Etorkizun urruneko herri txiki bat, bizilagunak erotzen dituen bero sapa eta mundua amaituko den mehatxua. Andoni Agirrezabalaren eleberri berria, Zelaiaren bila, misterioz betetako distopia bat da, ongiaren eta gaizkiaren arteko abentura bat. Lau protagonista ditu eleberriak, eta bakoitzak datorrenari nola aurre egin asmatu beharko du. Erein argitaletxearekin plazaratu du liburua.Â
Agirrezabalaren bigarren eleberria da. Lehena orain lau urte kaleratu zuen: Etxe berdeak (Erein 2023). Misteriozko liburua zen hura ere, eta iraganeko krimen bat zuen abiapuntua. Zelaiaren bila eleberriak ere misterio eta suspense handia dauzka, baina, iraganean beharrean, etorkizunean dago girotuta. «Bere lehen nobelarekin txundituta geratu nintzen, eta bigarrenarekin ere gauza bera gertatu zait», esan du Uxue Razkin Ereineko editoreak.
Eleberri berria Arelus izeneko fikziozko herrian kokatuta dago. Herrian bero izugarria egiten du, eta, ondorioz, zenbait herritar, haien sen onetik atera eta «menpeko» bihurtu dira. «Menpeko herritar» horiek lurpean elkartzen dira, labirinto moduko batean, eta nagusi bat dute, Jaun Goria izenekoa. Jaun Goriak herritar denak lurpeko mundu hartara eraman nahiko ditu, eta, horretarako, festa bat antolatuko du, munduaren amaiera den aitzakiapean. Festa horren bezperan hasten da liburua.Â
«Eleberriak norbanakoak ditugun grina txarretan sakontzen du. Horren baitan eraiki dut kontakizuna»
ANDONI AGIRREZABALA Idazlea
Lau protagonista ditu istorioak: Urubi, eguzkiaren berotik urrun hazi den gaztea; Kedar, Garmendia fabrikako langilea; Gari, munduaren amaieran lagunekin elkartu nahi duen gaztea; eta Goñi, gaztetan egindako zerbaiten gaineko damua duen agurea. Urubi izango da Jaun Goria garaitzera ausartu eta mundua salbatzen saiatuko dena, baina gainerakoek ere rol garrantzitsua izango dute. Halaber, fantasian eta distopian oinarritutako istorio askok bezala, Agirrezabalaren istorioak «kutsu profetikoa» du, idazleak zehaztu duenez. Tartean agertuko dira zenbait manifestu, pertsonaiek mundua salbatzeko erabiliko dituztenak, ala ez.
Damuak eta grina txarrak
Agirrezabalak azaldu du «duela urte dezente» idatzi zuela liburuaren lehen atala. Sarrera horrek «indarra» zuela ikusita, istorioa garatzen hasi zen, baita Arelus herria eta lehen pertsonaiak ere. Ordea, idazketa prozesuaren une batean ez atzera ez aurrera geratu zen, istorioaren «indargunea» osatu ezinik. Puntu horretan zegoela iritsi zitzaion inspirazioa: idatzi bitartean kontzentratzeko entzuten zebilen abestiaren azala. «Azala lorez eta zuhaitzez betetako zelai bat zen, eta haren gainean, laster ekaitzak eztanda egingo zuela iragartzen zuen zeru beltza zegoen», deskribatu du Agirrezabalak. «Benetan eragin» zion azal hartatik dator eleberriaren izenburua eta muina. «Konturatu nintzen ekaitza egonik ere, zelaia beti dagoela hor, bere edertasun guztiarekin».Â
«Liburuan oso presente dago euskal mitologia. Era berean, naturak eta sinbologiak ere pisu handia dute»
UXUE RAZKINÂ Editorea
Kontakizuna sortzeko euskal mitologiako San Miguelgo Teodosio Goñikoaren kondairan oinarritu da idazlea. «Teodosio zaldunak hanka sartze handi bat egiten du eta damutu egiten da. Hala, hankak eta eskuak lotuta, bide bat egiten du, bere iluntasunei aurre egiten dien arte», azaldu du Agirrezabalak. Kondaira hartan oinarritzen da Goñi agurearen pertsonaia, hain justu. «Eleberriak norbanakoak ditugun grina txarretan sakontzen du. Horren baitan eraiki dut kontakizuna», adierazi du Agirrezabalak.Â
Euskal mitologia dela eta, editoreak aurreratu du maiz agertuko direla, besteren artean, lanbroa, ireluak eta euskal mitologiako izakiak. «Eleberrian oso presente dago euskal mitologia. Era berean, naturak eta sinbologiak ere pisu handia dute», esan du Razkinek.Â
Zorroztasuna eta umorea
Estiloari dagokionez, Razkinek nabarmendu du Agirrezabalak «kontrastez beteriko» estiloa duela, eta horri esker, «guztiz sorginduta» geratzen dela eleberria irakurtzen duena: «Alde batetik, oso pasarte lirikoak ditu eta metafora erakargarriak egiten ditu. Baina, beste alde batetik, badira metafora batzuk ikaragarri zehatzak eta bortitzak». Dena den, umoreak ere badu presentziarik nobelan. «Umorerako zaletasun handia daukat. Gainera, pertsonaiak oso herrikoak dira. Hortaz, umoreak presentzia handia dauka», gehitu du idazleak.Â