Gizakiak eta animaliak elkarren artetik bereizteko garaian-garaian baliatzen diren mugei sakon erreparatu die azkenaldian Maider Garaiok (Iruñea, 1989). Gizartea zer ote den zehazteko ematen diren definizioek ezarri ohi dute banaketarako marra, artistaren arabera, eta, dioenez, arrazoia, edo lengoaia, edo etika baliatzen dira argudiaketetarako. Garaioren iritziz, baina, muga horiek «artifizialak» dira, are denborarekin iraungitzen direnak edo, bestela, behintzat «mugi» daitezkeenak batera edo bestera. Mugen desplazatze edo desegite horiek nola sorrarazi, artistak hori argitzea izan du tema azkenerako, eta sorterrian begien bistara dauzkan adibideei behatuta murgildu da erantzun bila. Iruñeko Takonera parkean itxita bizi diren oreinen egoera abiapuntu duen arte instalazioa sortu du, haiei ateratako irudiak baliatuta. Ziudadelako Bolborategia aretoan bisita daiteke.
Apirilaren 12ra arte izanen da mostra ikusgai. Dozena bat piezak osatutako instalazioa da; gehienak eskultorikoak dira, askotariko materialez eginak, eta haietako zenbaitetan argazkiak edo hitzak daude inprimatuta. Dena dela, aretoaren erdigunean paratutako horman etengabe martxan dagoen ikus-entzunezko piezak ardazten du erakusketa osoa, horretan ageri baitira gardenen obraren protagonistak: Iruñeko Takonera parkean bizi diren zortzi orein emeak.
Zuri-beltzezko bideo bat da hori, kasik osoki, eta, pantailaren behealdeko zenbakien arabera, irudietako batzuk 2025eko urtarrilekoak dira, eguerdi partean ere termometroa ozta-ozta bederatzi graduetara iritsi zen egunen batekoak, preseski. Oreinak egonean ageri dira, elkarri mainaka ere bai, tarteka. Eta haiei zor zaie mostraren izena: Dear Deer. Artistak berak honela euskaratu du, erakusketari buruzko liburukian: Orein maite-maitea.
«Animalia horiek ez dira ezezagunak bakarrik, baizik eta kultur sistemen parte, erakusten baitute gizarteek nola ulertzen duten mundua eta natura»
MAIDER GARAIO Artista
«Animalia horiek ez dira ezezagunak bakarrik, baizik eta kultur sistemen parte, erakusten baitute gizarteek nola ulertzen duten mundua eta natura, nola egituratzen dituzten tokiko kontakizunak, nola adierazten dituzten gizartearen tirabirak eta nola irudikatzen dituzten herstura ekologikoak». Garaiok hitzokin deskribatu du Takonerako oreinek irudikatzen dutena testu horretantxe.
Ilajetik arropetara
Bideora ez ezik, instalazioan ikusgai jarritako bestelako piezetara ere eraman ditu haien irudiak Garaiok. Kolore horiko goma aparrezko xafla moduko batzuk erabili ditu euskarri gisara, adibidez. Haietako batzuetan bideoan ikusgai diren fotogramak inprimatu ditu; beste batzuetan, berriz, oreinaren ilajea imitatzen duten zamarra baten argazkiak antzeman daitezke xafletan inprimatuta, eta, izatez, oreinaren eta arroparen analogiaren erabilera are kizkurtuago ageri da aretoaren sabaitik zintzilik paratutako aparrezko xaflan: horretan, galtzak apur bat jaitsita dituen gorputz baten ipurdi partea ikus daiteke, tanga beltz bat agerian.

Aparrezko xaflen biguntasunaren kontrastean, aretoan zut paratutako metalezko hodi industrial batzuek eransten diote zurruntasuna erakusketari. Are gehiago, xafletako bat hodietako batetik zintzilik jarri du artistak, oker; beste bat zolan utzi du, baina toles-toles eginda, eta hodiak alderik alde dauka zeharkatua. Hodiak garaiak dira, eta, hori hala, pasabide gisako batzuk ere marrazten dituzte salan; bisitariak horien azpitik edo horietan barrena mugitzeko bezain handiak dira.
Gainera, Garaiok Bolborategian osatutako «collagean» —artistak berak hitz hori baliatu zuen aurkezpenean— badira bisitariari beste elementuek baino are eta atentzio handiagoa eman diezaioketen bi pieza. Batetik, salako atetik sartu bezain laster pareko paretan jarria dagoen erretratu bat. Leonardo DiCaprio aktore estatubatuarraren gaztetako argazki bat da, aparrezko xafla hori batean inprimatua hori ere, baina, bereziki, aktoreak eskuetan eta kasik lepoan bihurrituta daukana da harrigarriena irudian: zisne bat du besoetan.
Bestetik, atentzioa ematen dute aretoaren eskuineko hormari pega-pega eginda zolan txukun-txukun jarritako bi zapata beltzek ere. Haiek bere horretan irudikatu lezakete Garaiok erakusketaren bidez aireratu nahi duen gogoeta bat; «barrua eta kanpoa», «etxea eta bestea» zer ote diren argitu nahiari loturikoa. Ordea, zapata horietara hurbilduz gero badago gehiago hautematerik ere. Haietako bakoitzaren barrenean, ezein pertsonak oinazpia jarriko lukeen ehunaren gainean, orein banaren argazkiak daude inprimatuta. Takonerako horiexenak dira.