Liburu aurrerapena

Morlans

Xabier Mendigurenek etzi aurkeztuko du 'Morlans' ez-fikziozko nobela (Elkar). 1991ko abuztuan Guardia Zibilak Donostian egindako tiroketa da liburuaren abiapuntua, eta hiru kapitulu dira hauek.

Liburuaren azaleko irudia. AINHOA LUKAS
Liburuaren azaleko irudia. AINHOA LUKAS
Xabier Mendiguren Elizegi.
2026ko irailaren 1a
04:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

2 Ezkutuan

Morlans auzoa Donostiaren erdigune geografikoan badago ere, ez da oso leku ezaguna donostiarrentzat eurentzat ere. Gaur etxe-sail berriak, tanatorioak eta beste erantsi zaizkio, baina duela urte batzuk langile-auzo txikitxo bat zen, hirigunetik aparte geratzen zena, ez tabernarik ez dendarik gabea, eta ez zegoen beste inorako pasabidean. Hura ikusi nahi zuenak bertara joan beharko zuen propio, Amara Berritik Ibaetara bitarteko mendian sakonune batean ezkutaturik. Hantxe dago oraindik ere Tolaretxe, etxabea eta gainean bi etxebizitza dituen eraikintxoa, sarreran burdinazko hesi koxkor bat duena.

Etxabearen jabea Maria Eujenia Muñagorri zen, tolosarra, kontatzera goazen gertakarien garaian 30 urte pasatxo zituena, ikasketaz ingeniari teknikoa, garai batean peritua esaten zitzaiona.

Dela industrian emakumezko ingeniari batentzako lanik topatzen erraza ez zelako, dela euskarazko irakaskuntzak irakasle-premia handia zuelako, irakasle bihurtu zen Maria Eujenia 80ko hamarkada hasieran, eta aldi berean Psikologia ikasten jardun zuen Zorroagako fakultate mitikoan, non baitzebiltzan irakasle lanetan ezkerreko gauche divineko pope puntakoenak: Savater, Azua, Molina-Foix, Gomez Pin... Nahiz Maria Eujeniak Jose Luis de la Mata zuen irakasle kuttuna, torturarekiko sentiberatasuna eta kezka adierazi izan zituena.

Ikaste eta irakaste zeregin horietatik kanpo, errepresaliatuekiko elkartasunak eta abertzaletasunak Amnistiaren Aldeko Batzordeetan sartzera eraman zuten, jestoretan, eta behin, 1988ko abenduan, Parte Zaharreko Santa Maria elizan presoen aldeko itxialdi bat egiten ari zirela, ondoko batek galdetu zion ea egun batzuetarako aterpea izango zuen ihesi zebilen batentzat.

Horrela iritsi ziren bere etxera Iñaki, Patxi eta Jokin, nahiz ez zituzten izen horiek erabiltzen. Maria Eujeniarentzat, Iñaki Martin zen; Patxi, berriz, Fernando, eta Jokin, azkenik, Mikel. Ezizen horiek Maria Eujeniarekin erabiltzen zituzten; beste laguntzaile batzuentzat bestelakoak ziren goitizenak ere, segurtasuna zaintzearren.

3 Zu al zara Isidroren koinatua?

Komandoko hiru kideak ez ziren Morlansen zuzenean agertu ordea. Bihurriagoa izan zen bidea, eta beste izen bat sartu behar dugu hemen istorio hau kontatzeko: Asier Alberdirena.

Asier Alberdi Aranguren –bestelakoak ditu benetako izen-abizenak, baina, lotsaz-edo, nahiago du benetakoekin ez agertu– hogeita gutxi urteko gazte donostiar bat zen, politikan buru-belarri sartua. Bere auzo Groseko Amnistiaren Aldeko Batzordeetako militantea zen, Herri Batasunekoa ere bai, eta koalizio honen barruko egituran giltzarri edo gidari izan nahi zuen HASI alderdiko kidea; horrez gain, Donostiako Udaleko ezker abertzaleko zinegotzi-taldearentzako idazkari-lanak ere egiten zituen.

