'ORKESTRA ZOORAGARRIA'
Euskal egileen artean album ilustratuak sustatzeko Etxepare sariketak XIX. aldia egin du jada. Urtez urte, lehen irabazletik, hau da, Pello Añorga eta Jokin Mitxelenak sinatutako Gerlari handia obratik hasita, kalitate langa oso goian jartzen dute irabazleek.Â
Aurten ere bai.
Azkena saritu duten honetan, ez dituzu aurkituko beldurra, drama, traizioa eta halako emozio garratzak; alta, irakurlea atseginaren eremuetatik eramaten ahalegintzen da, eskutik eramaten ere.
Protagonista eta narratzaile den haur anonimo baten jarioa da testuko ahots bakarra. Ipuina orain eta hemen batean hasten da, ama nor duen azaltzen eta, jakina, harekiko harremanak deskribatzen. Ama sopranoa izaki, behin gertatu zitzaiona kontatzen du, flashback eran, ordudanik etxeko bizitza aldatu baitzaie.
Ilustrazio lana bi ezaugarri nagusitan deskriba daiteke: antigoaleko kutsua eta asmo atsegingarria. Pertsonaiek, lekuek, objektuek... denek iraganeko iruditeriari egiten diote erreferentzia; kolore natural beroek, ehundurek, forma borobildu harmoniatsuek, eta beste hainbat ezaugarrik atsegin gozora bideratu nahi dute irakurlea.