Gineako musikari familiarik ezagunenetako batean jaio zen Mory Kante, 1950ean, Albadariah udalerrian. Bere sorterriko hainbat tradizio mandinga bereganatuta, 7 urterekin Malira jo zuen, eta kora jotzen ikasi zuen han. Afrika mendebaldeko musika tresna tradizionala da kora, eta griot deiturikoei lotuta egon da historikoki —ahozko tradizioa belaunaldiz belaunaldi transmititzen duten bardo edo kontalariei esaten zaie griot—.
1971n, Maliko Rail Band taldean hasi zen jotzen, zeina lehenetariko bat izan zen mandinga musika tradizionala erritmo kubatarrekin eta doinu elektrikoekin nahasten. 1973. urtean, Salif Keitak taldea uztean, hari lekukoa hartu, eta abeslari hasi zen. Griot elektrikoa esaten zioten Kanteri, eta mundu osoan ezagutarazi zuen musika afrikarra eta, zehazki, ginearra.
Sonarik handiena 1987an iritsi zitzaion, Yéké Yéké abestiarekin. Afrika osoan erruz zabaldu zen, baita nazioartean ere. Europako hainbat herrialdetan zerrenden lehen postuan egon zen, eta milioi bat kopiatik gora saldu zituen lehen single afrikarra izan zen. Halaber, kantu hori biltzen zuen albuma, Akwaba Beach, garai hartan gehien saldua izan zen Afrikan.
Ebolaren krisiaren harira, beste hainbat musikarirekin batera Afrika Stop Ebola kantua grabatu zuen, irabaziak Mugarik Gabeko Medikuak erakundeari emateko.
70 urterekin hil da, Konakry hiriburuko erietxe batean, aspalditik zuen gaixotasun baten ondorioz, berri agentziek zabaldu dutenez. Haren heriotzagatik samina agertu dute Afrikako musikari ugarik; bere «eredutzat» jo du Youssou N'dour abeslari senegaldarrak, besteak beste.