraren Animalia (2023) filma erakutsiko dute.
Ikuspuntu ugaritatik larrialdi klimatikoaren inguruan hitz egiten duten filmei ere gorde diete leku bat. Zazpi izango dira denera, hauexek: Richard Fleischerrek zuzendutako Soylent Green (1973), Grimur Hakonarsonen HrĂºtar/Rams (2015), Chris Sandersen The Wild Robot (2024), Lucrecia Martelen Nuestra tierra (2025), Rocio Mesaren Secaderos (2022), Eleonore Saintagnanen Camping du Lac (Zabaltegi-Tabakalera, 2023) eta, azkenik, Naomi Zwaenepoelek zuzendutako The Sea the Sea (2024).
Urteko bonua berritu egingo dute, eta 90 euroan eskuratu ahalko da 30 film ikusteko aukera. Abenduaren 15etik aurrera egongo da eskuragarri, urtarrilaren 31ra arte. Sarreren salmentari buruzko informazio guztia Tabakaleraren webgunean kontsultatu daiteke.