Hamazortzi urte betetzean unibertsitatera joatea baloratu omen zuen Alberdik; kazetaritza gustatzen omen zitzaion, eta horixe ikastera. Alabaina, politikara guztiz emana bizi zen, eta bere konpromiso militantea lehenetsi omen zuen.

Aukera horren koherentzia muturreraino eramanez, bere buruari galdetu omen zion: zein da hemen eta orain independentziaren eta sozialismoaren garaipena azkartu dezakeen faktorea? Ezker Abertzalearen orduko estrategian argi zegoen erantzuna: herria maitatzeko eta haren alde egiteko modu asko egon arren, borroka armatua zen prozesuaren egiazko motorra, eta Asier Alberdi prest zegoen horretan laguntzeko ere; horretan ere bai.

Lehengo lanak utzi gabe, mezu bat bidali zuen, ez botilan sartuta itsasora botatzeko, baizik ETA erakundeari, esanez bera gertu zegoela bertan sartzeko eta egin behar zena egiteko. Erantzuna ere iritsi zitzaion, baiezkoarekin, eta pasahitz bat eman zioten, berarekin kontaktuan jarriko zen erakundeko kideak erabiliko zuena. Adibidez, hau: “Zu al zara Isidroren koinatua?”. Zer erantzun behar zuen ere adierazi zioten mezuan: “Ez, Isidro nire lehengusua da”.

4 Logistikarako leku txarra

1988ko abenduan, arrisku handiko ibilera batzuen ondoren, muga pasatu berritan iritsi ziren Donostiara Patxi Itziar eta Iñaki Ormaetxea, bata berrogei urtera iristen ez zen ilehori planta ederreko gizasemea, bestea hogeita bi bete berriak zituen mutil kementsu bezain trauskila. Nekatuta zetozen, zamatuta ere bai, eta Groseko helbide bat zeukaten, han lagunduko zietelakoan. Hortaz, delako babesleku horretako txirrina jo, eta atezain automatikoan “nor da?” galdetu zuen ahotsari halaxe esan zioten: “Zu al zara Isidroren koinatua?”.

Alberdi dardarka jarri zen. Ez espero zuen kontaktua azkenik iritsi eta bat-bateko beldurra sartu zitzaiolako, baizik eta norbaitek hanka-sartze galanta egin zuelako eta okerreko zeregina eman ziotelako: berak ekintzetarako eskaini zuen bere burua, ez logistikako laguntzaile soil. Eta arazoa ez zen logistikan aritzea gutxi iruditzen zitzaiola, ezpada bere bizi-baldintzak ez zirela inola ere egokiak azpiegiturarako: hogei urteko gazte bat zen bera, gurasoekin bizi zena; nola justifikatuko zuen gurasoen aurrean bi tipo haiek bat-batean etxean agertzea aurretik inongo abisurik eman gabe? Nonbaitetik ezagutzen zituela asma zezakeen Asierrek, baina zenbat denboraz eduki ahalko zituen han? Berak etxetik kanpo ematen zuen egun osoa… Ez, ez: ezinezkoa zen.

Baina etxe azpian bi kide zeuzkan, nora joan ez zeukatenak, eta haietaz arduratu beharra zeukan. Non edo non bilatu zien gau hartarako lotoki bat, norbaiti lokal baten giltza uzteko eskatu eta zertarako zen esan gabe, eta, bide batez, kolaborazioaren baldintzak zehatzago argitu zituzten: Asier prest zegoen helburuak bilatzeko, ekintza bat burutu aurretik haren arrisku eta ihesbideak aztertzeko, informazioa biltzeko, bijilantzia egiteko, eta baita ekintzak egiteko ere.

Horietan guztietan arituko zen hurrengo bi urte eta erdian. Berak ez zuen jakingo non zeuden komandokideak, baina haiek bai non zegoen bera, eta behar zutenean jo ahalko zuten beregana. Aurretik, baina, bi iheslarientzako egoitza egonkorrago bat topatu behar zuen, eta horretarako hariak mugitzen hasi zen; hortik etorri zen norbaitek Maria Eujeniari galdetzea ea egun batzuetarako aterpea izango zuen ihesi zebilen batentzat…

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA