'DEAR DEER'
Artista: Maider Garaio.
Non: Iruñeko Ziudadelako Bolborategian.
Noiz arte: apirilaren 12ra arte.
Maider Garaioren Dear Deer erakusketa biltzen duen Bolborategiko ateak zeharkatzean, Leonardo DiCaprioren begiradak egin dit harrera. Annie Leibovitz argazkilariak 1997an ateratako argazki baten detaile bat da dirudienez. Bertan, beltxarga zuri baten lepoak aktorearena inguratzen du, bi gorputzen arteko adaptazioa irudikatuz, nolabait. Aktoreak animaliaren gorputza eskuen artean sostengatzen duen bitartean, hegaztiak bere lepoa aktorearen anatomiara moldatzen baitu.
Kontrara, adaptazio horretaz beste, irudiaren euskarriak beste zerbait esaten duela sumatzen dut; izan ere, argazkia aparrezko gainazal batean inprimatuta dago, baina haren biguntasunaz ohartarazten gaituzten iltze batzuek argazkia zeharkatzen dute.
Begirada bertatik kendu, eta sarreran dagoen eskulibururantz zuzendu dut. Hura ireki, eta testua irakurtzen dudanean, artistak Takoneran egiten dituen paseoei buruzko aipamenarekin identifikatuta sentitzen naiz. Garaiok bertako animaliak behatzean sentitzen duen hura neure egiten dut orduan, maiz egon bainaiz posizio berean: begiratzen duenaren eta begiratuaren arteko muga lauso horretan.
950 metroko distantzia fisikoak bereizten ditu Ziudadela eta Takonera, eta haien funtsa bi espazioen arteko distantzia bezain laburra da. Batak artelanak biltzen ditu; besteak, berriz, landare eta animalia exotikoak pilatzen ditu. Batean kulturaren domestikazioa islatzen da; bestean, naturarena.
Dikotomia hori da, hain zuzen, artistak gainditu nahi duena. Oreinen bistaratzeak eta espazioaren kontentzioak euren askatasuna mugatzen duen bitartean, naturaren eta gizakien arteko muga zurrunak eraikitzen dituzte. Alabaina, logika horiek guztiak lausotu egiten dira erakusketan barneratzean. Horretaz ohartzeko, nahikoa da DiCaprioren argazkia atzean utzi eta aretoaren sakonean murgiltzea.

Behin barruan, Takonerako oreinen presentzian jarri behar da arreta. Bideoak eskala handian ikusteak haien artean gaudela sentiarazten digu, erreprodukzioa dela une batez ahazteraino. Irudi horiek aparrezko gainazaletan biderkatzen dira gero. Piezek eta eraikinak bat egiten dute hemen, haien arteko muga fisikoa lausotuz.
Giro horretan, oreinen erreprodukzio bigunak itxuragabetu eta tolestu egiten dira, burdinazko egiturek zeharkatzen edota sostengatzen dituzten bitartean. Horrela gauzatzen da irmotasunaren eta malgutasunaren arteko egokitzapena.
Egokitzapen horretan, eraikinaren eta pieza artistikoen arteko muga desagertu egiten da, moduren batean edo bestean guztiek elkarri heltzen diotelako. Eraikinak erakusketan bere lekua hartzen du, eta piezak, alderantziz, harrizko hormen sostengu bihurtzen dira. Eta, bilakatze horretan, materialtasunaren eta irudiaren arteko elkarrizketa agerikoa da; bertan sortzen diren hartu-emanak aretoan arnasten den tentsioa bezainbeste sumatzen baitira.
Egokitzapen horretan, eraikinaren eta pieza artistikoen arteko muga desagertu egiten da, moduren batean edo bestean guztiek elkarri heltzen diotelako
Gerturatzean, arrastoak aurkitzen ditugu: materialetan geratutako markak, higadurak edo norbait hor egon izanaren seinaleak. Horien artean ageri dira hormari begira dauden zapatak, norbaiten absentziaren lekuko gisa. Gainazaletan, berriz, hurbiletik irakurri daitezkeen ohar konfidentzialak ditugu, nolabaiteko aitormenak balira bezala: «I’ve tried my best» (Nire onena ematen saiatu naiz).
Modu horretan, ondorioztatzen dut erakusketak dikotomiak desegin egiten dituela. Hasierako irudietatik abiatuta, forma berriak sortzen dira aretoan zehar, domestikazioaren marko zurrun horretatik ihes egitea lortzen dutenak. Piezen arteko harremanak, mugen lausotzeak eta materialen arteko tentsioek ordena hori hautsi eta beste espazio bat zabaltzen dute. Halatan, «I’ve tried my best» oharra ez da ahalegin soil bat, domestikazio horretatik kanpo geratzen den arrasto zintzoa baizik.