Mugak urtzeko eta horietan jariatzeko festibala

Atzo amaitu zen Harrikada festibala Izarran. Tekno doinuek gidatuta, esperientzia sentsorial eta bisualak ere bizi ahal izan dituzte bisitariek. 'Drag show'-ak zein bestelako ikuskizunak ere egin dituzte.

Harrikada festibaleko ikuskizunetako baten irudi bat. OLI ARTOLA APEZTEGIA
Harrikada festibaleko ikuskizunetako baten irudi bat. OLI ARTOLA APEZTEGIA
Olatz Artola Apeztegia.
Izarra
2026ko uztailaren 20a
11:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

08:00etan itzali dira bozgorailuak Izarran (Araba). Ander Arze izan da lehen egunari ginga jartzeko arduraduna. Arzek beti ulertu izan du DJaren rola pilotu batena bezala: pertsona bat ehuneko ehun libre izango den lekura eramango duenarena. Hala egin du gaur ere. Ekhi gunekoak itzalita, bestelako bozgorailuak piztu dira furgoneta inguruetan. Programaziorik gabeko festa orduan hasi da.

Guztiontzat da hilaren 18a, larunbata. Erlojuan 11:00ak puntuan. Guztion pertzepzioa desberdina da, ordea. Atzo gaur da oraindik gehienentzat; iragana oraina. Biharamuna dute beste batzuek, eta gorputzaldi berri-berria igerilekuan bainatu direnek. Resakatuz boleibol taldeak jarri ditu guztiak jolasean.

15:00etan piztu dira berriz bozgorailuak. Latxa Mamarratxak akatsari lekua egiteko aldarria egin du, eta beraiekin batera dantzatzera gonbidatu ditu ikusleak Alondrak. Naturaltzat jotzen dena eraikia dela irakasten dute drag show-ek; performance hutsa. Hori egin dute gaur ere House of Basqueers taldekoek. Hautatutako familia izaten dira horrelako kolektiboak, eta beraiek ideia hori izenera ere eraman dute. Eraiki duten etxeko ateak zabaldu dituzte, eta arbolape bat den dantzalekua topaleku bihurtu, non gorputzek hitz egiten duten. Gorputzetik aritu dira ondoren ere, Afro Vi kolektiboak trap, hip-hop, dancehall, afrobeats eta urban doinuekin dantzan jarri baitu Txirin gunea. Eguerdiaz geroztik, oholtzaren mugak urtu egin dira, eta guztiak dira performancearen parte.

Ordu berean, Altak zabaldu du Ekhi gunea deep eta minimal kutsua duten house doinuekin. Laudioko DJak lekukoa pasatu dio Ofensari. DJ saioan bere begirada zabal bezain irekia islatu da. Estilo elektroniko desberdinen uztarketarekin gorputza mugitzeko gonbita egin du, DJ donostiarrarentzat dantza askapenerako baita. Eguzkia gordez joan ahala hasi da jendea igerileku ingurutik hara mugitzen. Bidean, inguruko artista eta sortzaileen azoka dago: eskuz egindako kateak, ezagutza partekatzeko fanzineak, txatalekin egindako adabaki aldarrikatzaileak, zeramikazko dildoak, arropa autoekoitzia…

(ID_17845370673275) (/EZEZAGUNA) 2026ko Harrikada festibaleko irudi bat
Harrikada festibaleko drag show baten irudi bat. OLI ARTOLA APEZTEGIA

Ferla Megia entzuten da, merkatuko bisitariak kantura eta dantzara gonbidatuz. Asturiasko kantu tradizionala hiriarekin elkarrizketan jartzen du Megiak, elektronikak horretarako bide emanda. Ilunabarra goxo heldu da horrela, bidaiaren parte balitz bezala. Eguzkia itzaltzean piztu da teknoa, Panduroren saio sendo, energetiko eta kementsuarekin. Dantza, dantza eta dantza. Izerdi tantak azalean behera marrazten duen arrakala bakoitzean egin du bidea Frances BEk. Ñabarduraz jositako saioan, itzalei eman die argia. Teknoaren abiaduran eta iluntasunean, lasaitasun hipnotikoa besarkatzeko aukera eman du; trantzean sartzekoa. Kabinaren alde banatan Irati Antiak sortutako irudiak daude. Liluratzeko modukoak dira.

Bestelako esperientzia bisual eta sentsoriala eskaini dute Pulper taldekoek. Gorputzaren suspentsioaren bidez, indar plastiko eta emozional handiko irudiak sortu dituzte. Kontrolaren eta abandonuaren, eta minaren eta edertasunaren arteko mugak esploratzen ditu, ikuslea ere norbere mugetan dantzaraziz eta gorputzari beste dimentsio batetik begiratzera gonbidatuz. Oholtzaren alboko Lastho gunean gertatu da hori. Geroago, urrunago dagoen zirkuko karpa alboan sua piztu da. Malabarak egin dituzte dantzalekuan barrena. Dagoeneko nahiko berotua dago giroa.

Dantzalekuko erritmoa markatzen, Amphia; testura askoko saioa osatu du. Bizarre Latex Klinikekoek ere ehundurekin eta ehunekin jolastu dute, bereziki latexarekin. Desira ardatz duen showak ez du inor epel utzi, eta ikus-entzule askok beren desira askatasunez gorpuzteko bidea ireki dute. Dantzalekua askegunea da. Erlojuan 02:00ak. Oraindik Kala Ros, Anne, Alputo eta Disordex DJen saioak gelditzen dira. 09:00ak bitarte, musika ziurtatuta.

Disordex DJ gasteiztarrak itxi du Harrikadako bigarren eguna. «Bpm asko eta argi gutxi». Horrela definitzen du DJa parte den Gaupa Kult kolektiboak bere burua, eta horrela laburtu daiteke saioa ere, nahiz eta, bestelakoa izanagatik, ohikoa baino argi gehiago izan duen: egunsentikoa.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA