«Nik mugaz gaindiko zerbait egin nahi nuen». Jokai konpainiako zuzendari Jabier Leozek aspaldi zuen desioa garbi: Mugarri ikuskizunaren zirriborroaren lehenbiziko trazuak egiten hasterako, bazekien haren koordenatu geografikoek zer lur ezinen zuten bazter utzi. Ordurako zeukan-eta kezka buruan zirika: Hegoaldeko herritar askok ez ote dituzten «muga eta Iparraldea bera» aski hurbil baina orobat «urrun». Mugari eta hari loturiko historiari parez pare eta hurbiletik begiratzeko manera baten bilaketa gisara uler liteke, ondorioz, Jokaik hilabeteetan eginiko lanketa, eta dagoeneko taularatzeko prest daukaten obra da erantzuna aurkitu zutelako froga. Musika eta antzerkia uztartzen ditu Mugarri ikuskizunak, eta hamar kantuz eta beste hainbeste istorioz osatua da. Ostiralean, Durangoko Azokako Ahotsenean aurkeztuko dute lana, 16:50ean hasita.Â
Jokai konpainiak lau urteko ibilbidea du egina. Leozek sortu zuen, 2021ean, Lekunberrin (Nafarroa), Jon Artolarekin batera. Dena dela, martxan jarri zituzten lehenbiziko proiektuak ez dira arte dramatikoekin lotutakoak: Larun izeneko instalazio artistiko eta parte hartzailea izan zuten estreinako lana. Euskal mitologian inspiratutako pieza multzo bat da, eskuz egina, eta, Leozen arabera, hauxe da proiektuaren xedeetako bat, «teknologietatik aparte» eta jolasen bidez euskal kulturari buruzko kondairak haurrei irakastea.Â
Hori horrela, orain antzerki eta musika lan bat ondu izana bere horretan da salto bat konpainiako kideentzat, baina zentzua du, zuzendariak nabarmendu duenez, musika eta antzerki munduari estuki lotuak baitziren lehendik ere. Leoz bera txalapartari buruzko hainbat musika proiektutan ibilitakoa da —Jottakun eta Hutsun taldeetan parte hartu du, besteak beste—, baita txalaparta irakasten aritutakoa ere, eta urteak egin ditu Iruñeko Orfeoian.Â
Bi diziplinaren arteko uztarketa gisara definitu ohi dute Jokaikoek beren proposamena. «Antzerkia batetik, eta sustraiko musika bestetik», zehaztu du Leozek. Segituan garatu du definizioa gehiago, haien musika «sustraikoa» dela esanez zer adierazi nahi duen argitze aldera: «Niretzat, sustraiko musika sentimenduarekin lotutakoa da, erroekin lotua dagoena: izan daiteke Mikel Laboa, izan daitezke La Niña de los Peines eta Camaron flamenkoan, edo izan daiteke Rodrigo Cuevas bera ere; lurrarekin eta, nahi bada, kostunbrismoarekin du ikustekoa. Biziki maite dugu hori».
Mugarri-n, biolina (Julen Lezaun), biolontxeloa (Eñaut Zubizarreta), gitarra (Cecilia Moreno) eta Leozen txalaparta uztartuta interpretatuko dituzte piezak, hiru ahots ariko dira kantuan —Leozena, Lezaunena eta Maitane Urbizurena—, eta Tere Sarriguren izanen da antzezlaneko aktore bakarra —bi rol jokatzen ditu—.
Hamar kolpeko atzera begirakoa
Obraren kontakizunaren oinarria jakina da ikuskizuna hasi aurrean ere: hamar istorio dira guztira, eta hamar kantu. Bata bestearen atzetik, antzezpena eta musika txandaka taularatuko dituzte Jokaikoek, eta, hala, 1936ko gerratik gaur arteko bidaia bat eginen du ikusleak oholtzara begira eta belarriak zorrotz. Kantu gehienak emanaldirako propio sortutakoak dira, eta den-denek dute lotura mugan gertatutakoren batekin edo mugek baldintzatutako errealitateren batekin. Izatez, jatorrizkoa ez den kantu bakarra jaso dute errepertorioan: Fermin Balentziak 1984an sortutako La pastora de Ibardin abestiaren euskarazko bertsioa.Â
«Abesti bat kontrabandistei eskainitakoa da; beste batek luzaroan borda bat izan eta azkenerako hura benta bilakatzeko urratsa egin zutenez hitz egiten du; beste batek, berriz, Kasilda Hernaezen bizitza kontatzea du helburu»
JABIER LEOZÂ Jokai konpainiako kidea
Kantuetan jorratu dituzten gaien hainbat adibide eman ditu Leozek. «Abesti bat mugan kontrabandoan aritzen zirenei eskainitakoa da; beste batek luzaroan borda bat izan eta azkenerako hura benta bilakatzeko urratsa egin zutenez hitz egiten du; beste batek, berriz, Kasilda Hernaezen bizitza kontatzea du helburu; Amets Arzallusen Miñan liburuko protagonista Ibrahima Balderi keinu egin diogu beste batean». Eta badira gehiago ere, ohartarazi duenez: Nafarroako Zaraitzutik eta Erronkaritik eta Aragoiko (Espainia) Echo eta Anso ibarretatik Mauleko espartin lantegietara joateko bidea egiten zuten ainaren istorioan egin du azpimarra. «Horretan, haiei buruz orokorrean hitz egin baino, nahiago izan genuen arreta istorio jakin batean jarri: bidaietako batean, bost emakumek borda batean hartu zuten babes, hotzaren hotzez, eta egun batzuen buruan bertantxe aurkitu zituzten hilik».Â
Ezin da mugari buruzko historia guztia emanaldi bakarrean kabiarazi. «Muga oso zabala da, eta sakona; badakigu hori», ohartarazi du zuzendariak. Leozen esanetan, ordea, lehentasuna eman diote desorekarik ez izateari. «Halako batean, konturatu ginen istorio gehienak Hegoaldeko begiradarekin kontatzen ari ginela», aitortu du. Ziztuan eskatu zuen laguntza, beraz, kontrasterako. Paxkal Irigoienekin izandako elkarrizketak ekarri digu gogora. «Telefono elkarrizketa luze-luze askoren emaitza da hau».Â
Gogoetarako bultzada
Kantuek ere istorioak kontatzen badituzte, zertan txertatu antzezpena obran? Inoiz, galdera hori bera egin zion bere buruari Leozek, baina aurkitu zuen erantzuna. «Arrazoi oso garbi batengatik sartu genuen antzerkia: kontatu nahi ditugun istorioak bereziki interesgarriak iruditzen zaizkigu, eta gerta daiteke entzule gisara ikuskizun batera joan, eta zeure arretaren parterik handiena musikak bereganatzea, doinuak berak, edo, demagun, harrizko txalapartaren soinuak, baina akaso, batzuetan zaila da kantu bat lehenbiziko aldiz entzun eta hark kontatzen duen istorioa guztiz prozesatzea. Eta guk, batez ere, nahi dugu entzuleak irakaspenen bat eramatea etxera, istorioak oihartzun egitea haren buruan».
Sarri nabarmentzen dute Jokaiko kideek zera, «istorioak kontatzea» dutela bokazio. «Eta, kasu honetan, istorioak kontatzea bakarrik ez, mugari eta mugei buruzko gogoetarako deia egitea ere badugu helburu». Ostiralean ahaleginduko dira horretan.Â